Egitarau zabala bihar Euskal Jai Eguna ospatzeko

Haurrak animaliak ikusten iazko Euskal Jai Egunean. / SARA UTRERA

SARA UTRERA ZUMAIA.

Bihar, ostirala, Euskal Jai Eguna ospatuko da Zumaian. Urtero legez, goizetik gaueko ordu txikiak bitartean euskal giroaz goza-tzeko aukera izango da herriko Alde Zaharrean. Egun osoko egitarau zabala prestatu da jaia ospatzeko, goizeko 10:00etan hasiko dena baserriko gaien azokarekin.

Hori dela eta 9:30etik 14:30era Angeles Sorazu kaletik gora trafikoa moztua egongo da eta ezin izango da aparkatu inguruko kaleetan.

Goizetik musikaz gozatzeko aukera izango da. 10:00etatik aurrera 3 Taula txalapartarien saioa izango da; 10:30ean, Hala Gera taldearen alboka eta dultzaina doinuak; 11:00etan Inpernupeko joaldunak eta jarraian, Zutrik taldearen trikiti doinuak.

Bertso Eskolak antolatuta, aurten ere balkoitik balkoirako bertso saioa izango da. 12:00etan Kofradian eta 12:30ean Udaletxean arituko dira Unai Agirre eta Iker Zubeldia bertsolariak.

Herri bazkaria 14:30ean egingo da eta ondoren euskal kantak Joxe Mendizabalen eskutik. Arratsaldeko seietan Ttipika dantza gidatuak egongo dira plaza bertan eta ordu berean, Erkibe kultur elkartearen esku taloak.

18:30ean Joxe Mendizabalekin dantzaldia izango da berriz ere Amaiako Plazan. Jarraian, Beti Jai Fanfarrearen kalejirarekin dantzan jarraitzeko aukera izango da. 19:00etan sagardo dastaketa Beheko Plazan eta Euskal Jai Eguneko egitarauarekin amaitzeko, 23:00etan Kofradian, erromeria izango da Ezten Giro taldearekin.

Fotos

Vídeos