Zumaiako Txirrindulari Elkartea, denboraldi berriari ekiteko prest

Zumaiako Txirrindulariak denboraldia prestatzen, Ampoko Aitor Olaziregi zumaiarraren laguntzarekin./
Zumaiako Txirrindulariak denboraldia prestatzen, Ampoko Aitor Olaziregi zumaiarraren laguntzarekin.

DVZUMAIA.

Viveros San Anton-Zumaiako Txirrindulari Elkarteak atzo hasi zuen denboraldi berria. Taldeko bi txirrindularik pistako Bioracer Challengeko lehen jardunaldian hartu zuten parte. Jubenil bat eta lau kadete izango dira aurten taldean eta otsailaren bukaeran hasiko den errepideko denboraldia prestatzeko pistako lehiaketan parte hartuko dute.

Antton Tolosa Urangak jubenil maila estreinatuko du eta gaur bertan izango du lehen lasterketa maila berrian. Kadeteetan pistako challengeko lehen jardunaldian bigarren urtekoek bakarrik parte hartuko dute eta zumaiarren kasuan, Mikel Mancisidor Lazkano da estreinatzeko prest dagoena.

Bigarren jardunaldian lehen urtekoek parte hartuko dute eta lehenengoz Donostiako belodromoan korrituko dute Aitor Agirre Egañak, Roman Zabaleta Lizarraldek eta Kimetz Etxabe Zubiaurrek. Hiru hauentzat lehen harremana da pistako ziklismoarekin.

Beraz, ikasteko urtea izango dute. Hilabete daramate lan fisikoa eginez eta astean behin edo bitan belodromora joanez entrenatzera; «gogotsu hartu dute denboraldi-aurrea, neguko lanarekin ereindako hazia, udaberri-udaran errepidean loratuko delakoan», diote Viveros San Anton-Zumaiako Txirrindulari Elkartetik.

Atzo, Antonio Elorza belodromoan hasi zen pistako Challengean kadeteek scratcha eta puntuaketa lasterketak izan zituzten eta jubenilek berriz tempo eta puntuaketa lasterketak. Parte hartze handia izan zen, estatu espainiarreko hainbat lurraldetatik txirrindulariak etorri baitziren parte hartzera.

Fotos

Vídeos