Diario Vasco
Jon Maia, atzo Donostian.
Jon Maia, atzo Donostian. / MIKEL FRAILE

Jon Maia: «Momentu berezia? Auñamendi ondoan ilargia agertu zitzaigunean»

  • Jon Maia, 'Gutik Zura' dokumentalaren zuzendaria, Euskaldunok basoarekin eta egurrarekin izan dugun harremana azaltzen du Maiaren laugarren dokumentalak. Zinemaldiko 'Zinemira' atalean lehiatuko da

Jon Maia Soria (Urretxu, 1972) ezagunagoa da bertsolari moduan, oraingoz. Arlo horretan elitean ari da. Baina gizon polifazetikoa dugu, 'Riomundo' eleberria ere plazaratu zuen, eta ETBn gidoigile jardun ostean dokumentalak egiten hasi zen: 'Bidaia intimoak' (2009), 'Apaizac obeto' (2010) eta 'Gazta zati bat' (2012). Datorren astean bere dokumental berria estreinatuko da: 'Gutik Zura'. Zinemaldian ikusi ahal izango da 23 eta 24an.

-Esana duzu bereziki zaila egin zaizula lan hau. Zergatik?

-Oso gai espezifikoa da. Ezinezkoa da, asko irakurrita ere, denera iristea. Zaila izan da, baina ez alde horretatik bakarrik. Oso teknikoki, oso industrialki tratatu izan den gaia da, gainera. Asmoetako bat zen Zinemaldira ere iristea, eta horrek eskatu dit beste alor batzuk ere jorratzea; istorioak kontatu ditut baita ere.

-Hainbat lagunen esanak ekarri dituzue dokumentalera. Eta hori dena jostea ez da lan erraza izan.

-Bai, izan da bost milako puzle bat osatzea bezala. Gauza batzuk ez dira uste genuen bezala atera, eta beste batzuek sekulako indarra hartu dute gero muntaketa garaian. Muntaketa oso erabakigarria izan ohi da.

-Eman adibideren bat.

-Kontatuko dizut gauza bitxi bat. Alde banatatik grabatuta neuzkan bi gauza, eta gero, muntaketa garaian, ohartu nintzen biak lotuta zeudela. Batetik, basozain batek, Bixente Dorronsorok, kontatzen digu Beharraren ipuina edo kondaira, alegia, ume bat basora doa eta ezin du egurrik ekarri etxera. Orduan aitak esaten dio Beharrak lagunduko diola, eta hots egiteko hari. Handik hilabete batzuetara, elkarrizketa egin nion 91 urte dituen gizon bati, Azpeitian Larrañaga Zerrategia sortu zuen gizonari. Hau hasten zait kontatzen nola iritsi zen zerrategi bat edukitzera eta nola hasi zen: baserri pobre batean jaioa zen, eta ardiak zaintzen zituen bitartean lurrean puskatuta eta utzita zegon egurra jasotzen zuen, gero herrian saltzeko. Konturatu nintzen gizon hori zela kondairaren umea.

-Basoan urtaro guztiak nahi zenituzten harrapatu, eta aditu dudanez horrek lanak eman dizkizue eta larri bili omen zarete.

-Bai, kontuan hartu behar da lau milioi dolarreko pelikulak ere txarrak ateratzen direla asko eta asko. Horrelako aurrekontua daukan dokumentala egiteko ez duzu baliabide askorik izaten. Kasu honetan, gaia basoa eta zura izanik, eguraldiaren menpe ibili gara eta hainbat grabaketa-egun bertan behera utzi behar izan ditugu, eguraldi txarra zela eta. Hala ere, uste dut lortu dugula jasotzea basoaren esentzia eta Euskal Herriaren eta egurraren arteko lotura.

-Ikusia dut trailerra eta, halako batean, Jagoba Errekondok esaten du Euskal Herrrian ez dagoela paisaia basatirik, gizakiaren eskua txoko guztietara iritsi dela, eta ez dugula bukolismoan erori behar. Dokumentala aldendu egiten da bukolismotik, ezta?

-Oso erraza da basoari buruzko dokumental batean bukolismoan erortzea, bai. Telebistan ere, eguraldiaren atalean, maiz ikusten dira irudi zoragarriak, politegiak batzuetan. Oso erraza da horretan errekreatzea, baina nik erabat aldendu nahi izan dut hortik. Uste dut dokumentalean hasieratik agertzen den ideia dela: guk ikusten dugun pasaia, gizakiak eragindakoa da beti, bere beharren arabera; hau ez da ez Amazonas eta ez Indonesia. Gure ingurunean interpretatzen jakiteko klabeak eman ditugu. Ikusten da zein den lehen iraultza: egurrak gizakiari sua egiteko aukera ematen dionean. Eta horrek espeziearen norabidea aldatzen du. Gero egurrak bizitokia eman zigun; etxeak zurez eraiki ditugu orain dela laurogei urtera arte. Eta beroa eta energia ere eman dizkigu zurak. Gure industria ere, dena basotik dator: ontzigintza, siderurgia... burdina egiteko egur-ikatza behar baitzen. Azkenean, dokumentalean esaten da etorkizuna ere basotik eraiki beharko genukeela.

-Bai, uste dut Egoin enpresan egon zinetela, ezta? Enpresa hori zurarekin ari da lanean, arkitekturarako produktu aurreratuak eginez.

-Nik insistitzen nion horko arduradunari kontua ez zela dirudun jendearentzako egurrezko etxe bakan horiek egitea, baizik eta hirietako auzoetan bizi behar dutenentzako egurrezko etxeak. Beraiek mundu osoan ari dira, orain Londresen hamar pisuko etxeak egiten ari dira. Horrek munduaren energia-kontsumoa erdira murriztuko luke. Eta pozgarria da ikustea berriz ere nola pellet-era itzultzen ari garen, alegia, nola kiroldegi bat eta ospitale bat berotzeko egurra darabilgun. Nik dokumentalean zehar ez dut inoiz iritzia ematen, haria bezala egiten dut, hori bai.

-Zuk bilakaera bat sumatuko duzu zeure barruan. Dokumentalak egin ahala asko ikasi duzula zinegintzaz, alegia.

-Poza ematen didana da egiten dudana identifikagarria dela, nirea dela. Konturatu naiz ahots propioa lortu dudala istorio bat kontatzeko orduan. Halaxe, grabatzera zoazenean beste ziurtasun batekin joaten zara. Lehen, erronka izugarria zen dokumental bat egin behar nuela planteatzea bera ere. Oraingoan, berriz, konfiantza neukan neure buruarengana eta halaxe baiezkoa eman nion enkarguari. Orain dela hamar urte eskaini balidate lan hau, beharbada ez nuen hartuko.

-Lehenengo dokumentala Korrikaren inguruko hura izan zenuen, ezta?

-Bai, izan zen lau pertsona hartu eta bakoitzak euskararekin izandako harremana azaltzea. 'Bidaia intimoak' jarri genion izenburu. Hor asko disfrutatu nuen. Pentsatu nuen: kontxo zer polita den irudiekin, hitzekin eta musikarekin istorio bat kontatu ahal izatea!

-Pasatutakoa al zara eskolaren batetik, Andoaindik edo?

-Ez, nire eskola bakarra bertsoen bidezko istorio-kontatze hori izan da. Eta gero nire liburu hura. Azkenean istorio bat kontatzea da. Baina ikus-entzunezkoa beste joko-zelai bat da; dena ez dago hitzez kontatu beharrik, irudi hutsez ere kontatu dezakezu. 'Bidaia intimoak'-en garai hartan gidoilari nenbilen 'Martina' izeneko telesail nahiko esperimental batean. Miren Gaztañaga eta Ander Lipusekin egin genuen ETB 3an. Hor dexente ikasi nuen.

-Esadazu 'Gutik Zura' honetako momentu bereziki hunkigarriren bat.

-Momentu oso berezia izan zen ekainean Larrara joan ginenean, Belagoatik gora. Nahi nuen ilargia grabatu Auñamendi ondoan. Han daude arbola altuenak, pinu beltzak dira eta 1.500 metro inguruko altueran daude. Nahi nuen ilargia grabatu, izan ere dokumentala ilargiarekin hasten da. Lau aldiz aldatu behar izan genuen eguna, eguraldiagatik. Azkenean, udara hasten zen gau hori egokitu zitzaigun, baina ez genion horri erreparatu, azken batean halaxe egokitu zen. Igo ginen eta ilargia ez zen inondik agertzen. Gaueko hamarrak, egun oso luzea eta ilargiaren arrastorik ez. Halako batean, ikusi nuen Auñamendi gaineko laino txiki batzuk argia hartzen ari zirela, nonbaitetik zetorren argia. Halaxe, hasi zen ilargia agertzen, edonondik ager zitekeen, baina Auñamendiren atzetik agertu zen. Ilargi betea. Hasi zen igotzen-igotzen eta han grabatu genuen 'time-lapse' bat. Nik buruan neukan irudi esaktoak egin zuen ilargiak. Pasada bat izan zen.

-Musika Pello Ramirezek egin dizue.

-'Apaizac obeto'-n nahi nuen musika egurra, soka eta haizea izatea. Txalupa horixe baita azken batean: egurra, soka eta haizea. Ez dakit ikusleak konturatu ziren, baina subkontzientean geratuko zen beharbada. Kasu honetan ere, banekien egurrezko musika-tresnak komeni zirela, eta biolontxeloa eta akordeoia erabili ditu Pello Ramirezek. Haren musika gauza asko esaten ditu, oso iradokitzailea da, batzuetan indar gehiegi ere badu. Harrigarria da nola hitz egiten duten bere kantuek, nahiz letra gabekoak diren. Pellorekin konexio bat daukat. Esaten diot zorte txarreko gauza dela ni bezalako bat berarengana joatea, zeren pelikula handietarako musika egiten baitu. Neurri gabeko talentua dauka.

-Esan zure gustuko dokumentalen bat, edota maisutzat daukazun norbait.

-Hiru pertsonarengandik ikasi dut gehien: Erik Zapirain dokumentalgilea, Juantxo Sardon kameralaria eta Mikel Fuentes muntaketa-arduraduna.

-Drona ere erabili duzue oraingoan. Lehenengo aldia da?

-Bideoren batzuetan erabili dut, baina dokumentaletan lehenengo aldia da. Dronak arriskuak ditu, ez da abusatu behar.

-Besterik?

-Niri gustatzen zait gutaz gehiago jakiteko balio duten dokumentalak egitea. Iruditzen zait dokumentaletan gai desberdinak ukitu ditudala, baina azkenean gauza bera egin dudala: ispilu baten aurrean jarri eta euskaldunok zergatik garen garen bezalakoak hausnarketa egin. Hori da motibatzen nauena: gu garena eta izan gaitezkeena jakin.