Denboraldi hasiera itxaropentsua Viveros San Antongo txirrindularientzat

Viveros San Anton-Zumaiako Txirrindulari Elkartearen denboraldi hasierako argazkia. / VIVEROS SAN ANTON
Viveros San Anton-Zumaiako Txirrindulari Elkartearen denboraldi hasierako argazkia. / VIVEROS SAN ANTON

Emaitza oso onak eta itxura hobea eman dute taldeko ziklistek errepideko denboraldiko lehen lasterketetan. Zumaiako txirrindulari guztiak lehen asteburu hori ontzen eta lana borobiltzen saiatuko dira aurtengo denboraldian

DV ZUMAIA.

Irribarrea ahora ekartzen duen denboraldi hasiera izan du Viveros San Anton-Zumaiako Txirrindulari Elkarteak. Izan ere, emaitza oso onak eta itxura hobea eman dute taldeko ziklistek errepideko denboraldiko lehen lasterketetan.

Junior mailan Eibarren estreinatu zen Antton Tolosa; «hotz ikaragarria, 72km eta amaieran San Migel mendatea igo behar izan zuten lasterketa erabakitzeko eta zumaiarrak ederki lehiatu zuen, amaieran lasterketaren gogortasunak ordaindu bazituen ere», azaldu du Viveros San Antongo kide den Arritxu Iribar kazetariak. 46. sailkatu zen; parte hartu zuten 87 txirrindularien artean, 55. ailegatu ziren helmugara. Bihar arratsaldean Errenterian izango du lasterketa, «mendaterik ez baina eten gabe gora eta bera, malda tenteekin tartean, lasterketa benetan gogorra izango da».

Kadeteek lan handia egin zuten Donostiako Ibaeta auzoan. Taldeko bost txirrindularietatik finalerako lau sailkatu ziren eta lau horiek 15 lehenengoen artean sailkatu ziren. Taldeka bigarren talderik onena izan zen Viveros San Anton. Kimetz Etxabe laugarren sailkatu zen, Aitor Agirre zazpigarren, Ander Altuna 12. eta Roman Zabaleta 15. Mikel Mancisidorrek sailkatzeko lasterketan hiru itzuliren faltan, matxura izan zuen bizikletan eta ezin izan zuen nahi bezala lehiatu, ezta finalerako sailkatzeko helburua lortu. Gaur Beasainen izango dute lasterketa; amaieran Olaberria igoko dute, gainetik helmugara 6km besterik ez daude. 50kmko lasterketa da.

Garaipena Garazirentzat

Txikienek ere hasi dute errepideko denboraldia. Hondarribian korritu zuten eta Garazi Bergarak, infantiletan, garaipena lortuz hasi du denboraldia. Maddi Etxabe laugarren izan zen. «Bikaina ere Aritz Eizagirrek egindako karrera. Bosgarren amaitu zuen. Bazen infantiletan Viveros San Antongo beste txirrindulari bat, Heiko Mata ondoezik, ezin izan zuen lasterketa bukatu», adierazi du kazetariak. Guztira, 48 txirrindulari izan ziren infantilen lasterketan.

Alebinetan, berriz, 43 txirrindulari, «eta Zumaiako Txirrindulari Elkartekoek presentzia handia izan zuten». Yuri Urbietak bigarren bukatu zuen, Lizar Tolosa laugarrena izan zen, 7. Danel Beristain, 9. Asier Aizpurua, 14. Beñat Sainz, 15. Xabat Bergara, 16. Iker Eizagirre, 21. Zuhaitz Valero, 22. Manex Beristain, 32. Kepa Urbieta eta 35. Hedoi Mateos. Araitz Aldazabal hirugarren sailkatu zen nesketan.

Gogotsu

«Oso lasterketa polita egin zuten eta gogotsu dira guztiak Oiartzunen asteburuan jokatuko den probarako, nahiz eta mendiko bizikleten karrera izan», adierazi du Arritxu Iribarrek, eta gaineratu du: «Anuk Gojenola eta Ihintza Gartziarena min hartuta dira, lesionatuta eta ezin izan dute denboraldia hasi baina ekaina bitartean izango dute beren aukerak, astebururo izango bait dira lasterketak».

«Orohar hasiera aparta izan da, eta mailari eustea zaila izango baldin bada, saiatuko dira gure txirrindulari guztiak lehen asteburu hori ontzen eta lana borobiltzen, taldekide guztien nortasunean ezaugarri amankomun bat baitago: gogoa», gaineratu du.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos