Zumarte birgaitzeko lanen esleipena egin daiteke gaurko udalbatza plenoan

Zumarte Musika Eskolako eraikin zaharra birgaitu eta handitzeko proiektua aurrera doa./
Zumarte Musika Eskolako eraikin zaharra birgaitu eta handitzeko proiektua aurrera doa.

Urtebeteko iraupena eta 1.981.000 euroko aurrekontua izango du Construcciones Moyua SL-k lanak aurrera eramateko

JOSU ARANBERRI USURBIL.

Udalak Zumarte Musika Eskola birgaitu eta handitzeko obra kontratua Construcciones Moyua, SL-ri esleitu diezaioke gaur arratsaldean. Izan ere, 18:00etan izango den ez ohiko osoko bilkuran Zumarteren inguruko bi gai izango dituzte mahai gainean.

Alde batetik, udala eta Zumarte Musika Eskolaren arteko hitzarmena eta beste aldetik, Zumarte Musika Eskola birgaitu eta handitzeko obra kontratua esleitzeko kontratazio espedientea: Construcciones Moyua, SL-k eginiko eskaintza izendatzea eskaintza bakar eta hortaz eskaintza ekonomiko onena. 1.981.000 euroko aurrekontua izango du eta urtebeteko iraupena.

Udalak martxoaren hasieran abiatu zuen Zumarte Musika Eskola janditzeko lanbak esleitzeko lehiaketa. Zumarte birgaitu eta handitzeko exekuzio-proiektua onartu zuten udalbatza plenoan, eta, beste alde batetik, obra-kontratua esleitzeko kontratazio-espedienteari argi berdea eman zioten. Bi erabakiak aho batez onartu ziren.

Exekuzio-proiektuaren alderdirik azpimarragarrienak nabarmendu zituen Xabier Arregi alkateak orduan. Lehenik eta behin, alkateak nabarmendu zuen egungo eraikina birgaitzea, hots, berregokitzea, hobetsi zela, eraikina bota eta berria egin ordez. Edonola ere, ikuspegi ekologikoa landu da, eta proiektuaren oinarrian dago.

Halaber, exekuzio-proiektua elkarlan-prozesu emankor baten emaitza izan da, haren arabera: udal teknikariak, proiektuaren egileak eta Zumarteren erabiltzaileak eskuz esku aritu dira lanean. «Hasieratik beren beharrak, iritziak, proposamenak hartu dira aintzat. Proiektuaren diseinuan, horrenbestez, denbora asko behar izan da, baina hori inbertsio bat da gerora begira, bermatu egingo baitu erabilera egokia». Halaber, elkarlan-dinamika horretan Orbeldi Dantza taldeak ere parte hartu dutela gogorarazi zuen alkateak, izan ere, Zumarteren eraikin berrituan entseguetarako tokia izango baitute. «Borondate ona egon da denen aldetik proiektua aurrera eramateko. Hasierako helburua bete da, eta guztientzako dago tokia, bai musika-eskolarako, eta bai dantza talderako. Mimo handiz egin da lana». Arregiren esanetan, zehaztasun maila handia du exekuzio-proiektuak eta berme handia da hori, oinarri sendoa baita gerora begira. Hala, proiektuak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren onespena jaso du.

Urtebeteko iraupena

Exekuzio-proiektua onartzeaz gainera, obra-kontratua esleitzeko espedientea ere onartu zen. Xabier Arregi alkateak eman zituen zehaztasunak. Horrenbestez, prozedura irekia abiatu zen, eta pleguetan zehaztu ziren baldintza guztiak eta kaudimen ekonomia duten enpresek zuten prozesuan parte hartzeko aukera. Obren iraupena urtebetekoa izatea zehaztu zen, eta, ondorioz, abuztuan lan egin beharko dute. Halaber, obren kostua, gehienez ere, bi milioi eurotan zehaztu zuten, BEZa barne. Alkateak nabarmendu zuenez, hainbat klausula sozial txertatu dituzte pleguetan, besteak beste, enpleguaren kalitatea bermatu ahal izateko. Hala, kontratu egonkorrak egin beharko dituzte enpresek eta, gutxienez, sektoreko hitzarmen kolektiboa ezarri beharko diete langileei. Azkenean Construcciones Moyua, SL-rena izan da udalak jaso duen eskaintza bakarra.

Geotermiaren eta egurraren lanketa egiteko, lan horiek eremu horretan espezializatutako enpresei azpikontratu beharko zaizkie.

EAJ erabakiaren alde

Bestalde, EAJ-PNVko udal taldeak, Zumarte Musika Eskola birgaitu eta handitzeko obra kontratuaren esleipenaren proposamena gaurko udalbatzan sartzea albiste bikaina dela dio eta 4 zinegotzi jeltzaleen aldeko botoa iragarri dute.

Josune Urkola EAJ-PNVko bozeramaileak lan hauek lehenago hasi behar zutela azpimarratu du. «Duela ia 4 urte udal hauteskundeetara aurkeztu gineneko helburuetako bat zen. Orduan dagoeneko eraikinaren egoera txarra zela eta, berau eraberritzea proposatu genuen segurtasuna bermatze aldera».

Urkolak, udal gobernuaren ge-hiengoak beraiek orduan usurbildarrei proposatutakoarekin bat egin izanaren poztasuna agertzen du eta «gaurko erabakia ahobatez hartutakoa izatea nahi genuke». Bere esanetan, «herriko musikari gazteek beraien gaitasuna garatu ahal izateko beharrezko bitartekoekin hornitutako kalitatezko eraikin moderno bat izateko ezin da denbora gehiago galdu». Bukatzeko, hezkuntza musikala beharrezko bitartekoekin lantzea apustu kultural handia dela azpimarratzen du, «kultura baita hiritar hobe eta askeagoagoak egiten gaituena».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos