Ohorezko txandan jarraitzen du Telmo Deunek

Telmo Deun beroketa lanak egiten igandean, Allozko urtegian.
Telmo Deun beroketa lanak egiten igandean, Allozko urtegian. / AINI AIZPURUA

Gipuzkoako txapelketa jokatuko dute bihar, 18:30etik aurrera Getarian

DV ZUMAIA.

Joan da beste asteburu bat KAE 1 ligan, eta albiste nagusia da Zumaiarentzat ohorezko txandan jarraitzen duela. Nahiz eta larunbatean leku hori galdu egin zuen Zarautzen mesedetan, seigarren egin eta gero Donostiako estropadan, igandean lekua berreskuratu zuen Allozko urtegian (Nafarroa). Eta nola gainera. Bederatzi segundo eskas falta izan zituen bandera irabazteko Zumaiak.

Bigarren txandan lehia estu-estua izan zuen Deusturekin, eta azkenean, bigarren egin zuen, segundo pasatxora. Gero, azkeneko txandakoen artean, Donostiarrak eta Santurtzik bakarrik hobetu zituzten deustuarren eta Zumaiako arraunlarien denborak. Horrenbestez, laugarren izan zen Telmo Deun igandeko estropadan. Donostiarra garaileak bederatzi segundo baino ez zizkion atera (aurtengo alde txikiena), eta Santurtzi bigarrenak lau besterik ez.

Bihar, Getarian

Hurrengo estropada Getarian izango dute Telmo Deuneko arraunlariek, eta bihar bertan gainera. Gipuzkoako txapelketa jokatuko dute 18:30etik aurrera. Bere txandan bere ligakoekin ariko dira Telmo Deuneko arraunlariak: Donostiarra, Getaria eta Zarautzekin.

KAE 1 ligan, berriz, larunbatean ariko dira Orion, 19:00etatik aurrera, erlojuaren aurka. Zazpigarren jardunaldia izango da.

Beteranoak, bigarren ABEn

Beteranoak ere ariko dira txapelketan. Aurkariak ondorengo hauek: Fortuna eta Zarautz. ABE ligan, hauek larunbatean izan zuten estropada Plentzian (Bizkaia), eta bigarren egin zuten Getxoren atzetik. Sailkapen nagusian ere bigarren daude.

Fotos

Vídeos