Zumaiako EAJ-k, EH Bilduk eta Jon Iraolak GED-ren giza katearekin bat egin dute

DV ZUMAIA.

Gure Esku Dagok datorren ekainaren 10erako antolatutako ekimen eta ekintzen harira Zumaiako EAJ-PNVk, EH Bilduk eta atxikitu gabeko Jon Iraola zinegotziak adierazpen instituzionala adostu eta onartu dituzte.

«Euskal herritarrok bidegurutze batean gaude: hegoaldetik datozen haize atzerakoiak ditugu alde batean, eta demokrazian oinarritutako ziklo berri bat bestean. Zein bide hobesten dugun argi adieraziko dugu ekainaren 10eko giza katean», azaldu dute adierazpen instituzionalean. Erronkari heltzeko prest daude. «Erabakira iritsi arte lan egiteko daukagun determinazioa erabatekoa da. Etorkizun hobe batean sinesten dugulako, ziklo berria zabaltzeko mugarria jartzera goaz. Mugarri hori urrunago edo hurbilago jarri, gure esku dago. Herritarron esku», jarraitzen du dokumentuak.

Egungo marko juridiko-politikoak ezartzen dituen oztopoak nahikoa ez eta egungo markoa are eta murritzagoa nahi dutenek gure erakundeak jo puntuan jarri dituztela adierazi dute. Hala, argi dute, epe luzerako elkarbizitza bermatzeko ezinbesteko baldin-tza dela erabakitzeko eskubidea gauzatzea.

Elkarrekin etorkizun demokratiko, justu eta duina eraikitzeko bidean, «inoiz baino argiago dagokigu askatasunaren eta eskubide zibil eta politikoen defentsan elkarri eskua ematea. Hain justu, ekainaren 10eko giza kateak balio behar du adierazteko herri hau ez dagoela prest atzera egiteko bere asmo eta helburuetan, aurrera egiteko determinazioa duela», diote. Halaber, mobilizazioak etorkizuna elkarrekin eraikitzeko borondatea erakutsi behar duela adierazi dute, horrek ahalbidetuko duelako mugak eta oztopoak gainditzea eta urrutira iristea.

Euskal Herritarrok erabaki-tzeko eskubidea gauzatzeko ditugun milaka arrazoiak biltzen dihardu Gure Esku Dagok; horixe baita, finean, Herritarron Ituna. Abiapuntu gisa, 2019 arrazoi biltzeko asmoa du GEDk, 2019. urtea duelako jomugan. Esparru anitzetan, gizarte mailan, erakundeetan, zein nazioartean egiten ari diren urrats guztiek bat eginda, datorren urtean erabakitzeko eskubidea gauzatzeko aukera berriak sortu daitezkeela sinesten du.

Hala, Zumaiako EAJ-PNVk, EH Bilduk eta atxikitu gabeko Jon Iraola zinegotziak bat egiten dute GEDk antolatzen dituen ekimenetan eta herri guztiari deia luzatzen diete ekainak 10ean egingo den giza katean parte hartzeko, bertaratzeko izena emanez, egun hauetan zehar horretarako jarriko diren mahaietara agertuaz.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos