Telmo Deun bosgarren izan zen Zumaiako estropadan

Donostiarrako arraunlariak garaipena ospatzen zaleen aurrean. / S.U.

SARA UTRERA ZUMAIA.

Donostiarrak irabazi zuen igandean Zumaiako 32. Ikurriña, 19:11.56 denborarekin. Santurtzik bigarren egin zuen (19:13.66)eta Deustuk hirugarren (19:27.82), errioan jokatutako KAE ligako laugarren estropadan. Telmo Deuneko trainerua bosgarren izan zen (19:28.50), eta hutsa behar izan zuen hirugarren izateko.

Zumaiako arraunlariak bigarren txandan atera ziren, lehenengo ziabogan denborarik onena lortuz. «Lan ona egin zuten gure arraunlariek zaleen aurrean, eta sailkapen nagusian laugarren jarraitzen dute», diote klubetik. Asteburu honetan bi estropada jokatuko dituzte: larunbatean, Donostian, 17:00etan, eta igandean Nafarroan, Aiotzeko urtegian (Leraten), 12:00etatik aurrera.

Herrian izandako 'arraunaren asteburua'-ri dagokionez, Zumaiako Arraun Elkarteak oso balorazio ona egiten du. «Ostiraleko aurkezpena, eta larunbat-igandeko bi estropadak ondo atera ziren, eta zozketan eta arropa erosten ere jende asko ibili zen, bakoitza bere ekarpen ekonomikoa eginez», diote.

«Horiei denei eskerrik asko handi bat, eta beste eskerrik asko handi bat klubeko babesleei eta hiru egun hauetan laguntzaile ibili zareten guztioi ere bai. Eta baita Zumaiako Udalari ere, ezinbesteko laguntza emateagatik hau dena ondo ateratzen», gaineratu dute arraun elkartetik.

Bestalde, marisko eta arrain otarren zozketako zenbaki saridunak honako hauek dira. Lehenengo otarra: 0619 (ordezkoa 1770) eta bigarren otarra: 1181 (ordezkoa 0939).

Fotos

Vídeos