Gipuzkoako Eskola Txikien Festaren balorazio positiboa egin dute antolatzaileek

Oikiako ikasleek abestiak eta dantzak eskaini zituzten Gipuzkoako Eskola Txikien 31. festan. / SARA UTRERA
Oikiako ikasleek abestiak eta dantzak eskaini zituzten Gipuzkoako Eskola Txikien 31. festan. / SARA UTRERA

Eskerrak eman nahi dizkie Oikiako jaia antolatzen lagundu duten bolondres talde, erakunde, enpresa eta elkarteei

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO ZUMAIA.

Gipuzkoako Eskola Txikien 31. Jaia egin zen igandean Oikian eta antolakuntzak oso balorazio positiboa egin du. Aldarrikapena eta festa uztartzen dituen hi-tzordu hau indar erakustaldi bat izanda aurtengoan ere. Herri indarra erakutsi dutela nabarmendu dute antolatzaileek: «Herri guztiak buru-belarri jardun du auzolanean eta antolakuntza bikaina izatea lortu dugu. Goizetik iluntzera arte euren onean eman duten boluntario taldeek ere sekulako lana egin dute, eta benetan pozik gaude geure herri indarra modu alai batean partekatu dugulako hainbeste jenderekin».

«Bihotz-bihotzez eskerrak eman nahi dizkiegu laguntza eman diguten erakunde, enpresa eta elkarteei. Asko erraztu diguzue lana, bidelagun ederrak izan zarete eta aurrerantzean ere izango dugu elkarrekin urratsak emateko aukera Eskola Txikien alde». Modu honetan hitz egin dute Oikian ospatu den jaiaren ordezkariek, festa eguna baliabidez hornitzeko jende askok ekarpena egin duela azpimarratu nahian.

Goizean goizetik gerturatu zen jendea Oikiara, eta izan ziren mendiz mendi oinez joan zirenak ere. Egitaraua arazorik gabe joan zen goizean (jolasak, tailerrak, puzgarriak, trikitilariak...) eta, arratsaldean, euria hasi zuenean aterperako jaimak jarri ziren plazan, pailazoek pilotalekuan egin zuten emanaldia eta festak arazorik gabe jarraitu zuen. Arratsalde erdirako atertu zuenez, apar festa jendetsua izan zen plazan eta txokolate beroa ere banatu zuten. «Jendeak, ordea, ez zeukan etxera joateko asmo handirik nonbait eta eguna ondo amaitu arte Oikian festa giroa nabarmendu zen».

Azpimarratzeko ekintza sinbolikoa egin zuten igandean Gipuzkoako 26 eskola txikietako haurrek: euren hatz marka koloretsuak jarri zituzten (ehunka guztira), eta haiek erabilita Oikian bizi den Joxean Legorburu artistak eskultura berezia egingo du Oikiako eskola berriaren eraikina egiten denean bertan kokatu dadin. Helduek, 26 eskoletako zuzendariek eta erakunde politikoetako ordezkariek ere jarri zuten euren hatz marka.

Eskola txikiak bizirik

Beraz, beste behin ere argi gelditu zen herri txikietako eta eskola txikietako komunitateak bizi-bizi daudela. Herri hauek lurralde orekari egiten dioten ekarpena ezinbestekoa da Gipuzkoarentzat eta eskolak funtzio estrategikoa betetzen du gertuko bizimodu hori elikatzen. Harrotasunez eta lanerako gogotsu jarraituko dutela adierazi dute, gutxirekin asko eginez eta falta diren baliabideak behar den tokian eskatuz.

Azkenik, bide honetan hurrengo geltokia zein izango den ere argitu zen. 2019an, Gipuzkoako Eskola Txikien jaia Aginagan ospatuko da, eta goizeko ekitaldian hartu zuten lekukoa. «Eurek jarraituko dute honako oihua ozen aldarrikatzen: Eskola Txikiak bizirik! Herri eta auzo txikiak bizirik!».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos