Maila bikaina erakutsi dute Viveros San Antongo lehen urteko kadeteek

Pistan lanean. /  MARTIN EARLY
Pistan lanean. / MARTIN EARLY

S.U. ZUMAIA.

Maila estreinatu eta pistan lehen aldiz izateko ezin gehiago eskatu Viveros San Antongo lehen urteko taldeko kadeteei, estreinaldi aparta izan baitzuten Roman Zabaletak, Kimetz Etxabek eta Aitor Agirrek.

Scratch lasterketak korritu zituzten aurrena Bioracer torneoko bigarren jardunaldian kadeteek. «Aurten maila estreinatzen dutenentzat zer hitzordua! Eta hainbesteko parte hartzea zegoen, bi multzotan banatu zituztela txirrindulariak», azaldu du Arritxu Iribar kazetariak. Aitor Agirre eta Kimetz Etxabe, txanda berean ziren eta lasterketa ona egin zuten, nahiz eta inozo jokatu; beren buruak hain ondo ikusi zituzten, alferrik indar asko gastatu zutela eta aurkariei, ondorioz, bentaja eman (itzuli askotan beraiek izan ziren pelotoian erritmoa markatu zutenak). Amaieran Kimetz Etxabe laugarren sailkatu zen eta Aitor Agirre zazpigarren. Hauen lasterketa bukatu ondoren Roman Zabaletaren txanda heldu zen eta taldekideen pekatu bera egin arren, bigarren bukatzea lortu zuen.

«Scratcharen ondoren puntuaketa heldu zen eta berriz ere lasterketaren garapena ulertzen eta aurkariak neurtzen ikasi behar dutela garbi erakutsi zuten», dio Iribarrek. «Baina, egokieraz eta indarrez aurrean ibiltzeko hautagaiak direla ere bai. Lasterketaren zati askotan Viveros San Antongo txirrindulariak izan ziren karrera buruan, pelotoiko ardura hartuta», gaineratu du. Puntuaketan Roman Zabaleta bosgarren sailkatu zen bere txandan; Aitor Agirre berriz laugarrena izan zen berean eta Kimetz Etxabe seigarrena. Jardunaldia osatuta sailkapen nagusian Roman Zabaleta zazpigarrena da, Kimetz Etxabe 12.a eta Aitor Agirre 15.a.

Viveros San Antongo-Zumaiako Txirrindulari Elkarteko hiru kadete berriek «itxaropenez betetako debuta egin dute eta garrantzitsuena da ikusi dutela maila onean ibil daitezkeela, hasiberriak izateko euren ausardia, kemena eta indarra ain-tzakotzat hartzekoa izan baita». Gipuzkoako pistako arduradunak ere ohartu ziren hiruren lan onaz.

Junior mailan bigarren jardunaldia ez zen ona izan Antton Tolosarentzat. Zumaiarra ez zen adi izan kanporaketan eta ezin izan zuen arantza atera puntuaketan; pedal kolpea aurkitu ezinda lasterketa utzi zuen, hala ere sailkapen nagusian 18. tokian da Viveros San Antongo junior bakarra.

Asteburu honetan ez da pistako lasterketarik izango, hurrengo hi-tzordua abenduaren 2an izango da. Eta egun horretan, gainera, kadete eta junior guztiak lehiatuko dira.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos