Olarro Egunean lan egiteko deialdia luzatu da

Olarro Egunean, brotxetak prestatzen.
Olarro Egunean, brotxetak prestatzen. / SARA UTRERA

Irailaren 16an olagarroa dastagai egongo da txosnetan, baita herri bazkarian ere

DVZUMAIA.

Hilabete baino gutxiago geratzen da urteroko Olarro Eguna ospatzeko eta Udalean jada prestakizun lanetan hasiak dira. Datorren irailaren 16an olagarroa izango da protagonista Zumaian eta aurtengoan ere, gastronomía nagusi izango duen festa giroan murgilduko da herria.

Ohikoa den bezala, egun honetan, olagarroa dastagai egongo da txosnetan, baita herri bazkarian ere. Prestaketa eta antolaketa lanek esfortzu handia eskatzen dute eta horregatik, urtero bezala, Udalak laguntza eskatzen die Zumaiako elkarteei. Horiek horrela, deialdi baten bitartez, jakinarazi nahi du, irekita gelditzen dela gaurtik, abuztuak 31 bitarte, Olarro Egunean txosnetan zein herri bazkarian lan egiteko izen-emate epea.

Interesa duen elkarte orok, turismo bulegoan, 943 143 396 telefonoan edo turismoa@zumaia.eus helbide elektronikoan apuntatu ahal izango du. Irailaren 1ean bilera egingo da izena eman duten lagun guztiekin. Bertan, zozketa bidez erabakiko da lanen banaketa eta eginkizun eta betebeharren inguruko azalpen zehatzak ere emango zaizkie parte hartzaileei.

Izen-emateko baldintzak

Parte hartzaileak etekin ekonomiko propiorik gabe modu iraunkorrean lan egiteko eratu diren elkarteak izan beharko dute eta Gizarte Segurantzarekin eta Ogasunarekin zorrik ez dutela ziurtatu beharko dute. Horrez gain, euskaraz min-tzatzea ezinbestekoa izango da eta adin txikikoek ezingo dute, inola ere, edaria zerbitzatu txosnetan.

Betebeharreko lanak:

Urtero bezala, bi eginkizun edo lan nagusi izango dira: txosnetako lana eta bazkari herrikoia zerbitzatzea.

Talde ugarik parte hartu ahal izango dute herrian zehar banatuta egongo diren txosnetan. Festa egun aurretik, ostiralean, talde bakoitzetik 12 lagun inguruk broxetak prestatu beharko dituzte.

Ondoren, Olarro egunean bertan, olagarro zopa prestatu eta broxetak banatu beharko dituzte txosnetan. Horrez gain, taldearen esku egongo dira azpiegituren muntaia, baita materiala garraiatzeko autoa eta edaria ere.

Ordutegiari dagokionean, goizeko 9:00etatik gaueko 23:00ak bitartekoa izango da, gutxi gora behera. Txosna guztietan ordutegia eta prezioak berdinak izango dira. Prezio herrikoiak eskaintzen dira.

Urteroko herri bazkariak 550 lagun inguru biltzen ditu Eusebio Gurrutxaga plazan, beraz, lan hau burutzeko 35 bat pertsonez osatutako lan talde bat beharko da. Talde horrek bazkaria zerbitzatzeko beharrezkoak diren azpiegiturak eta tresnak jarri beharko ditu, karpara sarrerak zaindu, bazkari txartelak jaso, jana banatu eta, noski, ondorengo txukuntze eta garbitze lanak ere burutu beharko ditu.

Muntatze-desmuntatze lanen koordinazioa udaletxearen eta herri bazkariko eta txosnetako kudea-tzaileen artean egingo da.

Fotos

Vídeos