Jostailu erabilien azoka izango da 16an

Jostailuei erabilpen berriak ematea da helburua./
Jostailuei erabilpen berriak ematea da helburua.

JOSU ARANBERRI USURBIL.

Datorren hilaren 16an, erabilitako jostailuen azoka izango da goizeko 11:00etatik 13:00etara. Duela urte batzuk hasitako bideari jarraituz, ekintza hau Udarregi Ikastolako Hitz Aho Guraso Elkarteak antolatu du eta honako hauek dira ekimen honen helburu nagusiak: berrerabilpena bultzatzea, haur eta gazteen artean elkartrukea susta-tzea, erabilpena, jabegoaren gainetik jartzea eta gehiegizko kontsumoaz ohartaraztea. Azken finean, jostailuei erabilpen berriak ematea eta haurren artean ohitura hori zabaltzea da helburua.

Gurasoei deialdi bat egin zaie, beraien seme-alabek erabiltzen edo behar ez dituzten jostailu, puzzle, ipuin, liburu, baloiak eta antzekoak eskatuz. Aurten, DVD eta antzekoak ez dituztela jasoko azaldu dute antolatzaileek. Azoka eguna baino lehen, hilaren 14an eta 15ean, arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara, Potxoenean izango dira eramandako jostailuak jasotzen. Egunean bertan ere, 10:00etatik 11:00etara jostailuak bilduko dituzte frontoian. Biltzen duten guztia hilaren 16ko azokan ikusgai jarriko dute.

Azokara hurbiltzen direnek, etxetik ekartzen dituzten jostailuak azokan jarriko dituztenekin trukatu ahal izango dituzte. Ekimen honetan parte hartzeko baldintza hauek bete behar dira: jostailuek osorik egon behar dute, norberari hartzea gustatuko litzaiokeen moduan; bilketa egunetan jasotzen dena musu-truk emango da. Horren truke, nahi izanez gero, txartel bat jasoko du bakoitzak azoka egunean beste jostailuren batengatik aldatzeko; azoka egunean jostailuak truka-tzeko 8 urtetik beherakoek arduradun batekin parte hartu beharko dute. Azoka bukatzean gelditu diren jostailuak Ez itxi begiak elkarteak jasoko ditu. Elkarte horrek Grezian dauden errefuxiatuei eramango dizkie. Ez dituzte piladun jostailuak jasoko, beraz, horiek garbigunera eramango dituzte.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos