Diario Vasco

Haurrentzako opera didaktikoa, lehen aldiz Gipuzkoan

vídeo

‘Opera Txiki’ izeneko 'Don Pasquale' funtzio berezia astearte honetan aurkeztu da.

  • Helduentzat egingo den 'Don Pasquale' produkzio bera soilik haurrentzat antzeztuko du Opus Liricak Victoria Eugenia antzokian urriaren 8an

'Opera Txiki' izeneko 'Don Pasquale' funtzio berezi eta berritzailea estreinatuko du Opus Lirica opera konpainiak lehen aldiz Gipuzkoan. Donostiako Victoria Eugenia antzokian izango da soilik haur eta gazteentzat zuzenduriko ikuskizun hau.

Antzokian datorren asteko bi egunetan, urriaren 6an eta 9an, antzeztuko duten ikuskizun berdina izango da, baina aurkezle-moderatzaile bat eta zenbait hezitzaile ere izango dira bertan, gaztetxoei jarraibideak emate aldera. Gurasoek ezingo dute antzokian sartu eta sarrerak hamar euro kostako du. Opus Liricak presidente Chomin Martinen hitzetan, «helduei aurkeztuko zaien opera berdina egiten den lehen aldia da Gipuzkoan; soilik zortzi eta 17 urte bitarteko haur eta gazteentzat izango da. Victoria Eugenia antzokia bete nahi dugu, opera bat bere ezaugarri guztiekin nolakoa den ikusi, ezagutu eta ikas dezaten».

Hala, Alemanian izaten diren ikuskizun arrakastatsuetan oinarrituz, Donostian eta Gipuzkoan «harrobia sortu» nahi du konpainiak. «Haur eta gazteak, hezi eta azaltzen badiezu, opera bat ulertu eta helduek bezala, berdin-berdin gozatzen dute ikuskizunaz. Ideia honek oso ondo eta arrakasta handiz funtzionatzen du Alemanian eta hona ekarri nahi dugu, primerakoa baita gure gazteak formatzeko eta ikuskizunok ulertzeko jendeari kultur tresnak emateko, Europan orain dela urte askotik egiten duten bezala», azaldu du Opus Liricako kide eta sopranoa den Ainhoa Garmendiak.

«Ume eta gazteak euren eskolen, musika eskolen edo kontserbatorioaren bitartez joan daitezke, baita euren kabuz ere. Baldintza bakarra: zortzi urte baino gehiago izatea eta Haur Hezkuntzako hirugarren mailan matrikulatuta egotea. Gurasoen eginkizuna erraza izango da: goizeko 10:30etan antzokiko atarian utzi eta 13:30ean jaso», azpimarratu du Garmendiak.

Temas