Diario Vasco

Begi bakarreko Ama, bururik gabeko Johannes

Juan de Mesaren San Joan, Sevillako Katedralean ikus daitekeen XVII. mendeko tailua.
Juan de Mesaren San Joan, Sevillako Katedralean ikus daitekeen XVII. mendeko tailua.
  • Ezagunak dira Ama Birjina beltzak: Donostiako Korukoa, Zikuñagakoa, Guadalupekoa, Nafarroako Uxuekoa... Euskal Herritik at bada, ere, Ama Birijina begibakarra

Gauza jakina da usadio, tradizio zaharreko erlijio katolikoan, aspaldiko hartan, odoletan, oinazean zeuden santuek, martiriek, birjinek, babes askoz handigoa emango zutela sinesten zuela herriak: begiak plater batean dituen Santa Luziak; etsaiak moztu zion bularra daraman Santa Agedak; Santa Ritak, bekokian Jesukristoren koroaren arantza bat duenak; gurutzean delarik, sahietsetik odola darion Salbatzaileak…

Kontu jakina da hainbat koadro erlijioso ilunetatik ezin dugula begirada ere alderatu. Esaterako, 1664ean José de Ribera ‘Lo Spagnoletto' izengoitiaz ezagutuak pintaturiko 'El martirio de San Bartolomé' arte lanetik. Dakizuen bezala, Bartolomek Marsias fauno mitologikoak nozitu zuen tormentu bera jasan zuen: bizirik zela larrutu zuten borreroek.

Riberaren 'El martirio de San Bartolomé'.

Riberaren 'El martirio de San Bartolomé'. / MUSEU NACIONAL D'ART DE CATALUNYA

Turismo gida guztietan agertzen da parrilla batean erre zuten San Lorenzoren festak ospatu eta gero (ez ahaztu askok sinesten zutela berak gorde zuela, non eta Huescan, Grial Saindua), Bakion, Agurainen bezala, San Juan 'Degollao'-arekin akordatzen direla. Gaztelugatxerako bidean batzuk, sua saltatzen besteak.

'Degollao', zintzurra ebakitakoa. Gogoratzen zarete, ez da? Herodesen aurrean bikain egiten du dantza Salomek. Zoraturik, erregeak nahi duena eskatzeko esaten dio. Dantzariak ezin du ahaztu Bataiatzaileak bere amodioari eta bere sexu jolasei errefus egin diela eta Jesusen etorrera iragarri zuen haren burua exijitzen du. Herodesek badaki Jainkoaren haserrea eroriko dela bere gainean baina borreroari dei egiten dio eta Johannesen burua aurkezten dio bere maitalea den Herodiasen alabari. Zilarrezko erretiluan.

Normalean, oraindik burua duen Bataiatzailea ikusten da eliza eta ermitetan. Beti? Denetan? Euskal Herrian, bai. Hemendik kanpo, ordea… Gaztelako Segoviako herririk txikiena den Perosillok 9 biztanle ditu urtean zehar. 27 udan. Euskaraz egiten da abuztuan bertako askok handik egin zutelako alde eta gurean kokatu. Euskaldunak dituzte seme-alabak. Abuztuaren azken astebukaeran han ospatu zen San Juan Degollaoren eguna. Eliza txiki eta erromanikotik atera zen irudiak, 'Sleepy Hollow' kontakizuneko eta filmeko pertsonaiaren antzera, ez zuen bururik. Beno, bai. Bazuen baina… besapean. Bururik gabeko irudia bi kaleetan barrena prozesioan zebilela Segoviako jota dantzatu zioten euskaldun pare batek.

Harrigarria oso 1760an iada existitzen zen eliza hark barruan duena. Done Johannes lepogabetuaz gain, euskaldun haien aiton-amonek ederki dakite aldare ondoan eta urte askotan Ama Birjina Begibakarra izan zela. Begibakarra, munduan parekorik, igualik, berdinik ez zuena. Badira haurdun diren birjinak. Badira negarrez daudenak. Etsiturik. Gustavo Martin Garzok Mariaren biografia eder, gazi-gozo eta librea idatzi zuen 'Y que se duerma el mar' liburuan. Auskalo zergatik (sekulan ez zuen azaldu baina egia da zertzelada horrek leundu egiten duela pertsonaia) baina bere Birjinak ez zuen eskubiko eskurik.

Badira bai elizetan eskurik ez duten irudiak, baina zaharberritzen dituzte ahalik eta azkarren. Eta jakin badakigu Euskal Herriko Birjina beltzak berriztatuz gero zuriak zirela baieztatzen dugula tristuraz. Perosilloko Begibakarraren kasua ez da hori. Benetakoa zen bere Polifemoren begirada. Begi bat falta zitzaion. Eta kito. Horrexegatik maite zuten hainbeste bertakoek. Hori kontatzen dute, bederen, zaharrenek. Izan ere, 70 hamarkadan, erreforma batzuk egin behar zituztela argudiatuz, Gaztelako Elizaren buru batzuk eraman zuten. Inork ez daki nora. Baina denek dute gogoan Birjina begibakarra. Lapurretaren ondorioz, biztanle gutxi horiek erabaki zuten berariek onartu gabeko apaizik ez zela herrira hurbilduko. Duela aste betebururik gabeko Johannes bidean lagundu zuenak aspaldi erakutsi behar izan zuen plazan eta elizan ohore hori merezia zuela…