Gazteguneak bihar zabalduko ditu ateak

Guraso interesdunek gaztegunea bisitatzeko aukera ere izango dute gaur arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara

DV ZUMAIA.

2017-2018 ikasturtearen hasierarekin batera, Zumaiako gaztegunea ere prest dago ikasturteari hasiera emateko. Bihar, DBH1eko ikasleentzat zabalduko ditu lehenbizi ateak eta ostegunean, aldiz, gainerako gazte eta nerabe guztientzat. Bertan, berdintasuna, inklusioa eta euskara oinarri dituen proiektu hezitzaile bati jarraiki, hezitzaileen lagun-tzarekin tailerrak, jolasak, irteerak edota beste hainbat ekintza garatuko ahal izango dituzte. «Gaztegunea herriko gaztetxoei zuzendutako topagunea da, espresio eta sorkuntzarako gunea, hain zuzen eta bertan guztiek izango dute aukera parte hartu eta lagunekin zein beste gazteekin esperientzia berriak bizi, jendea ezagutu eta haien kezka, proposamen eta ideiak partekatzeko», azaldu dute Udaletik.

Gaztegunearen ordutegia honakoa izango da. Asteartetik ostegunera 17:00-20:00 ordutegian; ostirala eta larunbata: 17:00-19:00, 12-14 urtekoentzat eta 19:00-21:00, 15-17 urtekoentzat . Igandean (hilabeteko 2 ): 17:00-18:45, 12-14 urtekoentzat eta 18:45-20:30 15-17 urtekoentzat.

Halaber, ikasturte berriari heldu aurretik guraso interesdunek Gaztegunea bisitatzeko aukera ere izango dute, hezitzaileen eskutik bertako instalazio eta azpiegiturak ezagutu eta zerbitzuaren helburu nagusien berri jasotzeko. Horretarako, gaur arratsaldean ateak zabalik egongo dira 17:00etatik 20:00etara bitartean. Informazio gehiagorako: 688.612940 edo gaztegunezumaia@gmail.com

Haurtxoko eta gaztelekua

Halaber, Gipuzkoako udalerri ezberdinek, Zumaia barne, Aldundiarekin elkarlanean, haurtxoko eta gazteleku sarea osatu dute. Guztira 50 herri baino gehiago dira sare hori osatzen dutenak eta helburua da, guztiak bat eginik, haur eta gazteei eskainitako zerbitzua bateratu, aberastu eta hobetzea. Ildo horretan, programa hezitzaile berean oinarritutako zerbitzua eskainiko da sarea osatzen duten herri guztietako haurtxoko zein gaztelekuetan.

Fotos

Vídeos