Diario Vasco

Pablo Ibarren aldeko zesta-punta jaialdia izango da larunbatean Aitzurin

  • Bere defentsarako dirua lortzea du helburu

Pilota elkarteak antolatuta, hilaren 7an, larunbatean, zesta-punta jaialdi berezia izango da Zumaiako Aitzuri pilotalekuan. Pablo Ibarren alde antolatutako txapelketa izango da. Izan ere, bere defentsarako dirua lortzea izango da ekitaldiaren helburu nagusia.

Arratsaldeko 17:00etan, mutikoen kinielekin emango zaio hasiera jaialdiari. Ondoren, lehenengo partida jokatuko da: Koxme eta Ekaitzek osatutako bikoteak, Telmo eta Urangaren aurka neurtuko da.

Bigarren norgehiagokan, edo partida estelarrean, Goikoetxeak eta Inzak, Egiguren eta Enbilek osatutako bikotearen aurka neurtuko dituzte indarrak. Beraz, Iñaki Osa Goikoetxea eta Gotzon Enbil zumaiarrak berriro elkarren aurka ikusteko aukera izango da Aitzurin.

Sarrerak jaialdia hasi baino ordu erdi lehenago erosi ahal izango dira lehiatilan 10 euroren truke. «Sarrerarekin batera, jaialdian egingo den pilotarien kamixeten zozketan parte hartzeko aukera izango dute bertaratzen direnek», azaldu du Gotzon Enbil puntistak.

Defentsa justu batengatik

Orain dela 16 urte, AEBko Justiziak heriotza zigorrarekin Ibar zigortu zuen, 1994ko ekainean, Florida estatuan hiru pertsona hiltzea leportatuta. Pasa den urtean, Floridako Gorenak ezarritako heriotza baliogabetu zuen baina epaileak ukatu egin zion behin behineko askatasuna. Ibarren defentsak aurkeztutako txostenak erruduntzat jotzen duen lekuko baten testigantza baliogabetu zuen eta irailean behin behineko askatasunaren ukapenaren aurkako helegitea aurkeztu zuten. Irailaren 19an baina, DNA azterketa berri bat aurkezteko nahia azaldu zuen akusazioak. Abenduan euskal jatorria duen preso estatubatuarraren kasuari buruzko Audientzia frogari berria ezarri zuten. Pablo Ibar 22 urte daramatza preso, eta horietako 18 epaitegietan.

'Pablo Ibar' Heriotza Zigorraren aurkako Elkarteak azaldu zuenez, 1,3 milioi dolar beharko dira Ibarren defentsa eraginkor bat izateko eta hilketa hirukoitzaren benetazko errudunak gaitzesten dituen epaiketa justu bat izateko. Azken urteetako lanari esker aurrekontu horren zati bat lortu dute eta falta dena lortzeko diru bilketa kanpainari ekin zioten (helburua 640.000 euro inguru biltzea da). Larunbatean ospatuko den jaialdiaren bitartez bilketarekin lagundu ahal izango da.

«Abokatuak ordaintzeko diru asko behar dute oraindik eta larunbatean lortuko den diru kopurua Pablo Ibarren familiari emango zaio, defentsarako behar duten dirua lortzen laguntzeko», gaineratu du Enbilek.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate