Diario Vasco

Gure Artea saria jaso du Jose Antonio Sistiaga artista donostiarrak

Sarituak, Cristina Uriarte sailburuarekin.
Sarituak, Cristina Uriarte sailburuarekin.
  • Mabi Revueltak eta La Taller proiektu kulturalak ere jaso dituzte asteazken iluntzean Gasteizen eman ziren sariak

Ibilbide artistiko oso bat aitortzen duen Gure Artea saria jaso zuen asteazken arratsaldean Gasteizko Artiumen José Antonio Sistiaga margolari donostiarrak. Harekin batera, Mabi Revueltak Sorkuntza lana aitortzeko saria jaso zuen, eta Maite Martínez de Arenazak sustatutako La Taller espazio eta kultur proiektuak ikusizko arteen arloan agenteek egindako lana aitortzeko emandakoa.

Sari banaketa ekitaldian, Cristina Uriarte sailburuak sarituak zoriontzeaz gain, epaimahaiaren lana eskertu zuen. Sari hauek Eusko Jaurlaritzak eman arren, erabaki epaimahai profesional batek erabakitzen dituela azpimarratu zuen Uriartek. «Guk, erakundeok, Jaurlaritzak, ezin dugu erabaki saria nori eman. Ez dagokigu. Ez litzateke egokia izango. Profesionalek, adituek, euskal artearen panorama ondo ezagutzen dutenek hartu behar dute erabakia, saria serioa izan dadin. Behin eta berriz esan izan dugu guk, erakundeok, bideak jarri behar ditugula, bitartekoak eskaini behar ditugula, aukerak zabaldu behar ditugula, baina egin, kultura egin, kultura sortu, zuek egiten duzue, egileok eta eragileok. Gaur, zuen festa da. Eta zuen bidez, guztiona», azaldu zuen sailburuak.

Era berean, Gure Artea sariek euskal artisten lana ezagutarazteko duten garrantzia ere nabarmendu nahi izan zuen Uriartek. Baina bereziki, emakumeen lana ikusarazteko azken urteetan sari hauek izan duten garrantzia, eta arlo horretan Eusko Jaurlaritzak duen konpromisoa ere hizpide izan ditu sailburuak. «Honela, zuen lanaren garrantzia ikustarazten da. Honela, gure panorama artistiko bizian emakumeek duten pisua egiaztatzen da. Urtez urte, Gure Artea sariek gure herriko sorkuntzara egiten duten ekarpena agerian jartzen dute. Ikustarazteko ahalegin horretan, emakumeen lana agerian jartzeko lanean, Eusko Jaurlaritzak politika zehatzak hedatzeko konpromisoa hartu du, sarietatik harago. Eta konpromiso hori hemen berretsi nahi nuke».

Sari banaketa ekitaldian epaimahaiko kideak ere parte hartzaile izan ziren. 2016ko Gure Artea sarien epaimahaiburu Peio Aguirre Azkarate arte kritikaria izan da. Honekin batera, epaimahaiko kide izan dira: Abigail Lazkoz Saez, artista; Elena Aitzkoa Reinosa, artista eta iazko irabazlea; Koldo Almandoz de la Cruz, zinemagile eta kazetaria; eta Lucia Agirre Lopez, Guggenheim Bilbao Museoko curator-a.

Gure Artea sariek 18.000 euroko diru-kopurua dute modalitate bakoitzeko. Sari hauen bidez, egin duten lana aitortu eta arte garaikidean eta euskal kulturan egindako ekarpena onartu nahi zaie irabazleei. Sortzaileak saritzen dira -bai euren ibilbide profesionalagatik, bai azken urte hauetan egin duten sormen jardueragatik- baina baita beste eragile edo erakunde batzuk ere, arte plastikoen edo ikusizko arteen eremuan egin duten jardueragatik.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate