Diario Vasco

«Etxepare Institutuak hazi egin beharko luke baliabideetan»

Olaziregi Euskararen Sustapen eta Hedakuntzarako zuzendaria izan da.
Olaziregi Euskararen Sustapen eta Hedakuntzarako zuzendaria izan da. / LUSA
  • Sei urte eman ditu bertan, eta bederatzi katedra jarri ditu abian munduan barrena.Orain, lan hori utzi eta unibertsitatera doa berriz ere

Etxepare Institutuan sei urte eman eta gero, laster utziko du lantegi hori Mari Jose Olaziregik (Donostia, 1963). Euskararen Sustapen eta Hedakuntzarako zuzendaria izan da bertan, eta, besteak beste, hainbat unibertsitatetan katedrak sortzea izan du ardura.

Beraz, Etxepare utzi eta  bazoaz berriz ere Euskal Herriko Unibertsitateko lanera. Nolatan? Iruditzen zaizu etapa bat bukatua zegoela?

Bai, halaxe da, etapa bat bukatu da. Uztailean jakinarazi nion institutuko zuzendaritza kontseiluari kontratua amaitzean, azaroan, banindoala. Sei urte eman ditut Etxepare Euskal Institutuan lanean eta esperientzia izugarria izan da, aparta. Horrelako proiektuetan, hastapenak beti dira gogorrak, zerotik abiatu behar zara gauza askotan, baina ilusioz egiten duzu aurrera. Oso esker oneko naiz eman zaidan aukerarengatik, izan dudan lan talde bikainarengatik, Aizpea Goenagaren babes eta kariñoarengatik. Alabaina, bidaiak 35-40 nazioarteko bidaia urtero, lankide kopuru txikiegia hamar pertsona bakarrik aritu gara finko lanean, aurrekontu eskasak… zama bihurtzen dira urteekin.

Zer egingo duzu orain unibertsitatean? Ba al duzu ikergairen bat esku artean?

Denbora da falta zaidana, proiektuak eta egitasmoak soberan baitauzkat. Memoria historikoarekin lotutako ikergaia dut une honetan gogokoen. Besteak beste, Gogora Institutuarekin landu nahi dugun ikerlerroa jarri nahi dugu martxan, memoria historikoa bigarren hezkuntzako ikasleekin lantzeko proposamen jasotzen duena. Ikerketa eta konpromiso etikoa uztartzea gogoko dut.

Etxepareko egonaldiko balantzea egidazu.

Uf, asko kostako zait arimaz Etxeparetik aldentzea, dedikazio erabatekoa izan baita! Balantze ezin positiboagoa egiten dut, urte oso mugituak izan dira, egitasmoz beteak, eta uste dut egituraketa sendoa lortu dugula. Unibertsitate atalean, irakurletzetan, 21 hitzarmen berri sinatu ditugu, katedretan, berriz, 9 katedra. Azken hauek poz berezia eman didate, berez, nire ekarpena izan baitzen katedra horiek diseinatu eta sortzea. Euskal Ikasketen etorkizunaz hausnarketa egin beharko genuke, arloak mende berri honetan dituen erronka eta beharrez. Eta hausnarketa horrek euskal unibertsitateetatik ez ezik atzerrian euskal ikasketak eskaintzen dituztenetatik etorri beharko du, eta baita, nola ez, unibertsitate politiketan ardura duten euskal instituzioetatik.

William Douglass antropologoari eta Jean Haritschelhar euskaltzain eta filologoari eskainitakoak dira azken katedrak.

-Bai, bata Bordele (Université Bordeaux Montaigne) eta Amherst-en (Univesity of Massachussets). Biak ere, egitasmo sendoak dituzte oinarrian. Esango nuke, eta halaxe frogatu dute gure sareaz egin diren graduondoko ikerketek ikus dezakezu, esaterako, BAT aldizkarian 2015ean Alex Aginagaldek argitara emandako ikerketa, euskal irakurletza eta katedra sare honek euskara ikasleen kopurua nabarmen igotzeaz gain, euskara eta euskal kulturaren ikaskuntza akademikoa prestigiatu egiten duela eta ikusgarri egin. Irakurle bikain-bikainak dauzkagu munduan zehar lanean. Irakurle bat, dakizun bezala, unibertsitateko irakaslea da, kasu honetan euskara eta euskal kultura irakasten dituena. Ez dut izenik esan nahi inor ez ahazteko, baina eskertu egiten diet, asko eskertu ere, euren lana eta jarrera.

Eta literaturaren arloan zer balantze egiten duzu?

Literaturari dagokionez ere, balantze positiboa egiten dut. Frankfurteko azoka ezagunaz gain, Guadalajara, Miami, Goteborg edo Londreseko azoketan egin dugu lan, itzulpenetako diru-laguntza eskaerak nabarmen igo dira, nazioarteko hainbat jaialdi eta foroekin hitzarmen ugari sinatu dugu… gure literaturak hori eta gehiago merezi du. Aurrekontu eskasiak gehiago mugitzera behartu gaitu, malgu izatera, baina fruitu onak ere eman ditu honek. Azken berri ona Iowako 'Writers in Residence' ospetsutik etorri zaigu: euskal idazleak gonbidatuko dituzte bertara hemendik aurrera. 'New Yorker'-ek adierazi bezala, Iowako Unibertsitatean garatzen den programa hori munduko ospetsuenetakoa da, Carver, Oates… idazle unibertsalak lotzen dira programa horrekin.

Nola ikusten duzu Etxepare Euskal Institutuaren etorkizuna?

-Hazi egin beharko luke baliabideetan, eta horrek babes handiagoa eskatzen du. Soziologo ezagun baten terminologia erabiliz, Etxeparek kapital sozial harremanak, sareak…, eta kapital kultural jarduerak, proiektuak, saioak oso inportanteak lortu dituela esango nuke, baina kapital ekonomikoa inbertsioak, diru-laguntzak… urriegia duela oraindik ere. Euskal Kulturaren nazioarteratzeari ematen diozun balio sinboliko eta politikoa, aurrekontuetan, institutuarekin koordinazio ekintzetan, diplomazia kulturala deritzoguna garatzeko beharrezkoa den babes eta indarrean gauzatu behar dira. Alde horretatik baikorra izan nahiko nuke eta Etxepare Euskal Institutua babestuago ikusi hurrengo urteetan.

Zure egintza guztietatik zein duzu kuttunena, estimatuena?

Etxepareko nire lanean gogokoen ditudan bi arloak, literatura eta unibertsitatea batu dira, eta alde horretatik, izugarri gozatu dut. Pribilegiatu bat izan naiz. Miresten ditudan idazle, ilustratzaile, editore, itzultzaile, musikariekin aritu naiz lanean munduan barrena, jaialdi eta liburu azoka esanguratsuenetan. Mexiko, Goteborg, Tokio, Frankfurt, Buenos Aires, New York… kontaezinak dira emozioak eta anekdotak.

Hainbat unibertsitatetako arduradunak limurtzea izango zen zure lanetako bat.

Limurtu baino gehiago konbentzitu egin behar izan ditut, Euskal Ikasketak maila goreneko arloa dela sinestarazi eta ikasketa horiek ere sustatzen hasteko beharraz konbentzitu. Unibertsitateak botere gune ere badira, eta munduko unibertsitate rankingean bigarrena edo lehenengoa kontsideratuta dagoen batera negoziatzera zatozenean euren kodean hitz egin behar duzu, estrategia kurrikularra proposatu behar diezu, kudeaketa profesional eta eraginkorra, ebaluazio serioa eta abar. Horiek dira parametroak, «euretako» bat zarela erakutsi behar diezu, profesionalki egiten duzula lan. Euskal Ikasketekiko jakin-min edo lilurak ez du irauten baldin eta hartutako konpromisoari erantzuten ez badiozu. Finean, euskal ikasketak eskaintzea, euskal artistak kontratatzea, prestigioarekin lotutako erabakia dela frogatu behar duzu atzerrian.

Badaude gauza benetan harrigarriak. Adibidez, lehengo astean jakin genuen badela Japonian itzultzaile bat 'Mussche' euskaratik itzuli duena japonierara. Hemen saria eman diozue, baina uste dut Japonian ere oso itzultzaile saritua dela

Nami Kaneko da itzultzaile hori, eta bere euskara eta literatura mailak apartak dira. Besteak beste, 'Obabakoak' euskaraz irakurri ahal izateko ikasi zuen euskara, eta hori gutxi balitz doktorego tesia ere egiten ari da, elebitasunak eta itzulpengintzak Atxagaren sorkuntza lanean duen eraginari buruz. Ongi dakit bere berri, Imafuku doktorearekin batera neu bainaiz bere tesi zuzendaria. Itzultzaileekin lan handia egin dugu eta lan hori errekonozitua izan da atzerrian. Esaterako, urriaren 22an joango naiz Frankfurteko Azokan EULITek deitu duen bilerara, European Network for Literary Translation delakora. Sare horretako kide izango da Etxepare Euskal Institutua, Europan literatur itzulpena sustatu eta laguntzen duten erakunde publiko nahiz pribatu entzutetsuekin batera: FILI, Goethe Institut, British Council, Llull, LAF… Egindako lanarekiko errekonozimendu gisara hartzen dut sare horretako kide izateko gonbidapena.

Orain Estatu Batuetan zaude. Zer egiteko?

New Yorken itxi nahi izan dut Etxeparen hasitako zikloa, hementxe hasi bainintzen lehenengo hitzarmenak lotzen, 2011ko urtarrilean, zero azpitik 18 gradu zeuden egun batean, New York City Universityko Graduate Centerren. Bidaia berean lotu nituen NY eta Chicagoko irakurletza eta katedrak. Etxepareko lanak amaitu ondoren ikerketa bat egitera etorriz naiz oraingoan, abertzaletasunaren transmisioaren genero politika aztertzen. Pozik, nire saltsan. Oraindik gogoratzen naiz CUNYko presidentea bisitatu genuen lehenengo aldian Etxeparekooi bota ziguna: «Euskaldunok kataluniarrak bezain efikazak zarete Institut Ramon Llulli buruz ari zen, galiziarrak bezain atseginak Xuntari buruz. Plazer bat da zuekin lan egitea!» Ez dago batere gaizki.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate