«EH Bilduk egindako lan onari heldu dio azkenean udal gobernuak Herri Eskoletako eraikinen gaian»

Oposizioa pozik agertu da bi proiektuak aurrera eramango direlako baina nabarmendu du aurreko legealdi amaierarako bideratuta utzi zituela

DV ZUMAIA.

Pasa den asteazkenean Zumaiako Institutua handitzeko proiektua eta Oikiako Eskola Txikiarentzat eraikin berria egiteko lanen tramitazioaren berri eman zituzten Udalak eta Eusko Jaurlaritzak. Zumaiako EH Bildu pozik agertu da proiektu hauen inguruan. «Aurreko legealdi amaierarako EH Bilduk Udaletik bideratuta utzi zizkion Eusko Jaurlaritzari bi gai horiek, eta nahi baino beranduago hasiko diren arren, bi urteren ondoren badirudi mugitu direla. Ongi etorria», azaldu du EH Bilduk prensa ohar baten bidez.

Oposizioaren arabera, azken bi urteotan publikoki eskatu dute Herri Eskolako eraikin berria diseinatzeko orduan Jaurlaritzak kontuan izan zezala bertako gimnasioa kirol jardueretarako legezko neurriekin egiteko. «Aukera ona iruditzen zitzaigun, honela Kiroldegiko kantxak duen saturazioa arindu eta eskolako gimnasio berriak herriari eskolaz kanpoko beste funtzio bat eskaintzeko. Zoritxarrez, Eusko Jaurlaritzak ez du aukera hori aprobetxatuko, eta luzera begira Zumaiarron kalterako izango da aukera hori pasatzen utzi izana», adierazi dute Zumaiako EH Bilduko kideek.

Kantxa aterpearekin

Azkenik, Herri Eskolako patioaren kantxa bat aterpe batekin estaltzeko asmoa herri programan jaso zutela gogoratu dute. «Are gehiago, prest utzi genuen lan horien oinarrizko proiektua eta baita Aldunditik eskuratutako diru-laguntza kopuru bat gordeta ere. Garai hartan, EAJk ez zuen begi onez ikusi EHBilduren proposamena, eta udalera iritsi zirenean proiektu hura gelditu eta gordetako dirua beste leku batzuetan gastatu zuten», diote, eta gaineratu dute: «Orain, bi urte beranduago, EAJk berea balitz bezala aurkeztu nahi izan digu EHBilduren aterpe proiektua, eta asteazkenenko agerraldia da horren lekuko».

Amaitzeko, bi urteren ondoren «pozten gara gure proposamena gauzatu nahi duelako, baina zergatik ez du aipatzen ideia horren lanketa aurretik datorrela eta udalera iritsi zirenean mahai gainean utzi geniela? Zergatik galdu ditugu bi urte aterpearen proiektu hori geldirik izan duten bitartean? Agerraldietan ere zintzotasuna eta gardentasuna zor zaizkio herritarrari. Bakoitzari berea», gaineratu dute asteazkenean egindako aurkezpenaren inguruan.

Fotos

Vídeos