Diario Vasco

Donostia 2016k kultur kudeaketako lanbide hobekuntzarako ikastaroak

Donosita 2016ko marioneat festibala.
Donosita 2016ko marioneat festibala. / L. MICHELENA
  • Doako lau ikastaro izango dira eta herritar guztiei zuzenduta egongo dira

Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak formakuntza presentzialeko ikastaroen bigarren multzoa jarriko du abian urrian eta azaroan, eta kultur komunikazioa, jabetza intelektuala, kultur proiektuen ekoizpena eta kultur komunikazio aurreratua landuko dira. Doako lau ikastaro izango dira, herritar guztiei zuzenduta (edukiera bete arte), eta izena emateko Donostia 2016ren webguneko formulario bat jaitsi, bete eta bidali beharko da.

Gainera, 2016/17 ikasturtearen hasierarekin bat eginez, Donostia 2016k bigarren diru laguntza deialdi bat irekiko du Asmoz Fundazioak antolatutako bi on line modulutan parte hartu ahal izateko: Kultur ekintzailetza eta Kultur komunikazioa 2.0.

Hori guztia Donostia 2016k duela hilabete batzuk kultur kudeaketaren arloan trebatzeko abian jarri zuen programa zabal baten parte da. Programa honen helburua DSS2016EUren eragin esparruko gizarteko kideak (kolektibo sozaialak, eragileak eta herritarrak) ahalduntzea eta trebatzea da.

Horrela, bada, Donostia 2016k proposatu duen trebatze programa honek zenbait lan lerro ditu: interesa duen orori zuzendutako ikastaro presentzial irekiak, gizarteko kolektibo eta eragile zehatzei zuzendutako formakuntza eta kultur kudeaketaren inguruko on line ikastaroak egin ahal izateko laguntza ekonomikoak.

Ikastaroak

Modu honetan, 'Kultur komunikazioa' ikastaroa urriaren 6an izango da, Casares kultur etxean, euskaraz; 'Jabetza intelektuala II' urriaren 20an 2016 Gunean, euskaraz eta gaztelaniaz; 'Kultur proiektuen ekoizpena' azaroaren 3an, Ernest Lluch kultur etxean,gaztelaniaz; 'Kultur komunikazio aurreratua' azaroaren 24an Carlos Santamaría zentroan (EHU), euskaraz.

Interesatutakoek ikastaro bakoitzeko inskripzio bana egin beharko dute, eta ikastaro bakoitzean izena emateko deialdia ikastaro eguna baino bi aste lehenago zabaldu eta astebete lehenago itxiko da. Ikastaro saio bakoitzean gehienez ere 30 lagunek hartu ahal izango dute parte; hori dela eta, izen emateek kopuru hori gaindituko balute, hurrenez hurren, lehenbizi inskribatu diren 30 pertsonak hartuko dira kontuan. 30 lagun baino gehiagok izena ematen badute, eragileen aniztasuna lehenetsiko da eta, hortaz, kolektibo edo erakunde bakoitzeko toki bakar bat bermatuko da.

Izena emateko webgunean dagoen ikastaro bakoitzaren formularioa bete eta formakuntza@dss2016.eu helbidera bidali beharko da. DSS2016EU lantaldeak jasoko ditu inskripzioak eta pertsona ikastaroan parte hartzeko onartua izan den ala ez dioen jakinarazpen bat bidaliko dio posta elektroniko bidez ikastaroa hasi baino astebete lehenago.

Izena ematen duten pertsonek ikastarora joateko eta parte hartutako saioaren balorazioa egiteko konpromisoa hartuko dute. Aukeratutako pertsonaren batek azken momentuan parte hartzerik izango ez balu jakinarazpen bat bidali beharko du formakuntza@dss2016.eu e-postara.

Diru laguntzak

Bestalde, 2015/16 ikasturte akademikoaren on line formakuntzarako eskainitako lehen diru laguntza sortaren ondoren, Donostia 2016k bigarren deialdia irekitzea erabaki du, oraingoan ere Asmoz Fundazioak kultur kudeaketaren arloan eskaintzen dituen bi on line moduluetan parte hartzen dutenei babes ekonomikoa emateko.

Astearte honetatik aurrera irekita dagoen deialdiak 12 diru laguntza hartzen ditu barne (sei moduluko) eta 30 orduko iraupeneko honako ikastarook egiteko izango dira: 'Kultur ekintzailetza', urriaren 10etik azaroaren 18ra; 'Kultur komunikazioa 2.0 (Aurreratua)', urriaren 17tik azaroaren 25era. Laguntza bakoitzak dagokion moduluaren izen emate matrikularen kostuaren %30a hartuko du barne.

Deialdian parte hartu ahal izateko, eskatzaileek web orrian dagoen inprimakia bete beharko dute eta, ondoren, posta elektronikoz bidali formakuntza@dss2016.eu helbidera, jarraian azaltzen diren epeen barruan: 'Kultur ekintzailetza', urriaren 2ra arte; 'Kultur komunikazioa 2.0 (Aurreratua)', urriaren 9ra arte. Kasu honetan, DSS2016EU lantaldeak egingo du modulu bakoitzeko sei onuradunen hautaketa deialdiaren oinarrietan ezarritako irizpideen arabera.

Temas