Borrar
Larramendi 'ahaztuari' omenaldia

Larramendi 'ahaztuari' omenaldia

Zalaparta handirik gabe joan da idazle eta abade andoaindarraren heriotzaren 250. urteurrena. Haren arrastoa berreskuratzeko saioa egin du Literatur Emailuak ekimenak

dv

Domingo, 7 de febrero 2016, 12:07

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Manuel Larramendiren (Andoain, 1690-Azpeitia, 1766) heriotzaren 250. urteurrena zalaparta handirik gabe joan dela esan daiteke. Urtarrilaren 29an tokatu zen, eta aparteko oroitzapen ekitaldirik gabe igaro. Manuel Larramendi Kultur Bazkuna saiatu zen egun horretarako zerbait antolatzen, baina bertan behera gelditu ziren azkenean asmoak, baliabide urritasuna medio.

Literatur Emailuak ekimenak, bere aldetik, omenaldi modukoa egin dio, hari buruz idatzitako zenbait pieza berreskuratuz eta galdera interesgarri bat planteatuz: ahaztuta bai baina, gainditua ote daukagu Larramendi?

Bildu dute, esaterako, Domingo Agirrek Larramendi jaio zeneko bigarren ehunkida edo mendeurrena zela-eta Donostiak antolatu zituen Hitz Jostaldietan aurkeztutako lana, «oharkabeko (uste dugu) kritika bihurtzen dena egungo irakurleontzat». Esteka berean aurki daitezke Antonio Arzakek, Miguel Iñarrak, Manuel Antonio Antiak, Felipe Arrese Beitiak eta Pepe Artolak egun hartarako egindako lanak. Azaltzen den Larramendiren irudia, berriz, Jose Lopetegik 1966an eginiko eskulturarena da. 1967az geroztik Andoaingo elizaren ondoan da. Larramendik, hain zuzen, lotura estua izan zuen eliza horrekin.

Ez zegoenez Larramendiren itxura fisikoaren berri ematen zuen grabatu edo erretraturik, Larramendi Bazkunak margolan figuratibo bat eskatu zion Emilio Truchuelo margolariri. Orrialde honetan bertan azaltzen dena da, eta zenbaiti ezaguna egingo zaie aurpegia, Xabier Garagorri unibertsitate irakasle eta Ikastolen Elkarteko aholkulariarena baita. Izan ere, Manuel Garagorri Larramendi zen jaiotza deituraz, baina berak amaren abizena hobetsi zuen, eta harekin heldu zaigu. Baliteke, beraz, orduko eta oraingo Garagorriok leinu berekoak izatea.

Kontzientzia piztaile

Andoaindarra jaiotzaz, Hernanin amaren herrian eman zituen bere lehenengo urteak. Haurra zelarik, aita hil zitzaion, eta amaren aldetiko Miguel Miner jesuitak Jesusen Konpainiak Bilbon zuen etxera eraman zuen. Urte horretan Konpainian sartzea lortu zuen. Gero hainbat urtez aritu zen Teologiako irakasle, Palentzian, Salamancan zein Valladoliden.

Ondoren, 1730 eta 1733. urteen artean, Carlos II.aren alarguna zen Maria de Neuburgo erreginaren aitorle izan zen. Baina, garai horretan, Gortean salaketak izan ziren, eta Larramendi bera ere salatu zuten. Ondorioz, eta bere burua zuritzeko asmoz, Sevillarainoko bidaia egin zuen.

1733an Loiolara joateko baimena lortu zuen, eta han bizi izan zen heriotza heldu zitzaion arte. Jesuitak Espainiatik bidali baino urte bat lehenago hil zen Larramendi. Hil zenean, Valladoliden bizi zen Jesuiten probintzialak agindu zuen haren gela karez eta harriz ixteko, eta ez ateratzeko bertatik inongo paperik. Zergatik? Jesuitek bazekiten Larramendik pisu politiko nabarmena zeukala, eta haren lan argitaragabeak kontrolpean gorde nahi zituzten.

Salamancan Teologia maisua zen bitartean eman zituen inprentara Larramendik bere hasierako lan biak. "De la antigüedad y universalidad del Bascuence en España" (Salamanca, 1728), euskararen apologia garbia da. Ilustrazioaren bultzadaren ondoren Europako hizkuntza nagusiek loraldia bizi izan zuten eta bakoitzak bere Akademia sortu zuten. Fenomeno horren aurrean, Larramendi euskara beste hizkuntzen parean jartzen saiatu zen lan honen bidez.

Hurrengo urtean, 1729an, "El imposible vencido, Arte de la Lengua Bascongada" eman zuen argitara, euskarari buruz argitaratu zen lehen gramatika, XIX. mende osoan itzal handia eduki zuena. Blanca Urgell irakaslearen ustez, Larramendiren lanaren abiapuntua Espainiako Akademiaren "Diccionario de Autoridades" lanaren argitalpena eta bertan euskarari egiten zaizkion txantxak dira.

Hiztegi hirueleduna

Hala ere, Larramendiren lan ezagunena "Diccionario Trilingüe del Castellano, Bascuence y Latín" (Donostia, 1745) dugu. Hitz berri asko asmatu zuen, eta banaka batzuek gaur arte iraun dute, adibidez "eskutitz". Beste irtenbiderik ere ez zuen, Larramendik, gaztelaniazko kontzeptu askok ez baitzuen ordainik euskaraz. Hala ere, hitzaurrean adierazi zuen hiru hitz bakarrik zirela berak asmatuak: "sutumpa" (artilleriako kanoia), "godaria" (txokolatea) eta "surrautsa" (tabako-hautsa). Ez zen egia, noski. Hiztegi hark neologismo asko bazekarren ere, eragin handikoa gertatu zen 1750-1900 epean.

Hizkuntz kontzientzia piztea izan zuen helburu Larramendik. Hona hemen Blanca Urgellen iritzia: "Saiatu zen euskaldunak konbentzitzen euskarak bazuela etorkizuna, eta hori garai batean non euskaldunak segituan uzten zuen alde batera euskara, jakintsu, aberats edo boteretsu egiten zen bezain pronto".

Hizkuntzaz aparte, gizarte eta politika azaroez ere arduratu zen. Besteak beste, 1754an "Coreografía o descripción general de la M.N. y M.L. Provincia de Guipúzcoa" idatzi zuen, non Gipuzkoako lurraldea, historia, industria, ohitura eta biztanleria dituen hizketagai; eta "Sobre los Fueros de Guipúzcoa". Aditu batzuek 'protoabertzaletzat' jo dute, "Pirinioez bi aldeetako Errepublikaz" mintzatu baitzen.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios