160.000 euro euskal kultura-ondarearen esparruan ikerketa bultzatzeko

Ondare industrialaren inguruko lanak ere hartzen ditu bere baitan deialdiak. Argazkian, 'Manufacturas Olaran' izandako lantegia, Beasainen./AVPIOP
Ondare industrialaren inguruko lanak ere hartzen ditu bere baitan deialdiak. Argazkian, 'Manufacturas Olaran' izandako lantegia, Beasainen. / AVPIOP

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bigarren aldiz deitu ditu laguntzak, "ondarearen osotasuna babesten laguntzeko, hura aberastuz eta hedatuz"

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 160.000 euroko kontu-saila bultzatu du 2017an eta 2018an zehar euskal kultura ondarea babesteko esparruan ikerketa-lanak sustatzeko. Gobernu Batzordeak aste honetan onarturiko laguntza honen helburua ikertzaileak baliabideez hornitzea da, esparru horretan proiektuak garatu ditzaten eta, horrela, "ondarearen osotasuna babesten laguntzeko, hura aberastuz eta hedatuz".

Laguntza horiek Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren mendeko Euskal Kultura Ondarearen Zentroak sustatzen ditu, haren funtzioen artean baitago "euskal kultura-ondarea ikertzeko lanak bultzatzea". Horrela, laguntza horiek "kultura-ondare material eta immaterialari lotutako ikertzaileak hornitu nahi dituzte", "ondarearen babesarekin lotutako proiektuak edo babesa bera bermeekin ezartzeko lagungarri direnak" ikertzeko, beti Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan.

Ikerketa proiektu bakoitzak 13.000 euro jaso ahal izango ditu gehienez ere (iaz 16.000 euro jaso zitzaketen gehienez ere); izan ere, diru-laguntza hauen helburuetako bat ahalik eta proiektu gehien eraginkortasunez laguntzea da. Iaz 20 proiektu aurkeztu ziren eta 10 lanek jaso zuten diru-laguntza.

Imanol Agote Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondareko zuzendariak diru-laguntza hauen erabilgarritasuna nabarmendu du: "Iaz sustatu genituen lehenengoz diru-laguntza hauek eta harrera bikaina izan zuten. Hauei esker, era askotako elementuak babesteko irizpideak aztertu ziren: Arabako Errioxako upeltegiak, Gerra Zibileko defentsa egiturak, Arabako erromatarren galtzada edo industriari loturiko ondare higigarria. Elementuen aniztasuna eta hartzen duen ibilbide kronologikoa oso zabalak dira".

Uztailaren 3ko 7/1990 Legeak, Euskal Kultura Ondareari buruzkoak, euskal kultura-ondarearen babesa, aberastea, hedapena eta sustapena bermatzen ditu. 3. artikuluan adierazten du botere publikoek euskal kultura-ondarearen osotasuna zainduko dutela, eta haren babesa, aberastea eta hedapena sustatuko dituztela. Eusko Jaurlaritzak Euskal Kultura Ondareari buruzko lege berria bidali du Legebiltzarrera, talde politiko guztien artean eztabaidatzeko. Legeak, hain zuzen ere, euskal kultura-ondare material zein immateriala babesteko borondate horretan sakondu nahi du.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos