Diario Vasco
K. Linazasoro.
K. Linazasoro.

Bere 25 idazle-urteak liburu batekin ospatu ditu Linazasorok

  • Ipuin oso laburren hiru bilduma dakartza argitalpen berriak, idazleak ohi bezala ironia, absurdo eta surrealismo ukituekin jokatu duelarik

Hogeita bost urte dira Karlos Linazasorok (Tolosa, 1962) bere lehenbiziko bi liburuak atera zituela. Urteurrena ospatu nahian, 'Trilogia hiperlaburra' plazaratu du, hainbat ipuin labur dakarren liburua. «Esan ohi da adinarekin baretu egiten dela pasioa eta grina, baina nik hasierako pasio eta grinaz jarraitzen dut. Lehengo indarra eta ilusioa mantentzen ditut. Hala ere, 25 urte pasata inpresioa daukat oraindik ez dudala aurkitu bilatzen dudana», adierazi du Linazasorok hedabideen aurreko aurkezpenean. Bestalde, urteurrena borobiltzeko, soneto-bilduma bat atera nahi du Gabonak aldera.

'Udazkeneko karabana erratua' eta 'Eldarnioak' dira 1991ko bi liburu horiek; bata poesia-bilduma, bestea narrazio-liburua. Urteen poderioz, genero laburretan espezializatu da Tolosako idazlea, eta oraingo liburu honetan ere ipuin oso laburrak datoz. Hiru parte daude. Lehenengoan, elkarren artean loturarik ez duten ipuinak. Bigarrengoak 'Fobien liburua' du izenburu, eta monografikoa da, fobiei buruzko lan laburrez osatua baitago. Horretarako, dokumentatu egin da idazlea eta, kazetarien aurrean esan duenez, harrituta gelditu zen hainbeste fobnia-mota zeudela ikustean, eta 90en bat aukeratu zituen, gero literarioki lantzeko. «Parte hau izan da niri bizi guztian idazten gehien kostatu zaidana, hor ibili izan naiz hainbat aldiz hasi eta utzi», adierazi du. Adibidez, 'Escriptophobia' izenburuaren azpian testuxo hau irakur daiteke: «Nire bizi osoa emanen nuke patologia hauxe nozitzeagatik». Jendaurrean edo publikoki idatzi ezinari esan ohi zaio escriptophobia.

Eta liburuko hirugarren ataleko ipuinen ezaugarri komuna da denak toki berean gertatzen direla: halako eritegi surrealista bat.

Linazasororengan ohikoa denez, ironia, umorea, absurdo eta surrealismo-ukituak etengabekoak dira ipuinetan zehar.

Xabier Mendiguren editorearen ustez, «garai batean Karlosek umore beltzagoa zeukan, istorio gogorrago eta krudelagoak idazten zituen, orain samurrago jokatzen du». Linazasoro bat dator: «Bai, adinaren poderioz eta inguruko heriotzen ondorioz, orain pertsonaiak salbatu egiten ditut».

Elkar etxeko editoreak hau gaineratu du: «Karlosek beti laburrera jotzen du. Labur eta zorrotz idazten du. Gizon honek ez du sekula eleberri luzerik idatziko, sekula ez du nobela errealista bat egingo, sekula ez saga bat burutuko». Eta Linazasorok honela erantzun: «Egia da, ez dut sekula nobela luzerik egingo. Borrokoa luzea egin dut nobelaren tiraniaren kontra. Hala ere, borroka galdua da. Jende askok dio nobela hil dela, eta uste dut azken errematea baino ez zaiola falta, baina beste jende bat hor ari da, nobela gero eta potoloagoak irakurtzen, zenbat eta potoloagoak txarragoak. Nik ezagutzen ditudan zale onenek poesia eta ipuinak irakurtzen dituzte. Hor dago literaturaren muina».

TRILOGIA HIPERLABURRA