VIII. Jardunaldi Pedagogikoak egin dituzte Oikiako eskolan

40 lagun inguru bildu ziren Oikiako eskolan. / OIKIAKO ESKOLA
40 lagun inguru bildu ziren Oikiako eskolan. / OIKIAKO ESKOLA

Ekainaren 10ean egingo den Gipuzkoako Eskola Txikien Jaiaren baitan antolatu dira

DV ZUMAIA.

Dagoeneko bete-betean ari dira Oikian, ekainaren 10ean egingo den Gipuzkoako Eskola Txikien Jaia antolatzeko lanetan. «Larunbatean ekitaldi berezia izan dugu eta motorrak berotzeko balio izan digu», adierazi dute Eskola Txikien festako batzordetik.

Urtero, festa antolatzen den herrian bertan, Gipuzkoako Eskola Txikietako gurasoentzat Jardunaldi Pedagogikoak antolatzen dira. Aurten, VIII. Jardunaldietan Oikiak egin du anfitrioi lana eta kontu digitalak izan dituzte hizpide. «Internetek eta sare sozialek gure bizimodua nola aldatu duten, haur eta gaztetxoengan zer-nolako eragina duen, gurasoek neurriak nola hartu behar dituzte, helduek duten ezagutza sakondu egin behar dela, etab. Hamaika hari-mutur jarri zituzten mahai gainean ikastaroa ematera etorri ziren Amaia Romerok eta Eneko Tejadak, biak EHUko Bilboko Hezkuntza Falkultateko irakasleak», azaldu dute.

Gipuzkoa osotik etorritako 40 lagun inguru bildu ziren Oikiako eskolan eta interes handia erakusteaz gain, eguneroko adibidez jositako parte-hartzea izan zen etengabe. «Horrelako hitzorduetan ohikoa denez, elkar ezagutzeko eta harremanak sendotzeko baliatu zuten kafe ordua, azken finean, Eskola Txikietako gurasoen sareak horixe baitu helburu nagusietako bat», gaineratu dute.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos