Diario Vasco

Amets Arzallusek hartu du burua Xilaba txapelketan

Arzallus, iazko Bertso Egunean.
Arzallus, iazko Bertso Egunean. / JOSÉ MARI LÓPEZ
  • Azaroaren 12an Baionan jokatuko den finalera helduko diren sei bertsolariak erabakiko dituzten finalaurrekoak Donibane Lohizunen abiatu diira

Aurreneko finalaurrea jokatuta, Amets Arzallusek hartu du burua Bertsularien Lagunak elkarteak antolatutako Xilaba txapelketaren bosgarren edizioan. 2008az geroztik bi urtean behin egiten den Ipar Euskal Herriko bertsolarien txapelketak azaroaren 12an izango du azken geltokia Baionan, baina hara iritsi aurretik larunbatean Donibane Lohizunen jokatu zenaz gain beste hiru finalaurreko jokatu beharko dira. Aurretik, gainera, bi kanporaketa egin dira finalaurrekoetan parte hartuko duten 12 bertsolariak aukeratzeko. Kanporaketetatik libre geratu ziren Xilaba 4. Txapelketan aurreneko hiru postuetan sailkatutako Sustrai Colina, Maddalen Arzalluz eta Odei Barroso. Zuzenean bilduko dira finalaurrekoetara: Baigorrikora Barroso eta Colina, Izturitzekora Arzalluz. Beraz, azkenaurreko fase horretan hiru bertsolariok eta kanporaketetan puntuazio onena lortutako bederatziak lehiatuko dira.

Donibane Lohizuneko Ravel aretoan jokatu zen lehen finalaurrekoan Amets Arzallus nagusitu zen argi eta garbi, 400 puntuetatik oso hurbil geratuz, 399.5ekin. Arzallusek, 2013az geroztik Euskal Herriko txapelketa nagusian irabazitako txapela buruan daukan hendaiarrak, Xilaba txapelketaren aurreneko hiru edizioak irabazi zituen, eta 2014koan ez zuen parte hartu.

Arzallusen ondotik sailkatu dira Miren Artetxe (363), Ramuntxo Christy (331.5), Nahia Sasco (327), Egoitz Zelaia (320.5) eta Kerman Diaz (301). Hurrengo hitzordua Muskildin dute Nafarroa Beherea, Lapurdi eta Zuberoako bertsolariek urriaren 1ean. Bigarren saio horretan Aitor Servier, Battitt Crouspeyre, Eneritz Zabaleta, Maddi Sarasua, Ortzi Idoate eta Xumai Murua jardungo dira.

Temas