Mozal Legeaz isuna jarri diotela salatu du Zumaiako mugimendu feministak

Hilaren 17an egingo den udal-plenora gaia eramango dutela aurreikusi du

SARA UTRERA ZUMAIA.

Mozal legeaz isuna jarri diotela salatu du Zumaiako mugimendu feministak. «Mozal Legea aplikatuta, isuna jaso dugu Martxoaren 8ko eguerdiko elkarretaratzean zein arratsaldeko manifestazioan 'Zumaiako arteria nagusia moztu' izanagatik», azaldu zuten ostiralean Udaltzaingoaren aurrean egindako agerraldian.

«Egunean bertan ez zen inolako arazorik egon errepideak hainbeste herritar elkartuta argazkia ateratzeko elkartu ginen unean. Eta guztiok ikusi genuen moduan, Udaltzaingoak trafikoa bideratu zuen, inolako momentutan inor ez zen gerturatu ezer esatera», adierazi dute. Hala, arratsaldeko manifestazioan, aurreikusitako bidea jarraitu zen inolako aldaketarik gabe. «Zarauzko Ertzainetxean egindako txostena dela jartzen badu ere, momentuan bertan Zumaiako Udaltzaingoa bakarrik zegoen bertan».

Agerraldian hiru puntu nagusitu zituzten. Batetik ez dutela jarritako isuna ordainduko: «isunaren oinarrian dagoen legea bera zilegia ez dela ulertzen dugulako eta egun horretan egindako mobilizazioek inolako zigorrik merezi ez dutela uste dugulako». Zumaiako Udalari eta eta Udaltzaingoari eskatzen diote isun honen harira azalpenak eman ditzaten. Bestetik, hilaren 17an egingo den udal-plenora gaia eramango dutela aurreikusi zuten. «Herritar orori dei egiten diogu aurkeztuko dugun testuaren defentsan plenora agertu dadin», gaineratu zuten.

Estaziora bideko tunela

Azkenik, datorren maiatzaren 19an estaziora bideko tunela,- herriko puntu beltz moduan definitutako pasabidea- berriz margotzeko bilduko direla jakinarazi zuten. «Kaleak hartzeagatik zigortu gaituzte. Baina, esan dugun moduan, kalean jarraituko dugu. Mozalik gabe. Gogotsu. Oihuka eta zarata ateraz, behar denean. Elkar babestuz, beti. Matxismoak egunero jipoitzen, egunero hiltzen gaituelako. Ez dugu beste aukerarik», gaineratu zuen Zumaiako Mugimendu Feministak.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos