EH Bilduk elkartasuna eta babesa adierazi die Xey enpresako langileei

DV ZUMAIA.

Xey enpresaren egoera dela eta, Zumaiako EH Bilduk elkartasuna eta babesa adierazi die enpresako langileei. Beraien lanpostuen etorkizunaren gaineko ziurgabetasunaz gain, langile askok atzeratutako soldatak dituzte jasotzeko. «Elkartasunaz gain, aurrera begira beharrezko dutenerako babesa ere eskaintzen diegu», adierazi dute EH Bildutik. Xey-ko zuzendaritzari gardentasunez jokatzeko eskatzen diote: «Langileek konpromiso handia erakutsi dute enpresa aurrera ateratzen, eta eskubidea dute enpresaren egoeraren jakitun izateko. Urtez urte fakturazio datuetan igoera handiak dituen eta lan kargaren arabera bideragarria den enpresa bat egoera honetan egotearen arrazoiak zeintzuk diren garbi azaldu behar zaizkie langileei».

Eusko Jaurlaritzari, enpresaren herenaren jabe den aldetik, gai honetan sakondu eta esku hartzeko eskatzen dio taldeak. «Zumaiako ehun industrialaren defentsan apustua egitea ezinbestekoa da, azken urteotako kolpeez gain Xey-ren balizko itxiera batek gure herriko industriaren egoeran bueltarik ez duen atzeraldia ekarriko duen beldur baikara», gaineratu dute.

Fotos

Vídeos