Diario Vasco

«Harrotasun-momentua da transhumantzia»

Nader Koochaki, Donostian.
Nader Koochaki, Donostian. / LUSA
  • 'Soineko paisaia' lana ipini du entzungai Nadar Koochakik Ezkioko Igartubeiti museoan. Artalde handien zintzarri-hotsak entzun daitezke bertan

Nader Koochaki Etxeberria (Donostia 1983) Soziologian lizentziatua da, baina arte aldera jo izan du unibertsitateko urteak ezkeroztik. Aita Irangoa du eta ama euskalduna. Azkenaldian Beasaingo Astigarretan bizi da. Orain Igartubeitu Museoan ‘Soineko paisaia' izeneko lana ipini du entzungai.

'Soineko paisaia', ehun burutik gorako Gipuzkoako artaldeen zintzarri-hotsen soinu artxibo bat da, 2008an abiatu eta, orain arte, 100 soinu grabaketa inguru bildu dituena. Grabaketa bakoitza, landa-laneko ohar-koaderno baten gisan, fitxa banarekin osatzen da. Fitxa horietan, artzaina eta artaldea identifikatzen dira eta grabazio-lekua ere adierazten.

Argitu 'Soineko paisaia' izenburu hori.

Hitz-jolasa da. Soin eta soinu hitzekin jolastu dut. Zintzarria soinari lotua doa eta soinu egiten du.

Igartubeitin zer entzun dezake bisitariak?

Ehun burutik gorako artalde batzuen zintzarri-hotsak. Grabazioak egiteko garaian, nahi izan nuen artaldeen neurria mugatu eta Gipuzkoatik atera gabe jardun, bestela gehiegi izango zen eta. Diputazioan lortu nuen artaldeei buruzko datuak eta halaxe hasi nintzen lanean, 2009an.

Zertarako da zintzarria? Zergatik erabiltzen du artzainak?

Distantziatik lan egiteko. Urrutitik entzunda, artzainak badaki ardiak lasai dauden edo ez, abarotan dauden, nahastu diren beste batzuekin, zeren bizilagunaren artaldeak beste soinu bat dauka.

Nola egin zenuen lana?

Aralar, Aizkorri eta Altzania aldean, udan zehar.

Batzuetan ez zen erraza izango ardietara arrimatzea.

Bazkan ari badira eta sumatzen bazaituzte, begira gelditzen dira eta zintzarriak ez du jotzen. Horrelakoetan, eseri egiten nintzen eta itxaron ardiak berriz ere mugitzen hasi arte. Orografiak asko esan nahi du. Zu malda batean bazaude eta parean beste malda bat badago, hori oso egoera ona da grabazioa egiteko.

Zintzarri mota ezberdinak egongo dira, ala? Asko aldatuko ziren hotsak garai batetik gaur egun arte...

Gaur egun herri-lurrak gutxiago dira eta artaldeak handiagoak. Orain badaude artaldeen kudeaketarako beste tresna batzuk, eta artzainak diru gutxiago gastatzen du zintzarrietan.

Artaldeak transhumantzia egiten duenean dunba ipintzen diete ardi batzuei, hau da, zintzarri handia. Uste dut artzainarentzat prestigio-marka izaten dela dunba, ezta?

Bai. Transhumantzia apenas egiten den, baina egiten denean prestigio-momentua izaten da, harrotasun-momentua. Konpara daiteke zer dakit nik skater batekin. Skaterra bere patinarekin doa eta momentu horretan, hotsaren bidez, estatusa edo prestigioa ari da irabazten.

Une magikoak ere izango zenituen.

Momentu onenak egunsentia eta iluntzea dira. Zeren eguerdi aldera, bero egiten duenean, ardiak abaroan egoten dira, geldi. Askotan arratsaldez joaten nintzen mendira, iluntzean saio bat egin, eta gero lo.

Lo? Non?

Igaratzako aterpean. Gero, goiz jaiki eta beste saio bat egunsentian. Behin, jaiki eta behe-laino handia zegoen. Sentitu nuen artzain bat eta berarengana joan nintzen. Esan nion zertan ari nintzen eta elkarrekin joan ginen bere artaldearen bila. Tontor batera igo, zintzarri-hotsa entzuten zen, baina ez zen ezer ikusten. Esan zidan: «Hori bizilagunaren artaldea da». Eta segituan: «Ez, hor nire ardiak daude baita ere. Nahastuta daude». Lainoa altxa zen eta bi artaldeak bereizten hasi ziren eta bakoitzak bere larre-bidea hartu.

Ardia gutxietsi egiten dugu. Animalia tontotzat daukagu.

Baina bere inteligentzia dauka. Mendian ez dago hesirik, baina beti esparru baten barruan ibiltzen da artaldea.

Nolatan hasi zinen lan honetan?

Ez da arreikusitako lan bat. Unibertsitateko karreran nengoela, artzain-txakurren txapelketei begira hasi nintzen. Joan nintzen horrelako txapelketa bat ikustera eta bideo-lana egin nuen. Gero, karrerako azken urteetan gizarte-zientzietako teoria batzuk irakurri eta ikusi nuen artzaintzaren gaia oso ondo zetorkidala gogoeta batzuk egiteko. Zergatik? Artaldea delako forma bat aldakorra, baina beti antzera jarraitzen duena. Beti da artalde. Etengabeko mugimenduan dago, hasiera eta bukaera zehatzik ez dauka. Merkurioaren antza dauka. Badakizu, termometroa puskatzen duzu eta merkurioari erreparatzen badiozu, hori ere aldakorra da, baina batzeko joera dauka.

Eta zer gehiago ikusten zenuen artzain-txakurren lehiaketa haietan?

Gauza asko. Artzainak artaldeak gobernatzeko modu batzuk garatu ditu, eta txakurra da gobernurako bitartekorik nabarmenena. Azken batean, pentsamendu mendebaldarraren oinarrizko eskema da: subjektuak (gizakia) kanpoan duen duen errealitatea (natura) kulturatik gobernatzen edo kudeatzen du; eta hori egiten du teknikaren bitartez. Eta, kasu honetan, txakurra da teknika hori. Artzain-txakurren lehiaketa horietan, ikuskizun den aldetik, joko-zelai bat dago eta oso araututa daude lekuak, aktoreak eta mugimenduak. Gainera, Oñatiko Santa Lutzi zelaian zubi bat dago, eta txakurra da hura zeharkatzen duen bakarra. Pasatzen da beste aldera eta hantxe dauka artaldea.

Zuk lehenbiziko aldi hartan Oñatiko Santa Lutziko zelaian ikusi zenuen lehiaketa?

Bai, hantxe.

Eta hangoa ikusita zer-nolako lana egin zenuen?

Karrera amaitu ostean Artelekura joaten hasi nintzen. Argazki-laborategia erabiltzen nuen, plazerarengatik. Beste artista batzuen laguntzaile gisa ere hasi nintzen. Beka eskatu nuen Foru Aldundian. Beldur pixka bat ere ematen zidan, ni Soziologia ikasitakoa bainintzen. Baina eman zidaten, eta horrela hasi nintzen ikerketan. Ez nuen nahi, inola ere, gauza akademiko bat izatea. Beste lengoaia bat eraiki nahi nuen. Hasteko, behaketa-lana egin nuen, hainbat artzainekin egonda. Bideoa eta argazki-kamera erabili nituen. ETBko erretransmisio zaharrak ere ikusi nituen. Ikerketa-lanaz gain, interbentzio bat ere egin nuen.

Nolakoa?

Oñatiko 50. lehiaketa ospatzen zen urtean izan zen. Bestea egiten zen bezperan, nik halako kopia bat egin nuen. 'XXXXX' deitu genuen. Ondorio batzuk atera nituen. Bat, ikuskizuna erregistratzeko gero eta azpiegitura gehiago erabiltzen zela, eta ikusleak, berriz, gero eta gutxiago zirela. Hasierako argazkietan ikus daitekeenez, ikuskizun masiboa zen, eta hasiera hartan argazkilari bat eta listo izaten zen. Gaur egun, berriz, mikrofonoak ipini dituzte soinetan eta baita joko-zelaian ere, ezkutatuta. Beste aldaketa batzuk: angelusa kendu zutela eta publizitatea etengabe hazten joan zela. Bezperako nire interbentzio horretan bederatzi kamera ipini genituen, baita txakurraren buruan ere; eta hamasei mikrofono. Beste urte batzuetan txapeldun izandako artzainak lehiatu ziren bezpera hartan. Antolatzaileek oso serio hartu zuten kopia hura. Gero datu asko interpretatu nituen, adibidez artzainak zenbat agindu ematen dituen eta txakurrak zenbat metro egin dituen. Dena software batean erregistratu eta, halaxe, datu eta grafiko batzuk atera ziren. Nik, hasiera batean, Anoetako futbol-zelaian antolatu nahi izan nuen horrelako lehiaketa bat.

Orain zertan ari zara?

Londreseko Delfina Foundationera joango naiz laster. Artistentzako erresidentzia bat da. Argazki-erakusketa egingo dut Teherango mugikortasunari buruzkoa. Pertsonen mugitzeko moduei buruzkoa izango da, eta hango urbanismoaz ere bai.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate