Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada
'Ozentziyo' atzean zutela egin zuten kontzertuaren aurkezpena.
Itsas kantu zaharrak itsas ertzean

Itsas kantu zaharrak itsas ertzean

Tadusak taldeak bere kantu berriak eskainiko ditu igande arratsaldean Donostiako kaian, ‘Ozentziyo’ ontziaren ondoan

FELIX IBARGUTXI

Domingo, 31 de mayo 2015, 07:40

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Itsas kantu zahar batzuk entzuteko aukera itsasoaren ertzean, Donostiako moilan. Hori da Albaolak igande arratsalde honetarako egin duen proposamena. Kantuan eta musika jotzen Tadusak taldekoak ariko dira, eta bide batez Ozentziyo ikusteko parada ere izango da, Gipuzkoan lan egin duen hegaluzetarako zurezko azkeneko ontzia, hain zuzen ere.

Ozentziyo ontzia erretiratu berria da, eta orain Albaolaren asmoa da hura modu iraunkorrean moilan egotea, «Donostiako ikur berri bat izatea», Albaolako Xabier Agotek adierazi duenez. Asmoa «erakustea eta nabigatzea» da, eta barruan bisitariak hartu ahal izateko egoki-tzapen batzuk egin beharko dituzte. Horretaz Albaola eta Pasaiako Nautika Eskola arduratuko dira.

Tadusak taldeak bere lehen diskoa plazaratu du orain dela hilabete ba-tzuk, Bide luzea Ternuarat, eta horko kantuak entzungo dira igandean 19:30etatik aurrera, Donostiako kaian, Lasta Moila deritzan aldean.

Aspaldiko doinu eta testuak entzun ahal izango dira, denak kresal usainekoak. Itsasoari buruzko abesti zaharren bilduma izan baita diskoa. Tartean badira aspaldiko soinu-tresna batzuk, baina doinuak oso ukitu modernoekin zipriztinduak datoz. Agorila diskoetxearen bidez plazaratu zen emaitza.

Duela hiru urte, Ternua eta Quebec aldera egindako bidaia batean pentsatu zuten horrelako lan bati ekitea. Tadusak, adibidez, San Lorentzo ibaiaren ertzean dagoen herri baten izena da, euskal kutsukoa. Jakina denez, euskal arrantzaleak sarri ailegatu ziren haraino, bakailaoaren bila.

Tadusaken badira bi lagun hainbat taldetan ibilitakoak, azken aldian Xarnege-n: Josean Martin Zarko eta Juan Ezeiza. Batak gitarra akustikoak, bouzouki eta perkusioa jo-tzen ditu; besteak, biolina, mandolina, xirula eta alboka, besteak beste. Beste bi musikari elkartu zaizkie: Andoni Ezeiza, Juanen semea (zarrabetea, baxua, ttun-ttunak...) eta Xabi López (gitarra akustiko eta elektrikoa). Horrelakoetan, ahotsa oinarrizko osagaia izan ohi da, eta horretarako Miren Fernandez Frantsezena aukeratu dute, Euskal Telebistan sarri jardundako kantari zarauztarra.

Dena dela, Donostiako emanaldi honetarako beste lagun bat ere batu zaie, Antxon Sarasua perkusiojole zarauztarra. Dokumentazio-lan handia egin dute, besteak beste Eresbilgo Jon Baguesen eta Jose Luis Ansorenaren laguntza izan dutelarik.

Adibidez, Sain Paul itsasontzia kantuak 1868ko gertaera batzuk kontatzen ditu. Bordeletik abiatu zen ontzi hori Calcuta eta Hong-Kong aldera. Horra ailegatutakoan, 317 langile txinatar ontziratu ziren Australiako meategietara joateko. Hainbat ezbehar pairatu ondoren, langileok uharte harritsu batean abandonatu zituzten. Beranduago, ontzia uharte hartara itzuli zenean, gizon haiek guztiak hilda zeuden. Papuatarrek jan egin omen zituzten.

Izar ederra delakoa, berriz, Aita Donostiak musikologo ospetsuak jasotako maitasun-kantua da. Pasarteetako bat oso ezaguna da: «Bentatik nator, bentara noa, bentan da nere gogoa».

Bide luzea Ternuarat kantuan 1798an bildutako kopla batzuk ageri dira, egile ezagunik ez dutenak. Marinel eta arrantzale haiek jasan behar izaten zituzten arrisku eta istripuak deskribatzen dira bertan. Hona hemen pasarte bat: «Gaineko zubia hautsi / ura tilaperat jautsi / tilapean ura gora / untzia doa hondora».

Tadusakekin batera, beste protagonista Ozentziyo ontzia izango da, hegaluzearen arrantzarako egina duela 25 urte, 1990ean.

Oiartzunen dagoen ermita bati zor dio izena, han ezkondu baitzen patroia. Lekeitoko Mendieta ontziolan egina da, eta Euskal Herrian eraikitako azken ontzi tradizionaletako bat. Hura baino berriagoa, zurezkoa, bat bakarra gelditzen da: Bermeoko Itxarkundia, 1992an egindakoa.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios