Diario Vasco

Lodosan banatu ziren JUUL sariak

Toti Martinez de Lezearen Nur oso gogoko izaten jarraitzen dute irakurle gazteek.
Toti Martinez de Lezearen Nur oso gogoko izaten jarraitzen dute irakurle gazteek. / NIE
  • Apirilaren 21ean egin ziren 'hauteskunde literarioetan' gogokoen izan dituzten liburuak aukeratu zituzten 53 ikastolatako ikasleek

Euskal Herriko ikastoletako ikasleek gogokoen izan dituzten liburuen egileek, idazleek zein ikustratzaileek, Lodosan jaso zituzten asteazken arratsaldean 2016ko JUUL kanpainako sariak. Nafarroako Ikastolen elkarteak antolatzen dituen hauteskunde literarioek bide luzea dute egina honezkero, aurten 18. ediziora heldu baitira. Parte-hartzea ere zabala izan da, apirilaren 21ean egin ziren hauteskundeetan 26.000 boto inguru eman baitzituzten, adinaren arabera sailkaturik, 53 ikastolatako ikasleek, bide batez ikasi zutelarik zer den eta nola antolatzen den hauteskunde prozesu bat.

Amaieran erantsi den zerrendan agertzen diren saridunetako asko azaldu ziren Lodosako Kultur Etxean egin zen ekitaldira. Hori ere jakina den arren, gogoratu behar da aurtengo Nafarroa Oinez Lodosa eta Vianako ikastolek antolatzen dutenez, jarduera ugari ari direla hartzen azken hilabeteetan bi herri horiek. Besteak beste, Eneko Etxegarai, Peru eta Txomin Magdalena, Pello Añorga, Toti Martínez de Lezea, Castillo Suarez, Gaizka Arostegi, Fernando Morillo, Jasone Osoro, Jon Arretxe, Jon Andueza, Jokin Mitxelena, Eider Eibar edota Leire Salaberriak agertu ziren zegokien saria jasotzera.

Errekonozimenduaz harago, saria ez da nolanahikoa, bozkatuen izan diren idazle eta ilustraileei Ikastolen Elkarteak Mikel Okiñenak berariaz egindako pieza bana -bakoitzak berea, denak desberdinak baitira- ematen baitie.

Sari banaketa ekitaldian hitz egin zuten, NIEk zabaldutako oharraren arabera, Pablo Azkona Lodosako alkateak; Iban Izurza Erentzun Ikastolako lehendakariak, Nafarroa Oinez 2016en izenean; Mikel Asiain NIEko lehendakariak eta, JUUL kanpaina babesten duen Eusko Jaurlaritzaren izenean, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak.

JUUL 2016 irabazleak

H.H. 3-6 urte

‘Koloretako munstroa’ Anna Llenas

‘Puagg!‘ Eneko Etxegarai

‘Tonino’ Miguel Salas

L.H. 6-8 urte

‘Hartz marmartia’ Begoña Ibarrola

‘Txomintxo eta...’ Peru Magdalena

‘Mux munstroa’ Pello Añorga

L.H. 8-10 urte

‘Nur eta altxorraren...’ Toti Martinez de Lezea

‘Fantasiaren erreinuan’ G. Silton

‘Agur, Agur!’ Castillo Suarez

L.H. 10-12

‘Gizajo baten egunkaria’ J. Kinney

‘Karlisten altxorra’ Gaizka Arostegi

‘Amets ameslari...’ F. Morillo

B.H. 12-16 urte

‘Ezekiel’ Jasone Osoro

‘Beti Iparralderantz’ Jon Arretxe

‘San Ferminetan...’ John Andueza

Ilustratzaileak

Juan Luis Landa

Jokin Mitxelena

‘Mikel Valverde

Temas