Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada
LAUBIDE

Goiko larreen erakarmena

Joseba Insausti Aralarren dago jadanik. Mikel Etxezarretak itxoin egingo du Urbiara joateko

Félix Ibargutxi

Domingo, 8 de mayo 2016, 09:33

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Aralarko larreak maia-tzaren lehenean zabaltzen zaizkie ganaduzaleei, baina horrek ez du esan nahi artzain eta unai guztiak orduantxe mugitzen hasten direnik. Lehenengoetakoa Joseba Insausti izaten da. Lehengo asteartean eraman zituen gora ardi antzuak eta atzo joatekoa zen artaldearekin.

Joseba gizon famatu egin da azkenaldian, Alimentos de España sariketan lehen postuan geratu zelako, saria duela egun gutxi jaso duelarik, ministroak berak -Isabel García Tejerinak- emanda. Alkandora zuria eta txaleko beltza jantzita azaldu zen Joseba ekitaldi horretara -Bartzelonako Alimentaria azokan egin zena-. «Argazkia ikusita, lagun batzuek esan zidaten ea baserritar jantzita azaldu nintzen. Ez zen horrela izan. Nahi nuen moderno azaldu, baina artzain ukitu batekin, eta hasi nintzen txaleko bila. Lagun batek aurkitu zuen denda egokia Internet bidez. Iruñean zegoen eta bertara joan nintzen erostera», azaldu dit.

Bart, seguru asko Aralarko bere txabolan egingo zuen lo Insaustik. Ordiziarra da, baina artegia Zaldibian dauka, mendialdean, eta handik ez dago bide luzerik Aralarreraino; bi ordu eta erdian egin ohi du ibilaldia. «Ardiak konturatzen al dira laster joan behar dutela gora?», galdetu diot, eta hauek esan dizkit: «Ardiak oso urduri dabiltza, ez dute jezteko makinan sartu nahi, esne gutxiago ematen dute, aldamenean txoria agertuz gero asaldatu egiten dira... Gora aldera abiatzen garenean, begiratua aldatu egiten zaie, eta zer esanik ez txabolara ailegatutakoan. Eta hori, zintzarriak ez dizkiedala erantsi. Bidearen erdian trailerra ipinita ere, asmatuko lukete pasatzen. Norberari ere aldatu egiten zaizkio arnasa eta bihotzaren taupadak».

Joseba Insaustik baditu lau dunba -zintzarri handiak- eta jantzi egiten dizkie ardi jakin batzuei, aurretik joango direnei. «Aurrekontu handia behar da dunba asko edukitzeko. Normal bat ehun bat euro kostatzen da, eta aspaldiko horiek ez dute preziorik, ez daude salgai. Badira artzain batzuek lehengo ohiturak errespetatzen dutenak, adibidez Inazio Armendariz. Zaldibiakoa da, eta Arroa Goikoan pasatzen du negua. Maiatz hasieran abiatzen da handik, eta lehenengo gaua Zelatunen egiten du. Hark oso kurioso egiten du transhumantzia, dunba ederrak ipinita ardiei. Nire txabola aurretik pasatzen da eta zanpantzarra aditzea bezalakoxea da».

Aralartik Aizkorrira

Aste honetan Mikel Etxezarretari deitu diot, Urbia aldeko Tontor txabolako artzainari. Esan dit maiatz bukaera aldera edo ekainean lehenengo astean eramango duela artaldea goiko larre horietara. «Ez da guk nahi dugunean. Orain erabateko produkzioan daukat artaldea. Aurten, gainera, berandu dator udaberria. Asteburuan zuritu egin du, pentsa, eta gaur izotza egin du».

Garai batean oinez egiten zuten Urbiarainoko bidea. Badira lau bat urte ardiak kamioian sartzen dituela, Araiatik gora dagoen Zumarraundiraino -Petroleras esaten dioten parajeraino- eramateko. Handik gora, ordu pare batean iristen dira txabolaraino.

Bai Etxezarretak bai Insaustik txabola berritua daukate aspalditik eta mendiko gaztaren etiketa ofiziala ipini diezaiokete bertan egindako gaztari.

Jakina denez, Mikel Etxezarreta eta Eli Arrillaga andre-gizonak dokumental bateko protagonistak izan ziren iaz. Fredi Paiari bururatu zitzaion transhumantziari buruzko lan grafikoa egitea, eta Aitor Gisasola kameralariarekin elkartu zen horretarako. Paia ezaguna da bertsolari moduan, baina etnografo-lanak ere egin ohi ditu. Bata nahiz bestea getxoztarrak ditugu. Dokumentalaren titulua, berriz, Akabuko martxea.

Beraz, bi lagunok proposatuta, Etxezarreta eta Arrillaga senar-emazteak Urbiatik abiatu ziren, eta Mikelen gurasoek udazkenean egin ohi zuten bidea egin zuten gutxi gorabehera, Bizkaiko Barrikaraino eramanez artaldea, han negua pasatzeko. Dokumentalerako egindako fikzioa izan zen, filmazioa bukatuta atzera Gipuzkoako Goierrira ekarri baitzuten artaldea, Olaberriko artegira, alegia.

«Lan nekosoa izan zen. Gainera, gaur egun trafiko handia dago errepideetan, eta zati bat edo beste kamioiz egin behar izan genuen», adierazi dit Mikelek. Herrietatik pasatzean, jendea harrituta gelditzen zen, eta miraz. Makina bat lagunek nahi izan zuten artzainokin hizketalditxoa egin.

Mikelen gurasoek benetako transhumantzia egiten zuten udazkenean. Kanpantzar aldetik Elorriora joan ohi ziren ardiekin. Ezaguna da Ricardo Remiro ar-tzainaren kasua ere: gurasoak -Nicolás eta Rosita- Eulaten bizi ziren eta Urbasa aldean eman ohi zuten uda, baina hotzak ailegatzean Lasartera ekartzen zituzten ardiak, eta Ricardo jaio zenean, 1970ean, gurasoak Lasarte ondoko Zubietan zeuden.

Paia eta Gisasolaren dokumentala ekainean hasiko da herrietan erakusten. Seguru asko, Dominika Arrizabalaga zenari buruzko irudi batzuk ere azalduko dira, emakume artzainen gaineko gogoeta batzuk tartekatu nahi dituztelako. Iazko azaroan, ehun urte zituela, hil zen artzain zegamar hau. Oltzan zeukan txabola, Urbiatik gertu, eta gaur egun Partzoneriak gobernatzen du eraikuntza hori, ostatu moduan eskaintzen zaielarik Partzoneriako kide diren herrietako biztanle eta elkarteei. Txandaka izan ohi da, eta maiatzeko lehen hamabostaldian segurarrei dagokie eskubidea.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios