Agirremalloa-Etxeberria eta Zubizarreta-Irurita, finalistak

DV ZUMAIA.

Agirremalloa-Etxeberria eta Zubizarreta-Irurita dira Dinastia Etxabeko bigarren bikote finalistak. Hauek izan ziren ostiralean jokatutako jaialdiko emai-tzak: Iriarte-Balerdi 9/22 Agirremalloa-Etxeberria eta Alberdi-Garmendia 13/22 Zubizarreta-Irurita.

Lehen norgehiagokan 0-8, 4-8, 5-18, 7-18, 8-21 eta 9-22 garbi nagusitu zen Agirremalloa-Etxeberria bikotea, bakoitzak egindako lan onagatik baino aurkariak emandako erraztasunengatik. Josu Agirremalloak lau tanto egin zituen: zabalean botera moztutako pilota batekin bat, ezker airez txokoan utzita bi eta gantxoz zabaleratuz laugarrena. Galdutakoa bakarra. Ekain Etxeberriak berriz, bi pilota galdu zituen eta hiru egin.

«Suelto eta konfiantzarekin jokatuz finalerako garantia bat izan daiteke oiartzuar atzelaria», dio Jexux Iribar Olaldek. Galtzaileen aldetik, «nabarmentzekoa Manex Balerdik egindako partida kaskarra, atzelari batek behar duen ziurtasun minimorik erakutsi gabe pilota asko galdu zituen». Gorka Iriartek aukera gutxi izan zituen. «Nahiko hotz eta motel samar ere bai pilotari emateko garaian azpeitiarra», dio Olaldek. Bost tanto egin zituen.

Bigarren partidan, bi atzelarien artean, hasiera hasieratik tanto «luze eta gogorrak jokatuz nahiz tarteka aurrelariak ere laguntzera pasatzen ziren aurrealdean tantoa egiteko gustuko pilotarik aurkitu ezin eta». Orain arte ez bezala Iruritaren hasiera indartsu bati esker eta Zubizarretaren aurrekoadroetako eraginkortasunarekin aurreratu ziren gerriko urdindunak 0-4, 1-5 eta 2-6 jarri ziren markagailuan, «baina Garmendiak tipi-tapa bere lur sailak eskuratzen joan zen». 5-6 eta 6-7 tanto bakarrera hurreratu ziren garaian Alberdik berea zen pilota bat atzelariari utzi eta partida berdintzeko aukera galtzeaz gain, «bera ere partidatik atera zen pixka bat, geroxeago behar bada tantoa egiteko aukerarik onenetarikoan goitik behera boleaz txapa azpira nabarmen botatako pilota batekin bezalaxe».

Garmendiak orduan izan zuen bajualdi txiki batekin eta aurkarien akatsik gabeko jokoaren eraginez, markagailua 6-12 jarri zen. Garmendia, eta Alberdiren lagun-tzarekin 8-12 lau tantora hurreratu, hirugarren pilota bat atera eta «aurkarien jokoa hausteko ahaleginak egin bazituzten ere 9-16, 12-19 eta 13-22 garbi nagusituak azkenean Zubizarreta eta Irurita.

«Ofizioz eta broma gutxirekin pilotan nola jokatu behar den erakutsi zigun bikotea, partidatik inoiz atera gabe zintzo demonio lana eginaz, pilotarik galdu gabe edo gutxi behintzat, eta sortutako aukerak aprobetxatuz», azaldu du Olaldek.

Bi norgehiagoka hauen ondoren erabakita dago zein bikotek jokatuko duten aurtengo Dinastia Etxabe txapelketako finala, ostiralean, hilak 25, 22:00etatik aurrera. Gazte jubeniletan: Egiguren-Oliden/Agirremalloa-Etxeberria. Eta 23 urtez azpikoetan: Egiguren-Bikuña/Zubizarreta-Irurita.

Fotos

Vídeos