Diario Vasco

Fanzineen Gerra berpiztuko da Donostian

Manuel Vaqlencia.
Manuel Vaqlencia.
  • Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 27. Asteak paperaren aldeko apustua berretsiko du lehiaketaren bertsio berritu bat antolatuz

Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 27. Asteak zinemaldiaren historian zehar beti presentzia izan duten fanzineen aldeko apustua egingo du berriro. Ubik, (Tabakalerako) Sorkuntza Liburutegiko Autoedizio Txokoarekin eta FNACekin elkarlanean, hain zuzen, bere Fanzineen Gerra mitikoa berpiztu du, papera aldarrikatzeko helburuarekin. Astearekin lotutako lehiaketa honetan argitaratuko diren fanzineak ikusleek erabakiko duten saria eskuratzen saiatuko dira, urriaren 29tik azaroaren 4ra.

Fanzineen Gerraren bertsio berritu honetan izena emateko epea urriaren 17ra arte egongo da zabalik. Gehienez antolakuntzak aukeratuko dituen10 taldek hartuko dute parte.

Gutxienez bi kidez osatutako taldeek eman ahal izango dute izena Gerran. Izen-emateak urriaren 17ra arte (hau barne) egingo dira guerrafanzines@gmail.com helbide elektronikoan. Esan bezala, gehienez 10 talde onartuko dira. Talde bakoitzari, gehienez, banakako bi akreditazio doan emango zaizkio Asteko emanaldi guztietan sartzeko. Horren ordainetan, fanzinea egiteko konpromisoa onartuko dute. Parte-hartzaileak Astearen antolatzaileek aukeratuko dituzte.

Talde bakoitzak izen bat aukeratu beharko du eta fanzinea paperezko 8 orrialdetan egin beharko du zuri-beltzean. Orria A-5 neurrikoa izango da. Fanzineen edukiak fantasiazko eta beldurrezko zinemaren munduarekin, kultura herrikoiarekin, friki-nostalgiarekin eta abar lotuta egon beharko du, osorik edo zati batean. 2 orrialdek, gutxienez, 2016ko Beldurrezko Astearen programazioarekin lotuta egon beharko dute. Edukiaren zati bat aldez aurretik prestatu ahal izango da.

Fanzineak partaide bakoitzaren baliabide propioekin (idazkera, maketazioa…) egin beharko dira, baina Ubik Autoedizioaren Txokoak bakoitzaren esku jarritako baliabideak ere erabili ahal izango dituzte. Jendearen artean banatuko diren kopien kostua Beldurrezko Asteak ordainduko du.

Fanzineek Beldurrezko Astearen, Tabakaleraren eta FNACen logotipoak eduki beharko dituzte. Logotipo horiek antolakuntzak emango ditu.

Fanzine bakoitza antolakuntzari entregatu beharko zaio, parte hartuko duen talde bakoitzari esleitutako egunaren eta orduaren aurretik, artxibo digitalean (pdf, mozte-markekin eta 3 mm-ko koskatzearekin) eta erreproduzitzeko beharrezkoa den gutxieneko kalitatearekin.

Asteko publikoak baloratu ahal izateko, antolakuntzak fanzine bakoitzetik behar diren kopia guztiak egingo ditu.

Antolakuntzak adierazten dion egunean, talde bakoitzak gehienez 10 minutu izango ditu, Antzoki Zaharreko publikoaren aurrean, bere fanzinea aurkezteko eta botoa eskatzeko kanpaina egiteko. Sariei dagokienez, talde irabazleak FNACen erosteko hiru txartel lortuko ditu. Txartel bakoitzak 50 euroko balioa izango du. Emaitza azaroaren 4ko amaiera-ekitaldian emango da ezagutzera. Gainera, parte hartuko duten fanzineak Zinemaldiaren webgunean jarriko dira.

Parte hartzera animatzeko asmoz, Ubik-ek eta Asteak masterclass bat antolatu dute Espainiako fanzine beteranoenetako batekin. '2000maniacos'-eko Manuel Valenciak eskainiko du klasea urriaren 20an, 18:00etatik 19:30era, Ubik, (Tabakalerako) Sorkuntza Liburutegiko Autoedizio Txokoan. Saioan edizioaren inguruko aholku eta pistak emango ditu Valenciak.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate