Diario Vasco

«Inork ez zidan esan ezetz»

Denis Itxaso eta Juan Azkarate Donostiako Untzi museoan.
Denis Itxaso eta Juan Azkarate Donostiako Untzi museoan. / MICHELENA
  • 14 urte zituela Euzkadiko Gudaontzidian erroldatu zen Juan Azkarate bermeotarra omendu du Foru Aldundiak Donostian

1936an ume bat zen Juan Azkarate bermeotarra, 14 urteko mutikoa. Hamar zituela galdu zuen ama, itota. Aita, berriz, «trintxerak egiten zebilen». Bera Euzkadiko Gudaontzidi sortu berrian erroldatu zen, eta 'Araba' boura bidali zuten. Bigarren zerbitzari eta metrailadore-laguntzaile lanetan jarri zuten itsasmutila edo, Bermeon esaten duten bezala, txo, izateko adin egokiagoa zeukan gudari gazte-gaztea. «Inork ez zidan esan ezetz», erantzuten du horren mutiko gaztea gerrara zelan joan zen galdetzen zaionean. Errepublikaren eta Jaurlaritzaren aldeko lan eskerga egin ondoren 1937an Gudaontzidia desegin zenean, Azkaratek eta beste askok, amore eman beharrean, borrokan jarraitu zuten. 62 lagunek ez zuten aukera hori izan, Euzkadiko Gudontzidiko ontzietan hil baitziren.

Azkarate, beste asko bezala, Errepublikaren azken eremuetako bat izan zen Kataluniara joan zen, armadatik abiaziora igaroz. Oso gogoan du Granollers bonbardatu zutenekoa -«Gernikan jazotakoaren antzekoa izan zen», dio-, eta ez ditu erraz ahaztuko gerra galdu eta Frantziara ihes egin ondoren nola eduki zituzten Argelès-sur-Mer-eko kontzentrazio-eremuan. Errepublikaren aldeko 100.000 pertsona pasatu ziren eremu hartatik 1939an Gerra Zibila amaitu zen arte. Gudaontzidian eta Euzko Gudarostean elkarren ondoan borrokatzeko gai izan ziren ideologia desberdinetako iheslarien arteko liskar eta borrokak ere oso gogoan ditu, eta nola frantsesek zalditeria bidali zuten, eta tropa kolonialetako senegaldarrak, giroa baretzera-edo. Gerra amaitutakoan Bilbora itzuli eta egonaldi laburra egin zuen ehunka hildako eta oroitzapen garratz asko utzi zituen Larrinagako kartzelan. Luze gabe, libre eta «nota barik», artean 20 urte bete gabe zituen gazteak geroztik garatu duen bizitzari ekin ahal izan zion.

Juan Azkaratek gerrako oroitzapenak partekatu ditu bertaratuekin.

Juan Azkaratek gerrako oroitzapenak partekatu ditu bertaratuekin. / MICHELENA

Horiek guztiak astearte goiz honetan kontatu ditu Donostiako Untzi museoan, Gipuzkoako Foru Aldundiak eskaini dion omenaldi xumean. Euzkadiko Gudontzidiaren 80. urteurrena gogoratu eta itsas armada horretan zerbitzatu zutenak omentzeko asmoz, Untzi Museoak Matxitxako Elkartearekin batera programatu dituen oroitzapenezko ekintzen zati izan da hain zuzen omenaldia.

Azken lekukoa

1936an Jose Antonio Agirre buru zuen Jaurlaritzak sortu zuen Euzkadiko Gudaontzidira biltzeko hautua 920 lagunek egin zuten, 917 gizonezkok eta hiru emakumek. Eta den-denak desagertuak dira, Juan Azkarate izan ezik. Bera da, alegia, historiaren pasarte gogoangarri haren zuzeneko lekuko bakarra. Azken lekukoa.

Sekulako balentriak egiteko gai izan ziren bou haiek -historikoa da une hartan konpontzen zeukaten 'Araba' bouaren parte-hartzerik izan ez zuen Matxitxakoko borroka- Errepublikaren bandera eta ikurriña zeramatzaten, noren eta zeren zerbitzuan zeuden argi adierazteko. Ikurriñaren eta Errepublikaren banderaren aurrean jaso Juan Azkaraten, gorputza tente eta burua argi, Denis Itxaso Kultura diputatuak luzatu dion oroigarria, ikurriña bat. Sendo eutsi dio eskuan zilar koloreko erretiluari, bertaratuekin orain dela 80 urteko kontuak partekatzen zituen bitartean. «Emozionatuta» eskertu ditu oparitxoa eta keinua, uste zuelako, besteak beste, «gerra ahaztuta zegoela». Malkoren bat ere eragin du bertan zeudenen artean.

Soco Romano Untzi Museoko zuzendariak eta Matxitxako Elkarteko Jaime del Ríok ere hartu dute parte omenaldian. Hirugarren solairuko areto batean egin da, Euzkadiko Gudaontzidirari buruzko erakusketa txiki bat hartzen duen tokian alegia, Romanok gogoratu duen bezala Untzi museoak lotura estua baitu Gudaontzidiaren historiarekin.

Romanok eta del Ríok Gudaontzidiaren historia eta azken urteetan hura berreskuratzeko egin diren ahaleginak ekarri dituzte gogora, eta Denis Itxasok azpimarratu du arrantzalez eta arrantzontziz osatutako armada haren historia «balioen historiaren» zati dela. Matxitxako Elkartea, Untzi Museoak 1998an antolatutako aldi baterako erakusketaz geroztik sortua, Euzkadiko Gudontzidiko aspaldiko kideek eta haien senitartekoek osatzen dute, eta Untzi Museoan du bere egoitza.

«Juan Azkarate eta Euzkadiko Gudontzidia gure oroimen historikoaren parte dira, eta hori balioen historia bat da. Askatasuna defendatzearen historia da; gure erakundeak –euskal erakundeak– eta justizia defendatzearen historia; hain zuzen ere, legezkotasunaren aurka altxatu, eta, indarrez nagusitzeko, gerra bat egin zuten haiengandik defendatzearen historia» esan du Kulturako diputatuak.

«Hori da historia, Juanen historia eta askatasunaren alde borrokatu ziren gizon-emakumeen historia, nahiz eta jakin ez zutela bitartekorik, baina alde zituztela arrazoia eta justizia: balioen historia bat. Juan, bere 94 urteekin, balio horien defentsa hunkigarri horren parte da. Balio horietan sinesten jarraitzen dugu askok, eta balio horiek jarraitu behar dute izaten gure erreferentzia aurrerapenerako eta elkarbizitzarako: askatasuna, justizia eta solidaritatea», adierazi du Itxasok.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate