Diario Vasco

Uxue Alberdi eta Mitxelko Urangarentzat aurreneko Euskadi Sariak

Ezkerretik eskuinera, Fernando Mikelarena, Uxue Alberdi, Mitxelko Uranga eta Mikel Casal.
Ezkerretik eskuinera, Fernando Mikelarena, Uxue Alberdi, Mitxelko Uranga eta Mikel Casal.
  • Haur eta gazte literaturakoa irabazi du Alberdiren 'Besarkada' lanak, eta saiakerakoa Urangaren ‘Tartaroa. Mina, boterea eta egia’ liburuak

Ostegun honetan iragarri dituzte aurreneko Euskadi Sariak, saiakerakoak euskaraz eta gaztelaniaz, eta euskarazko haur eta gazte literaturari eta obra literario baten ikustrazioari emandakoak. 18.000 euroko saria jasoko dute irabazleek eta 4.000 euroko laguntza lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.

Uxue Alberdiri esleitu diote, esan bezala, haur eta gazte literaturako 2016ko Euskadi Saria, Elkar etxeak argitaratutako 'Besarkada' lanagatik. Yolanda Arrieta buru zuen epaimahaiaren ustez, «'Besarkada' lanak azal eta mami biltzen du besarkada batek sortarazten duen zirrara. Kanpoan haize bortitza dabilenean, bi beso hurbil sehaska bihurtzen dira. Haize-hotsa ahaztu egiten da, orduan, bihotz taupadak gertuago aditzen ditugulako eta beldurra uxatzen da, besoen borobil barruan mundutik gordeta sentitzen garelako; jantzita, eta ez biluzik. Kopla bidez agertzen du hori guztia Uxue Alberdik, kontraste-giroa sortuz. Koplen egitura klasikoa harago doa, ordea, alde kontrajarrien arteko jokoa kode poetiko bilakatzen delako. Atmosferak, zentzuak eta zirrarak dira kode poetiko horren hizkuntza-baliabideak eta, honenbestez, pentsatzeko baino 'sentitzeko' liburu baten aurrean gaudela esan dezakegu: «nahi al zenuke toki txiki bat nire besoen artean?»

'Tartaroa. Mina, boterea eta egia' liburua saritu dute, berriz, euskarazko saiakeraren atalean. Mitxelko Uranga (Berango, 1978) filosofian doktorea eta filosofia irakaslearen saiakeran, epaimahaiaren hitzetan, «hainbat funtsezko gizarte-gogoeta plazaratu ditu egungo pentsamentu filosofikoan gako diren eztabaidetan sakontzeko aukera zabaltzen digutenak. Greziako mitologia abiapuntutzat harturik, hizpide ditu globalizazioa, demokrazia, kontsumismoa, biktimismoa, terrorismoa eta horiekin egungo gizartearen beldurrak eta mamuak. Mitxelko Urangak berezko ahotsa du hizketa-gai horietan guztietan, eta gogoetarako ate berri eta iradokitzaileak irekitzen ditu saiakera ulerterraz eta sakon honetan».

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate