Zestoako argiteria esku pribatuetan utziko du Udalak 10 urteetan

Udal langileen izenean Arzallusek irakurri zuen hauen mozioa. / K.A.

135.000 euro ordainduko ditu urtero Zestoako argiteria led formatura aldatu eta mantentze zerbitzugatik

K. ARRIZABALAGA ZESTOA.

Udalak Zestoako argiteria esku pribatuetan uztea erabaki zuen atzo burutu zen udalbatzan, Oposizioa eta udal langileen aurkako iritziarekin. Argiteria led formatura pasa nahi da, kontsumoa jaitsi eta hau eguneratu edo modernizatzeko, honetan alde guztiak ados azaldu zirelarik, baina asmo hau aurrera eramateko orduan edo eran agertu ziren desadostasun nagusienak.

Udalaren ustez «egun herriko brigadan ditugun baliabideak ez dira nahikoak horrelako lan bat egiteko» eta honen ustez «hau da erabaki onena»; Mendizabalen esanetan «egunen batean udalak enpresa pribatuarekin harremanak eten nahi izanez gero hau egiteko ahalmena izango luke». Hau ordea gezurtatu egin zuen oposizioak, eten ahal izateko aukera gutxi ikusi baitituzte onartu ziren pliegoetan, udalaren aldetik inongo erreplikarik jaso gabe.

Oposizioak eta udal langileek bere osotasunean bi eskaera egin zizkioten udalari: batetik, Zestoako argiteriaren inguruan esku artean dituen txosten, azterketa eta informazioa eguneratzea eta datu zehatzak eskuratzea horrelako erabaki serio bat hartu aurretik, hauen ustez datu fidagarririk gabe -luminarien benetako prezioak, lanaren kostua...- hartu baita erabaki hau; eta bestetik, bertako udal langile eta teknikariei azterketa hau egiteko epe bat utzi diezaiela, datu ekonomikoak eta kostuak konparatu ahal izateko, eta denek batera adostutako erabaki bat hartu ahal izateko, herritarrentzat onena izango dena.

Udal langileek egin dezaketen lana dela hau baieztatu zuten alde guztiek, orain artean horrela egin baita, baina hala ere udalak lan hau eta argiteria esku pribatuetara pasatzeko akordioa hartu zuen, bertan zeuden langile, oposizio eta herritar askoren haserre giroan, EAJ/PNV-ko bozkei esker. Bertan zeuden herritar eta udal langileen ustez «datu gehiegi falta dira, galdera asko eta erantzun gutxi izan dira, eta horrelako erabaki bat hartzeko akordio zabal bat egon beharko luke, jakinda gainera hurrengo bi legislatura baldintzatuko dituela gai honek». Horrela, oposizio, udal langile eta herritarren aldetik galdera eta zalantza asko, udalaren aldetik erantzun zehatz gutxi, eta 10 urteetan zehar urtero 135.000 euro ordainduz, Zestoako argiteria esku pribatuetara pasatzeko erabakia gauzatu zen asteazkenean burutu zen udalbatzan.

Gurutze gorrikoak plazan

Gaur, 10:30ak eta 13:30ak bitartean, Gurutze Gorriko karpa bat izango da herriko plazan, «Uda honetan zaindu zure burua» kanpainaren baitan. Bertan, sentsibilizazio kanpaina garatu eta aisialdiarekin, urarekin eta eguzkiarekin lotura izango duten mezuak zabalduko dituzte, istripuak saihesteko asmoz.

Fotos

Vídeos