Txiribueltak lokala lortzeko sinadura bilketa abiatu du

0-6 urteko ume eta gurasoentzat espazio egoki bat lortu nahi da

DV ZUMAIA.

Txiribuelta elkarteak 0-6 urte bitarteko ume eta gurasoen-tzat lokala lortzeko sinadura bilketa jarri du martxan. 2015ean luzatu zioten lehen eskaera Udalari, eta ordutik hona, Udalaren partetik «erantzun praktikorik» ez dutela jaso ikusita, sinadurak biltzeari ekin diote «lokalaren atzean ume eta guraso askoren beharra eta nahia dagoela erakusteko», adierazi dute.

Herritarren babesa lortzeko Change.org plataformaz baliatu dira: https://www.change.org/p/zumaiako-udala-zumaian-0-6-urte-bitarteko-haur-eta-gurasoentzako-lokala-behar-dugu. Bestetik, datozen egunotan, hainbat lekutan jarriko dute sinadurak emateko mahaia. Aste osoan herriko haurreskoletan egongo da; Herri Eskola eta Maria Jose ikastetxearen kanpoan gaur, 16:30etik aurrera; kiroldegian gaur eta bihar, 17:00etatik 18:30ak arte; eta Erribera kalean hilak 21 eta 22an, 12:30etik 14:00etara eta 19:00etatik 20:30etara.

Txiribueltatik adierazi dutenez, lokalaren beharra «haurren garapen egokirako da, ume eta gurasoak elkar ezagutzeko, bizipenak eta irakaspenak elkartrukatzeko, eguraldi txarrarekin ere haurraren mugimendua eta jolas librea bermatzeko, ume eta gurasoen elkartearen jarduera errazteko... Eta hartara, bizitzeko egun Zumaia dena baino herri osatuagoa, erosoagoa eta ederragoa izan dadin».

Elkarteak 2015ean egin zion eskaera Udalari, «2016ko martxorako lokala emango zuela agindu zuen Udal gobernuak», diote. Bitartean Forondako gela bat utzi zion Txiribuelta taldeari.

Gela horretan hainbat ekimen egin genuen, baina haurrek 'zarata' egiten zutela-eta Forondako ikastaroekin «ez zela bateragarria ondorioztatu zen», azaldu dute. Bederatzi hilabete geroago, «Udal gobernuko hezkuntza zinegotziak proposamena luzatu zion Txiribuelta-ri. Gaztetxea eskaini zuen. Gure erantzuna izan zen bateraezina zela. Batetik gaztetxea, jakina denez, gazte asanbladak egindako lanaren ondorioz lortutako zerbait zela eta ezin genuela Udal Gobernuaren eta beste taldeen arteko deman sartu. Eta bestetik, espazio horrek ez dituelako asetzen 0-6 urteko umeen beharrak».

2018ko hasieran biltegi moduan lokal bat utzi diote Txiribueltari beste elkarte batzuekin batera konpartituta eta apirilean, «erantzun argirik gabe» daudela ikusita, sinadurak biltzeari ekin diote.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos