Arantxa Urretabizkaia irakurle taldearen saioan izango da gaur arratsaldean

Arantxa Urretabizkaia. / USOZ
Arantxa Urretabizkaia. / USOZ

'Irakurri matte' taldeak gonbitea egiten die herritarrei Hondarribiko Alardearen bihotza gertutik ezagutzeko

DV ZUMAIA.

Hilero bezala, 'Irakurri matte' irakurle taldea gaur arratsaldean elkartuko da eta gonbitea egiten die, gaurko saioan, herritarrei Hondarribiko Alardearen bihotza gertutik ezagutzeko.

«Gizonezkoen eta emakumezkoen berdintasunaren aldeko oihua inoiz baino ozenago entzuten ari garen une honetan, Hondarribiko Alardearen bihotza (historia, gorabeherak...) ezagutzeko aukera paregabea izango dugu gaur herrian», azaldu dute 'Irakurle matte' taldetik.

Arantxa Urretabizkaia (Egia, 1947), Hondarribiko Jaizkibel Konpainiako, konpainia mistoko, sortzaileetako bat izango da horretan bidelagun eta gidari.

'Bidean ikasia' liburua

'Bidean ikasia' izenburua duen liburuan 1996 ezkero Hondarribiko alardean bizi izandakoa kontatu eta hausnarketarako bidea eskaintzen du idazleak, gizonen eta emakumeen berdintasuna aldarri: historia, tradizioa, emakumea, gizona, berdintasuna, eskubidea, boterea, legea, tolerantzia, errespetua, demokrazia, gehiengoa, gutxiengoa, iraina, bortizkeria, beldurra, ausardia, armada, alardea, 'plastiko beltzak', 'tradizioari traizioa' etab. «Urretabizkaiak Alardearen inguruko lekukotasuna ekarri du, hamaika kontrobertsiaren ertzetan ibili ostean. Bide eta kale labainkorretan ibili da, ertz kamutsak zorroztu ditu, auziak zauri asko sorrarazi baitu. Izanik ere, Urretabizkaia hogeita sei emakume ai-tzindari horietako izan baita», azaldu dute Zumaiako irakurle taldetik.

Ateak zabalik

«Arantxa ez da egia absolutuaren jabe agertzen liburuan. Alardean emakumeek desfilatzeko edo ez desfilatzeko arrazoiak ulertu nahi izan ditu, eta arrazoi horietaz beste, Alardearen barru-barrutik sentitutakoak ekarri paperera. Ateak zabalik izango dituzue Arantxa Urretabizkaiaren bizipenak eta hausnarketa ezagutu eta partekatzeko», gaineratu dute. Hitzordua, gaur, 18:00etatik aurrera, izango da Alondegiko Arranpla gelan.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos