Diario Vasco

Durangoko Azokak hobera egin du azken urteetan

50. edizioa zela eta, irudi berria estreinatu zuen Azokak.
50. edizioa zela eta, irudi berria estreinatu zuen Azokak. / MORQUECHO
  • Hori ondorioztatu du Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuak, Siadecorekin eta Gerediaga elkartearekin elkarlanean, egin duen ikerketak

Ondorio onak baino ez ditu utzi Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuak, Siadeco ikerketa etxearekin eta Gerediaga elkartearekin elkarlanean, Durangoko Azokari buruz egin duen ikerketak. Astearte honetan aurkeztu duten lanaren ondorioak, urtero legez abenduaren hasieran egingo den kultur ekitaldiaren arduradunen aburuz, «esanguratsuak dira Azokarentzat, eta etorkizuneko erronkei begira jarri da: nola iritsi inoiz Azokara gerturatu ez direnengana, nola erakarri euskal hiztunak ez direnak, nola ezagutarazi Azokako gune ezberdinak eta euren egitaraua...».

Erakutsi du, besteak beste, Durangoko Azoka bisitatzen duenak behin baino gehiagotan errepikatzen dutela bisita, eta azken urteetan Azokak hobera egin duela. Horiek dira ikerketaren ondorio nagusietako bat. Aurkezpenean ikerketaren bultzatzaileek parte hartu dute: Xabier Landabidea (Euskal Gaien Institutua, Deustuko Unibertsitatea), Juanjo Allur (Siadeco) eta Aitziber Atorrasagasti (Gerediaga Elkartea), Gerediagako presidente Nerea Mujikarekin batera. Asteazken honetan aurkeztu dena Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuak Durangoko Azokaren inguruan egin duen proiektuaren laugarren atala da: aurretik, 'Europako Kultura eta hizkuntza txikietako Azoka eta Jaialdien Mapa', 'Esperientzien Mapa' eta 'Azokaren Balioen Adierazleen Mapa' gaiak landu ditu.

Leiala, euskalduna eta gaztea

Durangoko Azokako bisitarien erradiografia egin dute ikerketa honetan: zerk erakartzen du? Zer eta zenbat kontsumitzen du? Nola baloratzen du? Datu horiek eskuratzeko, teknika kuantitatiboak erabiliz 915 pertsona elkarrizketatu zituzten iaz, Azokaren 50. urteurrenean.

Bisitarien profilari dagokionez, esan daiteke Azokak jende gazte ugari erakartzen du: herena pasatxo (%34,2) 16-29 urte arteko gazteak dira. Bisitariaren adinaren batazbestekoa 37 urtekoa da (16 urtetik beherakoak kontuan hartu barik) eta gehiengoa (%57) emakumezkoak dira. 10 bisitaritik 9 euskal hiztunak dira, erdiak baino gehiago (%55) euskaldun zaharrak, laurden bat euskaldun berriak eta 10etik 1 jatorrizko elebidunak.

Ikasketak eta lan-egoera ere aztertu dituzte. Oro har, goi mailako ikasketak egindakoak gehiengoa dira, zehazki, %56, 30-45 adin tartean; eta alor publikoan enplegatutakoak ere asko, hiru bisitaritik bat, 30 urtez gorakoen artean.

Azokako bi bisitaritik bat bizkaitarra da eta hirutik bat baino gehiago Gipuzkoatik dator. Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetatik datozenak gutxiago dira: %7 arabarrak, %6 nafarrak eta %2 Ipar Euskal Herrikoak.

Euskal kulturaren eskaintza zabala izatea eta Azokan sortzen den giroa, biak dira Azokako bisitariak erakartzen dituen faktore garrantzitsuak. Bisitariaren iritziz, bikoitza da euskal kulturaren munduan Azokak betetzen duen funtzioa; batetik, funtzio ekonomikoa dago, eta, bestetik, funtzio sozial edo sinbolikoa.

Bisitariak, gainera, leialak dira. 10etik zazpi (%70) ohiko bisitariak dira. «Datu altua da hori; Durangoko Azokak lortu du, beraz, bisitaria fidelizatzea. Bisitari bakoitzak, batazbeste, 13 edizio ezberdinetan hartu du parte. Gainera, jendea gero eta gazteagoa denean joaten da lehen aldiz Azokara», azaldu dute.

Nahiko ondo ezagutzen dute gainera Azoka. Landakoko liburu, disko eta bestelako produktuen standak ia bisitari guztiek ezagutzen dituzte. Erdiek baino gehiagok, ostera, ez dute Azokako hainbat gune ezagutzen. Kabi@, Saguganbara, Irudienea eta Szenatokia dira ezezagunenak.

Ekitaldi eta adin tarteei dagokionez, berriz, Areto Nagusiko hitzaldi eta jardueretan interesatuagoak daude 45 urtetik gorakoak. Gazteek Ahotsenearekiko interesa agertzen dute, eta Saguganbaran 30-45 urte bitarteko gazte-heldu edo guraso gazteek.

65 euroko gastua

Kulturalarekin batera, aldagai ekonomikoa garrantzitsua da Durangoko Azokan, eta gai horren inguruan ere sakondu du ikerketak. Batazbeste 65 euroko gastua egiten du bisitari bakoitzak Azokan: 35 euro inguru liburutan, 19 euro diskotan eta 11 bestelako produktutan.

Uste dute, gainera, bilakera egokia izan duela Durangoko Azokak. 10etik zazpik uste du azken bost urteetan hobera egin duela, %18entzat bere horretan mantendu da, %9k erantzun du ez dakiela eta %3entzat bilakaera negatiboa izan da.

Durangoko Azokarentzat, Deustuko Unibertsitateak egin duen ikerketaren ekarpena oso esanguratsua da. Azokako bisitariaren erretratu fidela egin da, eta, gainera, modu kuantitatibo batean «ikusten ez dena neurtu da». Iaz, Azokak bere 50. urteurrena ospatu zuen, zikloa itxi eta etorkizunera begira jarri zen. Ikerketa honi esker, aurrera begira erabakiak hartzeko informazio osatuagoa izango du orain Azokak.

Datuek aditzera eman dutenez, bisitarien fidelizazioa oso altua da (esanguratsua da, batazbeste, 13 ediziotan parte hartu izana), bisitari gazteen kopurua ere oso altua da (horrek transmisioan duen garrantziarekin), Azokaren bilakaerari ere balorazio positiboa ematen diote...

Ikerketaren emaitza baikorrek, beraz, Azokaren 51. edizioa prestatzeko 'pilak kargatu' dituzte, baina badira oraindik Azokak aurrez aurre dituen erronkak: nola iritsi inoiz Azokara gerturatu ez direnengana? Nola erakarri euskal hiztunak ez direnak? Nola ezagutarazi Azokako gune ezberdinak eta euren egitaraua?

Horiek dira, besteak beste, hurrengo edizioetan aurre egin beharreko erronketako batzuk. «Azokak gaur egun duen indarra eta proiekzioa ez litzateke posible izango ia 51 urteko ibilbidean garaian garaiko egoera eta erronka berrietara egokitzeko ahalegina izan ez balu. Eta orain ere, hurrengo 50 urteetako lehenengo edizio honetan, horretan jarraitu behar dugu», agindu dute.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate