'Familia harrera' egitasmora atxikitzeko hiru familia zumaiar behar dira, ekainaren 22tik 30era

Helburua Bilbo Handiko Lauro ikastolako 30 gaztek UEMAko kide diren udalerri euskaldunetan astebete pasatzea da, euskararen erabilera areagotzeko

DV ZUMAIA.

Lauro ikastola Lauroeta auzoko nekazal ingurunean dago, Loiun, eta euskararekiko konpromiso eta sentsibilitate handia badu ere, Bilbo Handian kokatuta dagoenez, ikasleentzat zaila da eskolatik kanpoko harreman sareak euskaraz sortu eta mantentzea. Hori dela eta, Lauroko ikasleek arriskua dute euskara ikastolako tresna gisa soilik ikusteko. Eta hain zuzen hori aldatze aldera sustatu da 'Familia harrera' egitasmoa, euskaraz bizi diren herrian badirela ikusarazi eta kalean, etxean eta batik bat lagunartea euskaraz aritzea posible dela frogatzeko, alegia.

Aipatu egitasmoa DBH 3ko eta DBH 4ko gazteekin egingo da. Ikasleen egonaldia ekainaren 22tik 30era izango da eta Zumaiaren kasuan, hiru familia behar dira gaztetxo horiek hartzeko. Familia interesdunek udal webgunean izango dute eskuragarri eskaera orria eta behin beteta, Udaleko euskara zerbitzuan entregatu beharko dute. Informazio gehiago: hezkuntza@uema.eus edo 943.816699.

Baldintzak

Harrera familia izateko baldintzak honako hauek dira: Familiako kide guztiak euskaldunak izatea; etxeko hizkuntza euskara izatea; DBH3 edo DBH4 mailako seme-alabaren bat izatea familian eta gaztea hartzeko logela bat izatea edo adin bereko seme-alabarekin elkarbanatzeko bitartekoak izatea.

Harrera familiaren egitekoak honako hauek dira: Gaztea bederatzi egunez etxean hartzea; gazteari eguneko jatorduak ematea eta adin bereko gazteak datorrenarekin ibiltzea, bere lagunartean txertatuz. Harrera familia bakoitzak 150euroko diru saria jasoko du gazte bat etxean hartzearen truke, gazteak sor ditzakeen gastuak estaltzeko helburuarekin.

Harrera familiakoekin aurrelanketa, berriz: Gazteak familietan txertatzeak aldez aurreko lana eskatzen du, bai Lauro Ikastolako gazteentzat zein harrera familietako kideentzat.

Ildo horretan, gaztentzako galdetegia prestatuko da, arnasguneez duten ezagutzaz galdetzeko, udalerri euskaldunetako gazte gisa duten arduraz zer uste duten galdetzeko, etab. Ikasleek beraien aisialdiko gustuen inguruko informazioa emango dute. Gazteentzako eta gurasoentzako formazio saioak ere egingo dira.

Amaitzeko, harrera familiakoekin ondorengo lanak egingo dira: familiari ebaluazio galdetegia pasatuko zaio eta harrerako gazteari aurrez pasatu zaion galdetegi bera pasako zaio.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos