Euskararen Astea, hilaren 28tik abenduaren 3ra

DV ZUMAIA.

Euskararen Aholku Batzordearen babesarekin, era askotako ekintzak antolatu ditu Udalak Euskararen Asterako, azaroaren 28tik abenduaren 3ra. Hasteko, asteartean, Iñigo Garcia Agirrezabalagaren 'Bi txirula' filma eskainiko da, 19:00etan Aita Mari zineman, zuzendariak berak aurkeztuta.

Aurten ere azpimarratzekoak dira astebururako antolatutakoak. Larunbatean, 'Zapitik Zapira' katea osatuko da Erribera kaletik Beheko plazaraino. Horretarako 12:00etan Ardantzabideko plazan elkartuko dira parte-hartzaileak eta, behin zapiak banatuta, trikitilarien lagun-tzarekin, katean joango dira Beheko plazaraino. 'Euskarak 365 egun' mezua zabalduko dute ondoren, argazkia atera, eta amaitzeko, salda eta mokadutxo bana eskainiko dute.

Igandean, Euskararen Egunean, 'Ibilaldi bat euskararen arrastoan' hitzaldi ibiltaria egingo da, Imanol Azkueren gidaritzapean. Arratsaldean, 16:30ean Aita Marin, 'Ardiak eta otsoak' euskarazko filma eskainiko da haurrentzat. Ekintza hauez gain, aurten ere egutegi bana banatuko zaie HH-ko eta LH-ko 4. mailara arteko ikasleei. 2018ko egutegiak herriko eleaniztasuna azter-tzeko aukera emango du.

Julene Azpeitia lehiaketa

Era berean, azaroaren 30ean, 19:00etan, Alondegian, Julene Azpeitia lehiaketako sari banaketa egingo da. Bertan Pettik eta Irati Jimenezek 'Nigan ispilu batean bezala' emanaldia eskainiko dute eta nahi duen guztia gonbidatuta dago bertan parte hartzera.

Azaroaren hasieran bildu zen Julene Azpeitia lehiaketako epaimahaia aurtengo erabakia hartzeko. Bertan izan ziren Ana Urkiza, Castillo Suarez eta Josu Waliño; Udaleko euskara teknikariak idazkari lanak egin zituen, botorik gabe. Aspaldian ez ziren aurten adina lan aurkeztu, guztira 57, horietatik zazpi zumaiarrek idatzitakoak. Euskal Herri guztitik aurkeztu diren lanean artean, onenak honako hauek direla erabaki du epaimahaia k:

Lehenengo saria (3.000 euro), Idoia Fraile Ugaldek eskuratu du 'Erreka bila' ipuinari esker. Epaimahaiaren iritziz lanik onena izan da, bere idatziaren bitartez, ibilbide labur batean, asko kontatzen duelako, oso euskara ederra erabiltzen duelako eta aberatsa eta landua delako. Bigarren saria (1.500), Ipar Alkain Kazabonek irabazi du 'Garbiketa eguna' lanarekin. Ipuin honetako gaiak gaurkotasun handia duen arren, oso gutxitan landu izan da horrela literaturan.

Zumaiako onenaren saria, berriz, Angel Gallo Fernandezentzat izan da, 'Xant jaunaren azken borroka' ipuinagatik. Ausardiaz jokatu duela iritzi dio epaimahaiak eta orain artean euskaraz apenas landu gabeko genero bat jorratu du zientzia fikzioaren barnean kokatzen den steampunk azpigeneroa hain zuzen.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos