Diario Vasco

8.000 ikaslerengana helduko dira euskarazko filmak

'Koko eta dragoi txikia' da pantailaratuko den filmetako bat.
'Koko eta dragoi txikia' da pantailaratuko den filmetako bat.
  • Hirutik 16 urtera bitarteko haur eta gazteei zuzendutako Euskara Zine Aretoetara programa abiatuko da berriz ikasturte honetan

Ikasturte honetan, 8.000 ikasle baino gehiagok gozatuko dute Donostian euskarazko film onenekin. 2016ko urritik 2017ko maiatzera bitartean, Euskara Zine Aretoetara programaren barruan, goizeko emanaldietan eta adin desberdinetako taldeentzat Donostiako Antzoki Zaharrean eskainiko diren filmak honakoak dira: 'Pim eta Pom', 'Freddy Igeldegi', 'Agur Esatea', 'Bram Barrabas', 'Yugo eta Lala', 'Jostunak', 'Oker' eta 'Koko Dragoi Txikia'.

Tinko Euskara Elkarteak kudeatzean duen programa ez da atzo goizeko kontua. Tinkok, hain zuzen, 1993-1994 ikasturtean hasi zuen bere ibilbidea zinea euskaraz eskaintzen ordutegi komertzialetan eta eskola-orduetan. Euskara Zine Aretoetara programaren helburu nagusia, 3 urtetik 16 urte bitarteko eskola umeek, beraien gustuko diren film erakargarri eta arrakastatsuenak euskaraz ikustea da eta gainera behar den lekuan, pantaila handian, zinema komertzialetan. 2015-16 ikasturtean, esate baterako, ekimenak 8.293 ikusle erakarri zituen Donostian, eta 33.234 Gipuzkoa osoan.

Elkarteak 21 urte daramatza herriz herri filmak proiektatzen eta emanaldiak antolatzen, udalerri bakoitzaren beharrezko laguntzarekin. Donostiarekin hasieratik izan du harremana eta laguntza Udalaren partetik, urte askotan zehar Euskara Atalaren bitartez eta aurreko ikasturteetatik zuzenean Donostia Kulturaren babesarekin.

Aukeratzen diren filmak beti dute eduki aldetik baloreak lantzeko aitzakia ematen duten gairen bat. Filma ikusi eta ikastetxera itzultzean ikasmaterialen bidez hainbat gai landuko dituzte, besteak beste: elkartasuna, talde-lana, familia, animaliei maitasuna, bullying-a, ingurugiroari errespetua, etab.

Ez dute, berriz, haurrak aztoratuko dituen irudi bakar bat ere. Filmak atseginak, erakargarriak, dibertigarriak eta kontatzen dituzten istorioak haurren sentimenduak mugituko dituztenak izango dira, goxotasuna eta adeitasuna sortuz.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate