Dena prest Gipuzkoako eskola txikien festarako

Gipuzkoako 31. eskola txikien festaren aurkezpena egin zuten atzo Oikian. / SARA UTRERA
Gipuzkoako 31. eskola txikien festaren aurkezpena egin zuten atzo Oikian. / SARA UTRERA

Ekainak 10ean egingo da Oikian eta bertan 26 herri eta auzo txikitako ordezkariak bilduko dira

SARA UTRERA ZUMAIA.

Ekainaren 10ean, Gipuzkoako Eskola Txikien 31. Festa ospatuko da Oikian. Atzo goizean jaiaren aurkezpena egin zen. Ekitaldian parte hartu zuten Gipuzkoako Eskola Txikietako Gurasoen Koordinakundeko lehendakaria, Ainara Etxanausia; Oikiako Eskolako zuzendaria, Itziar Garciarena, Eskola Txikien irakasle koordinatzailea, Mikel Goñi; Baikara-Gipuzkoako Ikasleen Federazioko lehendakaria, Usoa Urbieta; Oikiako Kolarre Guraso Elkarteko kide den Unai Gijarro eta Oikiako Eskolako ikasleak diren Dambo Diaby eta Urko Larrañaga.

«Eskola herrian edo auzoan izateak duen garrantzia aldarrikatzeko elkartuko gara. Urtero egiten dugun bezala, 'Eskola txikiak bizirik, herri eta auzo txikiak bizirik' gure leloa aldarrikatzeko», adierazi zuen Ainara Etxenausiak.

Eskola txikiak herri eta auzo txikien altxorrak dira; bertan, umeak aniztasunean hezteko aukera dute, euskeraz, giro goxoan eta naturarekin harremanetan. Eskola txikiak modernoak eta kalitaztekoak dira. «Eskola txikietan egunero erakusten dugu gutxirekin asko egiteko indarra, eta hori ospatu nahi dugu jai honekin», adierazi zuen Oikiako Eskolako zuzendariak. Egun handi honen antolaketa esfortzu handia suposatu du Oikiako bizilagunei. «Bertan herri osoa murgilduta dabil: ikasleak, irakasleak, gurasoak eta herriko jendea», azpimarratu zuen Garciarenak.

Eskola txikien arteko loturak sor-tzea ere garrantzitsua dela azaldu zuen Oikiako Kolarre Guraso Elkarteako Unai Gijarrok: «Horretarako da urteroko festa hau. Aitortu beharra dago Oikia bezalako herri txiki batentzat sekulako erronka dela tamaina honetako festari aurre egitea, baina egia esan antolakuntzako batzordeek herria martxan jarri dute eta dena prest daukagu ekainaren 10ean izango den 'txikion festa handirako'».

Egitarauari dagokionez, askotariko ekitaldiak prestatu dituzte, 10:30etik aurrera: harrera ekitaldia; jolasak eta tailerrak, puzgarriak, bazkaria, zaldiak eta pottokak, pailazoak, dantza saioak Zumaiako Musika Bandarekin, Gorriti eta Lopene bere animaliekin, Potxin eta Patxin pailazoak eta apar festa.

Eskultura bat egingo dute

Oikiako ikasleek «gogo handia» dute festa egun handia iristeko. Lan asko ari dira egiten hau antolatzeko: eskola margotu dute, gune bakoitzerako kartelak egin dituzte, dantza eta koreografiak prestatzen ari dira, besteak beste. Bestalde, beste eskola txiki guztietako haurrak ere gonbidatu nahi dituzte festara. «Egun horretan denok batera eskultura berezi bat egiten hartuko dugu parte: guzti-guztiok gure hatz-markak jarriko ditugu eta gero eskultura hori Oikiako eskola berrian jarriko da. Zuen beharra daukagu, beraz etorri Eskola Txikien Jaian parte hartzera!», adierazi zuten Diabyk eta Larrañagak.

Trafikoari dagokionez, Gure Esku Dagok antolatutako giza-katea dela-eta, A8 autopistan 48. irteera har-tzea gomendatzen dute Gipuzkoako Eskola Txikien 31. Festaren antolatzaileek. «Zumaia-Zestoako irteera, eta han irtenda, Zestoako bidea hartu lehenbizi, eta gero, Iraeta-Aizarnazabal-Oikia bidea egin. Bidegurutzeak markatuta egongo dira, eta aparkalekuak Oikiako industriaguneetan izango dituzte zain, Siemens eta Xey enpresen inguruan».

Amaitzeko, eskerrik beroenak eman nahi izan zuten festa honetarako bere laguntza eman duten guztiei. Bai, lanera etorriko diren boluntario guzti-guztiei. Baita euren diru-laguntza edo materiala eman duten honako erakunde eta enpresei ere: Zumaiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eroski Fundazioa, AN Taldea, O Km Baserria, Etxaniz Aroztegia, Siemens, Desin-Lan, Kaiku, Baque, Mila Antia eta Konde Landareak.

Eskola berria

Aurten 38 haur daude Oikiako Eskolan. Eraikina oso zaharra da eta leku falta ikaragarria dugu. «Hau dela eta, orain dela urte batzuk eskola berria egiteko proiektuarekin hasi ginen eta gaur egun, azken urratsak ematen ari gara; ilusio handiarekin esan dezakegu urte honen bukaeran eskola berria egiten hasiko direla», azaldu zuen Garciarenak. Solairu bateko eskola izango da, eta orain ez bezala, zerbitzu guztiak eraikin berean izango ditugu: ikasgelak, jangela, gimnasioa eta liburutegia.

Amaitzeko, herri txikientzat eskola txikiak garrantzitsuak eta estrategikoak direla nabarmendu zuten. Irakasleen koordinatzaile den Mikel Goñik adierazi zuenez, Gipuzkoan 26 Eskola Txiki daude momentu honetan: «Bultzatzen ari garen koordinazioari eta urteetan barna egindako lanari esker nortasun propioa garatu dugu eta Hezkuntza eta Eskola ikusteko eta bizitzeko modu propioa», nabarmendu zuen Goñik.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos