Itzurun tabernak agurtzeko festa antolatu du bihar arratsalderako

Joxerra Gorriti eta Maripi Azkue Itzurun Tabernan. /  SARA UTRERA
Joxerra Gorriti eta Maripi Azkue Itzurun Tabernan. / SARA UTRERA

Maripi Azkuek eta Joxerra Gorritik eskerrik beroenak luzatu nahi dizkie urte hauetan guztietan beraien alboan egon diren bezeroei

SARA UTRERA ZUMAIA.

Maripi Azkuek betidanik ezagutu izan du taberna etxean. Oso gaztetatik hasi zen lanean gurasoen tabernan. 1986ko abuztuan Joxerra Gorritirekin, bere senarrarekin, lokal berri bat erostea erabaki zuen eta abenduaren 31n ireki zuten lehenengo aldiz.

Itzurun tabernaren lehen lan-eguna izan zen hura. «Ezkondu berriak ginen. Hasierako urteak oso zailak izan ziren, ordu asko pasatzen genituen lanean eta beharrezko langileak bakarrik kontratatzeko aukera genuen oso garestia zelako. Astelehenetik ostiralera irekitzen genuen taberna, jaiegunik gabe», gogoratu du Maripik.

«Lehengo giroa oso desberdina zen, gauetan eta asteburuetan lan asko egiten zen. Ohitura hori pixkanaka aldatzen joan da eta horrekin batera lana egiteko modua ere. Itzurun taberna ireki genuenean jende heldua gehiago ateratzen zen gauetan, ez gazte jendea bakarrik», gaineratu du.

«Urte guzti hauetan semeak hazi ditugu, eta aldi berean familia negozioa aurrera eraman dugu. Ezin genuen denbora guztian hemen gelditu, argi geneukan bietako norbait etxean egon behar zuela txikiekin familiaren goxotasuna ez galtzeko. Beraz, txandaka antolatzen hasi ginen familiari lehentasuna emateko, baina era berean ordu asko sartuaz hemen», adierazi du Joxerrak.

Kultura uztartuz

Aisialdia eta kultura uztartzea izan dute helburu. Aspaldian haurrak liluratuta begiratzen zuten atzealdean izan zuten arrainontziari. «Dozena bat piraña izan genituen, kanpoko jende asko ere gerturatzen zen arrainak ikustera». Pixkanaka tabernaren izaera ere aldatzen joan da. Orain dela hiruzpalau urte liburuak jarri zituzten barraren goialdean. «Etxean asko genituen eta tabernara ekartzea pentsatu genuen, bezeroak irakurtzeko edota trukatzeko asmoz. Oso erantzun polita izan du». Doako kontzertu piloak antolatu dituzte, baita kaleko zinea ere. «Film mutuen zikloa antolatu genuen. Arrakasta handia izan zuen eta terraza leporaino betetzea lortu genuen», gogoratu du Joxerrak. «Behin xake txapelketa antolatzea ere pentsatu genuen baina azkenean ez genuen arrera eraman», gaineratu du Maripik. Tabernatik pasa diren musika taldeen sinaduraz osatutako liburua eta pareta dotoretzen duen argazki bilduma handia osatu dute urte guzti hauetan. Denak oso bereziak. «Etxera eramango ditugu oroigarri gisa», diote.

31 urte eta gero, garai berri bat hasteko momentua dela erabaki du bikoteak. «Familiak dagoeneko hazi da, seme bakoitzak norabide bat hartu du eta ikusi dugu dagoeneko gure eginkizuna bete dugula. Lanagatik askotan ez dugu gozatu, momentu asko galdu ditugu. Beraz, semeekin gozatzeko aprobetxatuko dugu gehienbat, agian bidaiaren bat antolatu dugu batera», diote. Lan jarduera uzteko garai ona dela pentsatu dute. «Atzetik jendea gogoarekin datorrenean konturatzen zara. Aldi berean, osasunez gaude eta taberna egoera onean. Arraroa izango da aurrerantzean hemendik pasatzea. Gure semeak hemen hazi egin dira, oso oroitzapen eta anekdota politekin goaz beraz», azaldu dute. Hemendik aurrera nahi beste denbora izango dute deskantsatzeko eta familiarekin galdutako denbora berreskuratzeko. Aurrerantzean jabe berriak izango ditu lokalak. «Hurrengo jabeak gustura dagoela jakitea eta taberna ondo funtzionatzen duela ikustea izango da guretzako albiste politena», gaineratu dute.

Bezeroei agurra

Itzurun tabernari behar bezala agurtzeko eta bezeroei eskerrak emateko festa bat antolatu dute bihar arratsalderako. Maripi Azkuek eta Joxerra Gorritik eskerrak eman nahi dizkiete urte guzti hauetan taberna bisitatu duten bezero guztiei: «Beraiek gabe ez zen hau guztia posible izango. Muchas gracias a todos». Barraren beste aldean egon diren ia 35 langileei ere eskerrak eman nahi dizkiete «Tabernari eta sukaldari asko izan ditugu gurekin, baita gure semeak ere. Haiei guztiei ere gure eskerrik beroenak». Itzurun tabernaren azken arratsaldea izango da biharkoa eta ohiturari jarraituz, zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izango da 18:30etik 21:30era. Festa honetan Marlik, Serious Business eta Ahuntzaren Gaurdiko Eztula (AGE) taldeek hartuko dute parte, besteak beste. «Jazz sesio bat izango da, giro onean agurtu nahi ditugu gure bezeroak», amaitu du Joxerrak.

Fotos

Vídeos