Diario Vasco
Karlos Linazasoro, atera berri duen liburua eskuan duela.
Karlos Linazasoro, atera berri duen liburua eskuan duela. / LUSA

Karlos Linazasoro (Idazlea): «Umore beltza fikzioan gustatzen zait. Errealitatean ez dut nahi»

  • Orain dela 25 urte plazaratu zituen lehenengo bi liburuak. Hori ospatu nahian, aurten beste bi aterako ditu

Karlos Linazasorok (Tolosa, 1962) 25 urte eman ditu liburuak publikatzen. 1991n plazaratu zituen lehenbiziko biak: 'Udazkeneko karabana erratua' eta 'Eldarnioak'; bata poesia-liburua, bestea ipuin-bilduma. Orain, urteurrena ospatu nahian, 'Trilogia hiperlaburra' atera du, ipuinez osatua, eta laster soneto-bilduma.

-Aste honetan hasten da udazkena. Duela 25 urte plazaratu zenituen lehenengo bi liburuetako haietako batean ere hitz hori ager-tzen zen izenburuan: 'Udazkeneko karabana erratua'. Zuretzat zer da udazkena, sasoi polita?

-Udazkena gustatzen zait gehien. Gustatzen zaizkit San Juan egun horiek ere. Egun horiek oso ederrak dira, oso, baina gero beroa etortzen da eta nik beroa ez dut oso ondo eramaten.

-Gainera, tolosarrok handikiro ospatzen duzue udako solstizioa.

-Bai, kontzertua izaten da Urkizun eta giro magikoa sortzen da. Halako fenomeno teluriko bat izaten da. Eta sua... Esaten duzu: oraindik badaukagu Lurrarekin zerbait, badaukagu loturarik. Sentitzen duzu zerbaiten parte zarela.

-Dena dela, zu ez zara Naturari buruz asko idatzi duzun idazlea.

-Beno... narrazioetan ez hainbeste, baina poesian bai. Nire poesia oso lotua dago Lurrarekin. Adibidez, zuhaitzetan badago zerbait ni betetzen nauena. Naturan dagoen harmonia hori zaila da gizartean aurkitzen.

-Poesia diozularik, zorte handia izango da norberak barruan aldarte poetikoa daukala sumatzea, ezta?

-Gaur egon naiz, kasualitatea, Platonek poeten kontra idatzitako ba-tzuk irakurtzen. Berak esaten du poeta inspirazio baten menpe bizi dela, poeta izatea dohain bat dela, eta berak ez du hori ontzat hartzen. Berarentzat, arrazoia eta ezagutza dira inportanteak. Nik uste dut poetak erotzat hartzen dituela, baina inbidia puntu batez. Egia da, nik uste dut poetak baduela dohain bat, beste gizakiek ez daukatena. Jarri eta idatzi egin dezakezu, baina ez badago une inspiratu bat, ez badago txispa bat, etortzen ez bazaizu esaldi polit hori... Gero, inspirazioaren eta musen kontu hori leienda urbanoa izan daiteke.

-Azken urteotan zer irakurketa poetiko izan dituzu benetan asebete zaituztenak?

-Normalean poesia, aforismoak eta ipuinak irakurtzen ditut. Gauza laburrak, beti esaten dudana. Orain, poesiari dagokionez, etxean ditudan liburuak errepasatzen ari naiz. Nire azken liburuetan Pessoaren oihartzun handiak daude. Behin eta berriz bueltatzen zara zure gustuko idazle horiengana, eta irakurketa beti ezberdin izaten da.

-Hogeita bost urte dira lehenengo bi liburuak atera zenituela. Zer oroitzapen dituzu?

-Gogoratzen naiz 'Eldarnioak' ipuin- liburua ateratzeko garaian Andu Lertxundi zegoela editore Ereinen. Badakit bi edo hiru errepaso eta aldaketa eman behar izan niola liburuari. Anduri esker. Orduan gaztea zara eta esaten duzu: kabroi honek... Amore eman nion eta, hala ere, orain irakurrita, hiru ipuin-edo orain kendu egingo nituzke. Damutzea alferrikakoa da hala ere. Jakina da: mundu honetan egin dituzun gauza gehienak hobetu litezke. Bestalde, lehenengo liburu hartan badaude oinarri batzuk, gero hogeita bost urteotan mantendu direnak. Han ahots bat hasi zen sor-tzen, eta niri literaturan horixe iruditzen zait inportantea: bakoitzak bere ahots propioa lortzea. Hori behintzat esan dezaket: uste dut lortu dudala ahots propio hori.

-Orain hurrengo izan duzun editoreak, Xabier Mendigurenek, esan du urteen poderioz narrazioetako umorea aldatu egin zaizula. Ez omen da hain umore bortitza, garra-tza.

-Samurtu egingo nintzen pixka bat. Edo mengeldu, edo tontotu pixka bat (barreak). Egia esan, orain ere asko gustatzen umore zait betza, izugarri; baina fikzioan gustatzen zait, errealitatean ez dut nahi. Hala ere, irakurlearentzat mingarriak izan daitezkeen gauzak esateko edo idazteko, kontuz ibili behar da. Umorea oso arma arrisku-tsua da. Ironia oso fina baldin bada, eta irakurlea ez bada hain fina eta ez badu harrapatzen esan nahi duzuna, hor arazoak sortu litezke.

-Komunikazioa ez da beti gauza argi eta segurua. Arazoak sortu litezke esaldirik lauenarekin ere.

-Hori da nire liburuetako beste kezka bat, inkomunikazioarena. Ipintzen dituzu bi gizaki aurrez aurre eta askotan ez dute elkar uler-tzen. Hori gertatzen da benetan gure gizartean: ematen du ez dugula elkar ulertzen. Hau gero eta okerrago dago, ikusi besterik ez dago.

-Maila politikoan eta maila humanoan.

-Atzera goaz. Lehengoan esaten zuten telebistan: 60 milioi pertsona daude munduan beren etxeetatik desplazatuak, alderrai, ez etxe, ez familia, ez ezer. Eta zenbat jende hiltzen den gosez... Hemengo gobernua ere... ez dira gauza xumeenetan ere ados jartzen.

-Batzuetan hitzak asmatu egiten dituzu. Umorearen beste emaitza bat al da hori?

-Eta komunikatzeko zailtasun horren isla. Ipuinetan askotan ager-tzen dira igual bi pertsona eta, elkar komunikatzeko gauza ez direnez, bat-batean hitzak asmatzen dituzte.

-Orain atera duzun 'Trilogia hiperlaburra' honetako bigarren partea zaila gertatu omen zaizu.

-Fobiak hartu ditut material literario moduan. Fobien zerrenda luzea da, adituen esanetan. 90 bat fobia hartu eta bakoitzari buruzko testu laburra idatzi nuen, batzuetan ipuin, beste batzuetan elkarrizketa... batzuetan erudizio gehiagoz... Hasi nintzen alderdi psikologikotik aztertzen, medikuntzak dioena kontuan hartuz, eta ikusi nuen jardin arriskutsu batean sartzen ari nintzela. Erabaki nuen fikziora jotzea guztiz.

-Eta badago escriptophobiari buruzko testu labur-labur bat ere.

-Bai, hau esaten dut: «Nire bizi osoa emanen nuke patologia hauxe nozitzeagatik». Jendaurrean edo publikoki idatzi ezinari esan ohi zaio escriptophobia. Horixe nahi nuke, baina atzera begira jartzen naiz eta esaten dut: benetan zer nekea egin dudan guztia!

-Izan ere, etenik gabe idazten duzu, beti ari zara horretan.

-Eta pentsatzen dut: honek guztiak behar du izan arrazoi bat, nik ez dakidana zer den. Ez dakit noiz, baina noizbait aurkitu behar dut arrazoi hori, hainbeste idaztera bultzatzen nauena.

-Ez dakizu zergatik idazten duzun.

-Batzuek esaten dute mundua esplikatzeagatik dela, kaosa ordenatzeko, gehiago maita nazaten, bizitza betetzeko... Nire idazteko arrazoi hori, ez dakit espirituala den -ez da behintzat erlijioso edo mistikoa- baina bai dela zerbait atzeman ezin daitekeena. Hau erokeria bat da.

-Egunero idatziko dituzu oharrak.

-Bai, egunero zerbait, adibidez aforismoak. Aforismo bat edo bi idazten baditut, esaten dut: gaurkoa behintzat konplituta dago. Eta lasaitzen naiz. Aurten sonetoak idazten jardun naiz.

-Bai, eta laster soneto-bilduma plazaratu behar duzu, ezta?

-Bai, orain dela hogeita bost urte bezala, ipuin-liburu bat eta poesiako liburu bat aterako ditut aurten.

-Baina sonetoak idaztea borroka latza izango da, ezta? Itsasoan sartzea bezala, eta hor naufrago batek bezala borrokatu.

-Nire literatura guztia uste dut naufrago-lana izan dela. Oraindik ez dut lortu burua kanpora ateratzea. Baina egunen batean aterako da. Sonetoa lan zaila da, baina adiktiboa. Sonetoa bukatu eta hura irakurtzen duzunean, izugarrizko sorpresa hartzen duzu. Zeren lehenengo lerroa idatzi ostean, ez dakizu nondik nora joango den kontua. Zailena lehenengo endekasilaboa izaten da. Gero igual hitz batekin ataskatuta gelditzen zara eta, horrelakoetan, hitza ahotan hartu eta hor jarduten naiz egunak eta egunak. Sonetoak parte bat du arkitekturatik eta beste bat poesiatik, eta biak behar ditu.

-Noiz egin zenuen lehenbiziko sonetoa?

-Hogei urtekin ere egiten nituen. Oso txarrak. Etxean dauzkat. Nire poema-liburuetan beti dago tarteka bat edo beste. Baina hurrengo liburu hori soneto hutsa izango da. Hirurogei ale izango ditu. Ur Apalategik aterako dut, Utriusque Vasconiae etxeak.

-Liburuzaina zara ogibidez. Amestu al duzu egunen batean literaturatik bizi ahal izatea soilik?

-Askotan pentsatu dut horretaz, baina ez daukat oso argi. Egia esan, nire lan remuneratuak balio dit gero beste lana egin ahal izateko. Meatzaria izango banintz ez nuke hitz bat bera idatziko, oso nekaturik iritsiko nintzatekeelako etxera, baina liburutegiko giroak lagundu egiten dit gero literatura egiteko.