Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada
Donostiar bat Zazpi Kaleetan

Donostiar bat Zazpi Kaleetan

Bilboko Aste Nagusian 1978ko festak iragartzeko kartela sortu zuen Juan Carlos Eguillor omendu dute, 1947an Donostian jaio eta 2011n Madrilen hil zen sortzailea

Begoña del Teso

Domingo, 28 de agosto 2016, 12:12

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Amaitzear da Aste Nagusia. Laister besarkatuko du suak Marijaia. Txoznak itxiko dira. Negar egingo luke amak baleki. Negar egingo duzue zuek, Bilboko seme-alabek jakin badakizuelako amaiera pronto dela. Baina eutsi malko horiei instant batez. Eutsi goiari. Goiari bai. Justu hor, zuen malkoen gainean, hor, goian baita azken minutu hauek alegeratuko dizkizuen irudia.

Ez egin negarrik so baizik. Hor, bai. Hor goian. Posta kaleak eta Areatzako pasealekuak bat egiten duten kantoian. Ikusten? Malko horiek lehortzeko esan dizuet! Bestela, ez duzue ikusiko Aste Nagusi honetako azken alegrantza emango dizuen hori.

Ikusten? Ikusten duzue kartela? Ikusten duzue afitxa? Ai ene, ai ama, ai Miss Martiartu, ai Mary Aguirre! Ez al da ba? Bai, bada, bai badira: urteak eta urteak iraun zituen Gerra hura eta luze baino luzeagoa izan zen Gerraondoko hura bukatzear zela sortu zen Aste Nagusi fresko, basa, majo, estraineko hura iragartzeko balio zuten marrazki horiek, 1978koak, hots, hor daude. Fresko, majo, basa, euskal. Kantoian. Kreatura xelebreak. Mundialak, Euskadi Sioux honetan bizi izan direnak. Bizi direnak. Izaki baskoak. Izaki bilbotarrak. Kreaturak. Hor daude Posta kaleak Areatzako Pasealekuarekin bat egiten duen izkinean. Goian. Altuan.

Asteartean jarri zuten hor baldosadun kartela. Kantoian. Goian. 1978ko afitxa. Alkatea arrimatu zen. Jaietako zinegotzia ailegatu zen. Baita beste motako jendilaje fina ere. Fin. Prestu. Majo. Xelebre. Esateko Antonio Nelfa. La Otxoa trans abeslaria. Gudari, ay mi gudari, eres lo más abertzale que me he encontrado fuera de Euskadi kantatzeari ekin zion agintariek kartela estaltzen zuen oihala kendu orduko. Abestiaren izenburua? 'Pasodoble abertzale'. Bai, badu zer ikusi eta zer entzun franko' Arriba cachipurriana'-rekin. Baina ez da doinu bera. Inolaz ere.

Jendilaje arras interesgarria bildu zen kantoian. Esateko, K-Toño komikigilea. Esateko, Pedro Olea zine zuzendaria (Bai, Un hombre llamado Flor de Otoño eta El Maestro de Esgrima filmeen egilea den bilbotar peto-petoa).

Ez egin negarrik. Bai, Aste Nagusiko azken eguna duzue igande hau baina estraineko kartelak hor kantoian jarraitzen duen bitartean festa ez da inoiz hilko. Bihar ere, astelehena, izango dituzue so, begira, dantzan, musikan, kreatura zaindari horiek.

Nork sortuak? Galdetzea ere! Donostian jaio zen bilbotarren artean bilbotarrenak. Bilbotarren artean burlatiena, zorrotzena, dibertigarriena. Serioena. Seriotasun oparo batez jazten zuen bere burua, jazten zituen pertsonaiak, segun eta nolakoa egoera, enbidoa edo hordagoa.

Juan Carlos Eguillorrez ari natzaizue. Jakina. Carmen Eguilloren anaiaz. Borja Cobeagaren osabaz. 1967an tintaz, akuarelaz, collagez (eta marrazkiz, jakina) Aventuras de Mari- España asmatu zituena. Zentsore guztien harridurarako, nola ez? 1967an!

Eguillor omendu zuten asteartean. Bilbon. Zazpi Kaleetan. Ona zen tintaz eta lapitzaz. Ona koloreekin. Ironia puntuan inork gutxik gainditzen zuen. Abangoardiakoa. Donostian jaio zen bilbotarrak leku disglosia/dislexiari buruzko 'Historia de dos ciudades' izena izango zuen kontakizuna irudikatu zuen. Baina ez zuen gauzatu. Pena. Aldiz, 1983an zeluloidezko lan ikaragarria burutu zuen, Bilbao la Muerte.

Eguillorez ari natzaizue. Lapitza fresko, basa, majo, Bilboko uraz blai zen donostiarraz. Ordenagailuak ematen zizkion abantailak errefusatu ez zituenak: «Marrazkilari eskasa nauzue. Makinak eskaintzen dit nik ez dudan trebezia eta konputagailuaren bitartez mundu berri eta ezberdin batean sartzen naiz. Han, ezinezkoak izan zitezkeen irudiak benetakoak bihurtzen dira».

Ez egin negarrik. Kantoian da Eguillor. Kantoian dira bere kreaturak. Kantoian Aste Nagusia. Donostiako kantoi batean (Aldamarrek Echaguerekin bat egiten duen horretan) ikusi genuen guk azkenekoz. 2010ean izan zen. Haizea tabernan. Kantoian.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios