Diario Vasco

«Gatazka armatua gizonezkoen eszenatokia izan da»

Oihana Etxebarrieta eta Zuriñe Rodriguez.
Oihana Etxebarrieta eta Zuriñe Rodriguez. / MICHELENA
  • Borroka armatuan zein kartzeletan emakumeek izan duten bigarren mailako rola aztertuz abiatu da Lisipe saiakera feminista saila

Emakume gerlarien burua zen Lisipe mitologia grekoan, eta haren izena aukeratu dute eus karaz sortutako saiakera eta testu feministak bideratuko dituen bilduma berrirako. Susa argitaletxeak sustatu du ekimena, eta editore lanetan Jule Goikoetxea filosofo eta EHU/UPVko ikerlari eta irakaslea ariko da.

Hasi orduko hamar liburuko sorta hitzartuta daukan bildumak orain arte feminismoaren ikuspegitik gutxi landu den gai bati heldu dio: gatazka armatuari, eta horri estuki lotutako kartzelako esperientziari. Oihana Etxebarrietak eta Zuriñe Rodriguezek bakoitza bere aldetik egiten ari diren lanak une baterako josita moldatu dute saiakera. Oihana Etxebarrietak, bere tesinan, euskal emakume preso politikoen edo bikotekidea preso duten emakumeen harreman afektibo sexualak aztertu zituen. Zuriñe Rodriguez, berriz, ETAn ibilitako hainbat emakumeren esperientziak

Gatazka armatuaren beste konnotazio batzuetan sartu gabe, alor honetan gizonezkoek zein gizarteak emakumeekiko izan duten jarrera eta emakumeek izan duten rola aztertu dute bi ikerlariek, eta ondorio argi batera heldu dira: borroka armatua bera eta horren inguruko dena, «gizarte patriarlakari» dagokion bezala, gizonezkoen irudikoa izan da, eta ez dago bermatzerik bakeak besterik ekarriko duenik.

«Patriarkala, heterosexuala, misoginoa, homofoboa eta arrazista» den «markoa zalantzan jartzera» eta beste ikuspegi batzuen «ausentzia lotsagarria betetzera» etorri den bildumako aurreneko lanean, azken hamarkadetan euskal gizartearen egunerokoa baldintzatu duen biolentzia egoeraren dimentsio desberdinetan «euskal patriarkatuaren» zantzu sendoak antzeman dituzte egileek.

Eredua, gizon heterosexuala

«Borroka armatuan gudariak, borrokalariak, batzuentzat memoria merezi izan dutenak, militante finak, presoak... gizon heterosexualak izan dira beti», emakumeek ez baitute ondo enkajatzen nagusia izan den «imaginario patriarkal eta misogino». «Gorputz disidenteek», hots, gizonezko homosexualek, ere ez.

Egon diren emakumeei, eta egon dira, «protagonismoa ukatu zaie» eta «subalterno izatearekin» konformatu ez badira ere, «errealitate ezkutua» izan dira. Are gehiago, «gatazka armatuan eta kartzelan feminitate eta maskulinitate hegemonikoak» muturrera eramateko saiakera egiten da, eta joera horrek areagotu egiten du emakumearen menpekotasuna. Horrek ekarri du, besteak beste, «emakume militantearen imaginario» jakin bat –«komandoko puta», esaterako–, eta zenbait ETAko kide izandakoren hipersexualizazioa. Adibidea, Idoia López Riaño 'La Tigresa' deituari eraiki zioten irudia.

Patriarkatuaren aurkako borrokaren gutxiespena ere ekarri du ikuspegi horrek, egileen ustez. Goikoetxearen hitzaurrean eta liburuaren kontrazalean irakur daitekeenez, «estatuaren aurka borrokatzen direnak gudariak dira. Aldiz, patriarkatuaren kontra borrokatzen garenok, putak, traidoreak, etsaiak, konbertsoak, burgesak edo espainolak gara, Ez euskal gudariak. Bada, hori bukatu da».

Liburuaren egileek garrantzi handia eman diote ikuspuntu pertsonalari, «traszendentzia politiko handia» duelako eta, batik bat, kartzelako esperientziari, ahotsa protagonistei emanaz eta arreta berezia eskainiz harreman afektibo-sexualei. Oihana Etxebarrietan sinatutako 'Euskal Herriko iruditegiak' atalean, bestalde, errepaso zehatza egiten zaio, Sabino Aranaren garaietatik hasita, 'euskal nazionalismoa' deitzen duen ildo horretan emakumeak izan duen presentzia, rol eta irudiari, tarte zabala eskainiz espetxeko iruditegiari.

Etorkizunera begira

ETAk jardun armatuaren amaiera iragarri zuenetik bost urte igaro diren honetan, iraganari egin dakizkioke kritikak, baina kezkak etorkizunetik datoz, ez baita kontu hutsala «nola eta nortzuk negoziatzen duten bakea eta konponbidea». Izan ere, «gatazka gizonen eszenatokia izan zen, eta arriskua da bakea ere hala izatea». Ustezko normalizazioak, alegia, «indarkeria hegemonikoen» –emakumeen aurkakoak, kasu– normalizazioa ekartzea da arriskuetako bat. «Matxismoak ez du soilik emakumeon euskal gatazkaren bizipena iraganean zeharkatu eta baldintzatu; gaur egun, bakearen lehen mailako mehatxua izaten jarraitzen du» ohartarazi zuten aurkezpenean.

«Eskuetan erabiltzeko, tabernetan eztabaidatzeko» nahi duten 124 orrialdeko liburuaren amaiera dakarren 'Dena bukatu delako ameskeria' azken atalean lantzen dute bereziki gai hori, nahiz eta aurretik ere emana duten datu argigarriren bat: «Gatazkaren konponbiderako antolatu izan diren foro ezberdinetan genero ikuspegia gehigarri bat bezala ikusi izan da kasurik onenetan. 2011ko urriaren 17an Donostian burututako Aieteko Bake Konferentzian 54 gonbidatu zituzten. Euskal Herriko hainbat eragile ordezkatuka zeuden bertan eta mugimendu femininista ez zen gonbidatua izan. 54 gonbidatu haietatik soilik 13 ziren emakumeak, hau da, %24 besterik ez».

«Gatazkan buru izan diren gorputz hegemonikoak -orokorrean gizonak- ez dira lidergotik hain erraz aldenduko 'bake garaian'», ohartarazi dute, adieraziz «huts egite larri-larria» izango litzatekeela feminista eta emakumerik gabeko prosezuak abian jartzean bakegintzaren bidean. Ildo horretan sakontzen du halaber Irantzu Mendia Azkuek idatzitako epilogoak, azpimarratuz «subjektu politiko gisa» indartzeko eta feminismotik 'euskal bakearen' gaineko 'zeresan artikulatua' sortzeko erronketako bat dela «historikoki euskal gatazkaren aurrean posizionamendu kontrajarriak edo ezberdinak mantendu izan dituzte talde eta kolekbibo feministek elkarrizketa eta hausnarketa kolektiborako bideak aurki ditzaten».

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate