Maila onean Viveros San Antongo gazteak

Kimetz Etxabe, Ander Altuna eta Mikel Mancisidor, Beasainen. / VIVEROS SAN ANTON
Kimetz Etxabe, Ander Altuna eta Mikel Mancisidor, Beasainen. / VIVEROS SAN ANTON

Aitor Olaziregik Murtziako Alcantarilla herrian jokatuko du Espainiako Kopako lasterketa

DV ZUMAIA.

Atsedenik gabe, denboraldia hasi eta aurrerantzean astebururo izango dituzte lasterketak Viveros San Antongo txirrindulariek. «Aurreko asteburuan, erorikoak eroriko, berriz ere maila ona eman dute Zumaiako txirrindulari elkarteko gaztetxoek», azaldu du taldeko kide den Arritxu Iribar kazetariak.

Txikienek Errenterian izan zuten lasterketa. Alebin eta infantilen artean 103 txirrindulari elkartu ziren, «txirrindulari izateko oinarrizko ikasgaiak irensten». Alebin mailan 53 parte-hartzaileen artean Yuri Urbieta laugarren sailkatu zen; Lizar Tolosa 13.; Danel Beristain 14.; Beñat Sainz 18.; Manex Beristain 26.; Xabat Bergara 32.; Zuhaitz Valero 37.; Kepa Urbieta 44. eta Hedoi Mateos 50. «Aiatz Aldazabalek ez zuen parte hartzerik izan eta minez segitzen dute Anuk Gojenolak, Ihin-tza Gartzairenak eta Iker Eizagirrek», dio Iribarrek.

Infantil mailan, Maddi Etxabe bigarren sailkatu zen nesketan. Garazi Bergarak ezin izan zuen amaitu, erori eta min hartu zuelako. «Zorionez erietxera eraman eta kolpeak eta zauriak zituela ikusi zen, ezer larririk ez. Mutiletan Aritz Eizagirre ere erori egin zen eta ezin izan zion lasterketa on bati errematea eman. Heiko Mateosek ederki bukatu zuen 19. Tokian; 50 parte har- tzaile izan ziren», azaldu du. Asteburu honetan MTB lasterketa izango dute Oiartzunen.

Kadeteek, aldiz, Beasainen izan zuten hitzordua. 50 kilometroko lasterketa, non Olaberriako gainak erabaki zuen karreraren garapena eta azken emaitza. Mikel Mancisidor, lasterketa erdian eta pelotoi buruan zela erori eta erretiratu beharrean izan zen. «Zauriak eta kolpeak zituen, baina bizikletaK berak ere ez zion aukerarik eskaini jarrai-tzeko». Olaberriako malkar pikoa gainditu eta Beasaingo helmugan Kimetz Etxabe 11. sailkatu zen eta Ander Altuna 23. «Aitor Agirre, lesionatuta, ez zen parte hartzaileen artean izan eta Roman Zabaletak ezin izan zuen Beasaina joan, beste eginbehar batzuk baitzituen». Gaur, Elgoibarren izango dute kadeteek lasterketa. Ibilbide gorabeheratsua da, Soraluze eta Osintxuko 'repetxo'-ekin baina bukaera gogorrarekin, Mintxetako malda tentean baitago helmugako pankarta jarrita», gaineratu du.

Jubeniletan, Antton Tolosak Errenterian izan zuen lasterketa igandean. 146 txirrindulari izan ziren irteeran, Euskal Herriko txoko guztietako ordezkariekin. «Mendate handirik ez, 77 kilometroko ibilbideak, baina gora eta behera etengabe errepidearen ezaugarria. Kanporaketa lasterketa izan zen eta 40 txirrindulari inguru bukatu ezinda gelditu ziren». Antton Tolosa pelotoian helmugaratu zen 51. postuan. Buruz ondo jokatu zuen eta hankek erantzun zioten, lehen urteko jubenila baita. Bihar, Donostiako Egia auzoan izango du lasterketa, Klasikoa itxurako karrera da Egiakoa.

Olaziregi, Espainiako Kopan

Bestalde, Aitor Olaziregik, Ampoko txirrindulari zumaiarrak aurreko asteburuan ez zuen lasterketarik izan baina asteburu honetan Murtziako Alcantarilla herrian jokatuko du Espainiako Kopako lasterketa. Oso ibilbide malkartsuan, 148 kilometroko lasterketa izango du, Estatu espainiarreko afizionaturik onenekin lehiatuz.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos