12.000 euro poema bilduma onenarentzat

Iazko irabazlea, Asier Serrano, iazko argazkian. / MIKEL FRAILE

Abenduaren 15era arte bidal daitezke lanak Xabier Lete Nazioarteko Poesia Sarira

Laugarren urtez antolatu du Gipuzkako Foru Aldundiak Xabier Leteren izena daraman nazioarteko poesia saria. Aurreko edizioetan sarituak izan direnak izan ezik, nahi duten idazle guztiek har dezakete parte lehiaketa honetan, lan bat edo gehiago aurkeztuz. Bete behar dituzten baldintzak dira euskarazkoak izatea eta gutxienez 500 lerroko lanak bidaltzea. Originalak eta argitaratu gabeak ere izan behar dute lanek, nahiz eta onartzen diren aldizkarietan, antologietan edo sarean argitaratu diren poema bildumak, baldin eta horien ehuneko hamarra baino gutxiago atera bada argitara. Hortik aurrera, lanak gai, neurri eta errima librekoak izango dira.

Obrak aurkezteko epea 2017ko abenduaren 15ean amaituko da. Aurkezteko moduari dagokionez, bost ale aurkeztu behar dira, “grapatuta edo behar bezala koadernatuta, DIN-A4 formatuan, idazmakinaz edo ordenagailuan idatzita, espazio bikoitzean eta orriaren alde batetik bakarrik”. Ohikoa denez, kartazal itxi bat atxiki beharko da, kanpoko aldean lanaren izenburua eta egilearen ezizena eta barruan horren datuak dituena.

Lanaren bost aleak eta kartazal itxia beste kartazal baten sartuko dira, kanpokaldean honakoa jarri beharko delarik nahitaez: «Xabier Lete Euskarazko Nazioarteko IV. Poesia Sarirako 2017». Koldo Mitxelena Kulturunea, Urdaneta Kalea 9, 20006 Donostia helbidera bidaliko dira, edo Gipuzkoako Foru Aldundiaren erregistro bulego propio nahiz itunduetan aurkeztu ahal izango dira.

12.000 euroko sariaren irabazlea 2018ko martxoan jakinaraziko da publikoki, eta saritutako obra poesian espezializatutako argitaletxe batek argitaratuko du, "edizio zaindu batean".

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos