Bihar emango zaio hasiera 46. Dinastia Etxabe txapelketari

Aurtengo Dinastia Etxabe txapelketako aurkezpena, Aitzuri pilotalekuan.
Aurtengo Dinastia Etxabe txapelketako aurkezpena, Aitzuri pilotalekuan. / SARA UTRERA

Aurten, astelehenetan eta ostiraletan jokatuko dira partidak

SARA UTRERAZUMAIA.

XLVI. Dinastia Etxabe Pilota Txapelketa bihar, astelehena, hasiko da. Aitzuri pilotalekuan jokatzen den bigarrengo ekitaldia izango da aurtengoa eta bertan, Gipuzkoako (19 pilotari), Bizkaiako (6), Arabako (1), Nafarroako (11) eta Errioxako (3) gazte-jubenil eta 23 urtez azpiko pilotariak hartuko dute parte, 40 guztira.

46. ekitaldia ostiral arratsaldean aurkeztu zen Aitzuri pilotalekuan, Udal eta pilota elkarteko ordezkariekin batera, ondorengo pilotari ohiak hartu zuten parte: Andres Iriondo, 1983, 1984 eta 1985ko Dinastia Etxabeko aurrelari txapelduna; Martin Alustiza eta Jose Antonio Aizpurua, 1979ko bikote txapelduna.

Zumaiako pilota elkarteko pilotari diren Oier Larrañaga oikiarra eta Gorka Aristi getariarra ere han izan ziren. Txiki txikitatik pilotan jolastu izan dute bi gazte hauek eta aurten jaialdian parte hartzeko aukera izango dute. «Aurtengo Dinastia Etxabeko txapelketan parte har-tzeko emandako aukera aprobetxatu nahi dut eta saiatuko nahiz baina zaila dago aurrera joatea bikote onak direlako gainontzeko denak», adierazi zuen Larrañagak. «Ahaleginduko naiz dudan guztia ematen», gaineratu zuen Aristik.

46. txapelketa aldaketa garran-tzitsu batekin dator: partidak astelehenetan eta ostiraletan jokatuko dira, 22:00etatik aurrera. Sarrerak sei euroan jarriko dira salgai, eta finala zortzi euroan. Bederatzi partidetarako bonoa erosteko aukera ere izango da, hau 30 euroan jarriko da salgai. Biharko jaialdian honako bikote hauek jokatuko dute: Egiguren-Bikuña, Garcia-Sanchezen aurka eta Riol-Olaizola, P.Etxeberria-Alduntzinen aurka. Denak 23 urtez azpikoak. Finalaurrekoak abuztuaren 14 eta 18an jokatuko dira eta finalak aldiz, abuztuaren 25ean.

Alustiza, Iriondo eta Aizpuruak garai bateko Dinastia Etxabe txapelketaz mintzatu ziren, anekdota desberdinak, irabazi zuteneko eguna eta hasiera batean jokatzen ziren modalitate desberdinak ekarri zuten burura, pala motza eta beterano mailen partidak, esaterako. «Dinastia Etxabe zen garai haietako txapelketarik garrantzitsuena Antiguokoarekin batera», goraipatu zuen Aizpuruak. Pilota beraren aldaketaz eta garai bateko eta gaur egungo pilotarien prestakuntza fisikoaz ere mintzatu ziren. «Ez genuen ezer berezirik egiten, pilotan jokatu bai, ahal zen guztietan eta ez frontoian bakarrik, horretarako prestatzen zen edozein leku eta momentuan», gogoratu zuen Iriondok.

«Pilotariak bere kabuz entrena-tzen ginen orduan enpresarekin ez genuen gaur egungo lotura edo harremanik», gaineratu zuen Alustizak, eta pilota kirol bezala gogorra dela azpimarratu zuen: «Pilota kirol norbanakoa da eta gogorra, sakrifizio handiak eskatzen dituena, bai pertsonalki eta inguruarekiko.

Ez eskuzko modalitatean bakarrik, begiratu besterik ez da egin behar pala, erremonte eta xisteraren beherakada. Kirol denetan bezala suertea ere behar da, gorputzak ere lagundu egin behar du. Nik ez dut arazo handirik izan, zorionez. Ez nuen bestela jokatzerik izango hainbeste partida (urtean 100etik gora). Asko zaintzen nituen eskuak, makina bat aldiz oheratua nahiz amak jarritako berbena belarrezko enplastoz boxeolariak bezala bi eskuak bendatuta».

Fotos

Vídeos